Gerturatu dira sanmartinak

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 9a, 11:58

Amasan gaur lehertuko da festa eta igandera arte herriko festak ospatuko dituzte; Alkizan hiru eguneko egitaraua prestatu dute, eta Amezketan eguna bera aprobetxatuko dute.

Ate joka datoz San Martin jaiak eta herri bat baino gehiagotan zabalduko dizkiete ateak eskualdean. Gaur lehertuko da txupinazoa, esaterako, Amasan. Herriko jaiak ospatuko dituzte igandera bitartean. Eta Alkizan eta Amezketan, herriko festa nagusiak ez badira ere, sanmartinak ospatzeko tartea hartuko dute.

Martina sorgina festarako prest dute Amasan. Kanpandorretik jaitsi eta festari hasiera emango dio, gaur, 19:00etan. Bizilagunek prestatutako egitaraua adin tarte guztientzako begirakoa dela zehaztu du Amasa-Villabonako Udalak. Igande iluntzean Martin agurtu arte, beraz, badute zertaz gozatua herrian.

Alkizan, ostiraletik igandera, hiru egunez ospatuko dituzte sanmartinak. Haur, gazte eta helduentzat, denentzat izango da festarako aukera.

Baita Amezketan ere

Amezketan ere urtero ospatu ohi dituzte sanmartinak, izen bereko ermita dutelako. Ostiralean bertan izango dute festa eta erretirodunen eguna ospatuko dute.

San Martin ermitan meza entzun ostean, bazkaltzera joango dira Txindoki jatetxera. 60 urtetik gorako amezketarrentzat antolatu dute. Bazkalostean bertsolariak eta trikitilariak arituko dira, mahai buelta girotzen. Horrez gain, haurrentzat merienda eta gaztainak jatea egingo dituzte arratsaldean.

Artisauen erakusketa eta azoka

Igandean erakuskArt azoka egingo dute Amasan, Aranzabi jatetxea zenaren atarian, 10:00etatik 14:00etara. Artisau eta artisten erakusketa izango da eta 10 postu inguru jarriko dituzte.

Aurreko eguberrietan Rotetan denda zabaldu zuten eta Santiotan EtxeondoFest antolatu zuten Amasa-Villabonako artisauek antolatu dute ekimen berri hau ere. Herriko gune «enblematikoak» berreskuratu nahi dituzte eta bizi berri bat eman nahi diete txoko horiei. Toki horien artean dago Amasako Aranzabi jatetxearen ingurua. Leku hori baliatuko dute igande goizean erakusketa jarri eta azoka egiteko.

Artisau eta artisten artean honakoek hartuko dute parte, besteak beste: Kimuri, Sualma, Uxue Ameztoy, Mari Jose Labourdique, Murillo Alonso, Amesgile argitaletxea...

Azoka xumea izango dela aurreikusi dute, goiz pasa egiteko aproposa. Eguraldi txarra egingo balu Amasako frontoian egingo dute azoka.

Egitarauak

AMASA

  • Azaroak 9, asteazkena
    • 17:30. Umeentzako ipuin kontalaria, Haizea Loiraren eskutik.
    • 19:00. Txupinazoa eta Martina sorginaren jaitsiera, Txasko eta Debalde trikitilariek alaiturik.
    • Ondoren. Buruhandiak.
  • Azaroak 10, osteguna, Oilasko Jokua
    • 06:00. Gazteen gosaria Amasa kafetegian, trikitilariek alaiturik.
    • 14:30. Gazteen bazkaria, Uxo-Toki elkartean.
    • 17:00. Soka dantza eta aurreskua plazan.
    • 21:00. Gazteen afaria, Iturri-Goxo jatetxean.
  • Azaroak 11, ostirala, San Martin eguna
    • 10:30. Meza santua.
    • 12:30. Aizkolariak, Axel Larrañaga eta Unai Zabala, trikitilariek alaiturik.
    • 17:00-19:00. Puzgarriak frontoian.
    • Ondoren. Txokolate beroa.
    • 19:30. Amasako XXX. Bakailu Lehiaketa, Iturri-Goxon.
    • 23:30. Dantzaldia, Laket taldearen eskutik.
  • Azaroak 12, larunbata
    • 11:00. Ume krosa, 6. mailara arteko umeentzat.
    • 12:00. Amasako II. traktore tiraketa, herriko gazteen eskutik.
    • 14:00. Herri bazkaria.
    • 18:30. Bertso saioa, elizan. Bertsolariak, Alaia Martin, Jexux Mari Irazu, Beñat Iguaran eta Oihana Iguaran. Gai jartzailea Imanol Artola Felix.
    • 23:30. Dantzaldia Laiotz taldearen eskutik.
  • Azaroak 13, igandea
    • 10:00. Aranzabi erakusArt azoka.
    • 18:00. Herri kirolak, Amasako herritarren artean.
    • Ondoren. Martina sorginari agurra.

ALKIZA

  • Azaroak 11, ostirala
    • 17:00. Txotxongilo emanaldia Alaia Galtzagorriren eskutik, Salto gelan.
    • Ondoren. Txokolate jatea Guraso Elkartearen eskutik.
    • 20:00. Tortilla patata lehiaketa frontoian, Guraso Elkarteak antolatuta.
    • 22:30. Mus txapelketa.
  • Azaroak 12, larunbata
    • 10:00. Altxor bilaketa plazan, herriko gazteen eskutik, 6 urtetik gorakoentzat.
    • 11:30. Tela eta slackline tailerra, Oreka Tolosak eskainia.
    • 18:00. Lau eta erdiko pilota finala.
    • 21:00. Herri afaria ostatuan (25 euro).
    • Ondoren. DJ Kixkur.
  • Azaroak 13, igandea
    • 12:00. Tolosaldeko Ahots Gazteak + gonbidatu berezia, elizan.
    • 17:00. Eskoba txapelketa.

AMEZKETA

  • Azaroak 11, ostirala, San Martin eguna
    • 11:00. Meza San Martin ermitan.
    • 14:00. Erretirodunen bazkaria Txindoki jatetxean bertsolari eta trikitilariek alaituta.
    • 16:00-16:30. Haurrentzat merienda goiko eskoletan, guraso elkartearen eskutik.
    • 21:00. Gaztaina jatea Zazpitturri elkartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!