Duela urtebete plazaratu zuen GenEroa kale ikuskizuna Kimua dantza kolektiboak. Generoa ardatz hartuta sortutako dantza emanaldia da, gai horren inguruko hausnarketak bultzatzeko asmoz. Orain, proiektu hori moldatuta eta antzokirako prestatuta, bigarren obra bat estreinatu du kolektiboak, urri amaieran: GenErorAntz.
Obra berrian sakontze lan bat egin dutela azaldu du Garazi Egiguren Kimua dantza kolektiboko kideak: «Antzokiak dituen bitartekoak eta baliabideak aprobetxatuta, detaileetara jaitsi, eta gaiak jorratzeko sakontasuna aurkitu nahi izan dugu». Izan ere, buruan zerabilten antzokirako proposamen bat garatzearena. «Kalean ibili garenetan ikus-entzule askok galdetu digu ea antzokira pasatzeko aukerarik izango al genuen». GenEroa plazaz plaza eskaintzen ari ziren bitartean bigarren obra lantzen joateko denbora hartu dute dantzariek, «modu paraleloan». Azken urtean prestatzen aritu ostean, urriaren 21ean ikusi zuen argia lan berriak, Beasaingo Usurbe antzokian.
Moldaketa bat izanagatik, ikuslea «zerbait ezberdina» ikusten ari dela berehala konturatuko dela dio dantzari tolosarrak: «Generoaren gaiarekin konektatuko du, baina segituan nabarituko du aurreko ikuskizunetik ezberdina dela, bai koreografia aldetik, bai estruktura aldetik, baita istorioak josteko interpretazio aldetik ere».
Garazi Egiguren: «Normaltzat edo naturaltzat ditugun egoerei beste buelta bat eman nahi diegu»
Gai bera lantzen dute bigarren lanean ere: generoa. «Tamalez, urtebete honetan ez dugu aurrerapen askorik bizitu gai hauei dagokienez, beraz, orain ere taularatuko ditugun gaiak guztiok egunerokotasunean bizi edo ikusi ditugunak, edo biziko ditugunak dira». Esan duenez, dantzariei barrenak mugitu izan zaizkie eta oraindik ere mugitzen zaizkie gai horiek plazaratzerako garaian: «Gu geu kontraesanez beteta gaudela konturatu gara; askotan, teoriak oso barneratuta ditugu, baina, gero, bizipen eta ekintzetan bestelako kontuak izaten dira». Kontzientzia areagotzeko eta alerta hori piztuta mantentzeko, zein gaiaren konplexutasunaren aurrean umiltasunarekin jokatzeko lagungarri izaten ari zaio proiektua Egigureni.
«Gure hasierako erronka ikuslea hausnartzera bideratzea izan da, eta normaltzat edo naturaltzat ditugun egoera askori beste buelta bat ematea». Argi daukate ez daudela inongo leziorik emateko moduan, «ez dugu erori nahi diskurtso populista batean». Sentsazioetatik, transmisiotik, bizitako gauzetatik kontzientzia piztu eta elkarrizketak mahai gainean jarri nahi dituzte, konbertsazio sakonei bide emanez. Eta bide horretan, orain arte GenEroa kale ikuskizunarekin jaso duten erantzunarekin eskertuta daudela kontatu du: «Ikusleek hausnarketa eta sentsazio intimoak elkarbanatu dituzte gurekin, eta horrek maila pertsonalean izugarri elikatu gaitu. Gustatuko litzaiguke lan berriarekin ere horrela jarraitzea eta esperientzia eta gogoetak elkarbanatu ahal izatea».
Kaletik antzokira
Herriz herri, plazaz plaza ibili dira orain arte kale ikuskizunarekin, eta orain antzokietara sartu dira, antzoki batek eskaintzen duen intimitatea baliatzera: «Duela bi urte bizitzen hasi ginen pandemiaren zurrunbilo horretan ikusten genuen kaleak izan behar zuela irtenbidea, baina orain gauzak normaldu diren honetan, antzokietara sartu nahi izan dugu, patxadaz eta eserlekuek ematen duten erosotasun eta intimitate horretatik aritu nahi dugu».
Kalean esaten ez direnak eta ikusten ez direnak antzokian beste sakontasun bat hartzen dutela dio tolosarrak. Argiztapenak, fokuek, ahotsak, musikak, beste dimentsio bat hartzen du antzoki batean. Hala ikusten dute Kimua dantza kolektibokoek, baina «bertigo puntu bat» ere eman die seriotasun horrek: «Kalean, ez dago fokurik eta ikus entzulearen begirada eta atentzioa galduago egon daitezke, baina orain ikuskerak nahiko definituta daude, eta horrek urduritasun estra bat ematen digu». Antzokian aritzean, fokuak tarteko, ez dute publikoa aurrez aurre ikusteko aukerarik, eta presentzia hori «misteriotsuagoa eta zorrotzagoa» izan daitekeela dio batzuetan.
Bide beretik desberdin
Aurreko lanaren bidetik, baina berritasunekin iritsi da GenErorAntz ikuskizuna. Egigurenek esan du eszenografia zein koreografia berriak lantzen aritu direla apropos, lan berrirako. «Berriro ere gorputzek, mugimenduek eta hizkuntzak berak, testu, olerki eta bertsoek presentzia izango dute, baina egitura aldetik lanketa ezberdin bat proposatu dugu: interpretaziorako Kepa Errastirekin lanean jarduteko zortea eta aukera izan dugu, eta horrela, transmisioari eta bizipenei leku gehiago eman ahal izan diegu».
Garazi Egiguren: «Antzokiak dituen baliabideak aprobetxatuta, detaileetara jaitsi nahi izan dugu»
Koreografia berriak sortu dituzte, musika berriekin batera. Orain arteko mugimenduei tiraka, euskal dantza tradizionala izango dute oinarrian, eta diziplina garaikidetik eta beste diziplinetatik datozen ukituak fusionatu dituzte, transmisio eta interpretazio hori erronka modura hartuta. «Badaude kalean erabili eta orain egokitu ditugun koreografia batzuk, baina berriak ere ikusi ahalko dira. Izan ere, kalean planteatu izan ditugun gai eta azpigaiak ekarri ditugu, baina arnas pixka bat gehiago utzi diegu eta konbinazioak, eszenografiak, argiek eta arropek zeresan handiagoa dute orain».
Dantzaz gain, hitzetik, bertsotik edota olerkitik ere badu ikuskizunak. Mugimenduen bidezkoa hitzez adierazten saiatzen da Ekaitz Goikoetxea, bigarren lan honetan ere. Bere hitz eta testuek «josiko dute» ikus entzunezkoa, dantzarien «bidelaguna» izango baita oraingoan ere.
Proiektu berri honetan hasi aurretik, «zerbait sinpleagoa» irudikatzen zuten dantzariek, baina ari eta ari, «gauza asko desikasi eta desegituratu» behar izan dituzte, zerbait berria sortzeko: «Hasieran oso barneratuta geneuzkan lotura batzuk utzi edo askatu behar izan ditugu, beste bide posible batzuetatik ekiteko proposamen honi, eta kosta zaigu eginda geneukan hori uztea».
Mimo handiz prestatu dutena, jendearengana mimoz iristea espero dute orain: «Bihotzetik egiten duguna bihotzetara iristea nahi dugu». Aurrera begira agenda betetzen hasiak dira, lotuta dituzte zenbait emanaldi: Sopelan izango dira azaroaren 19an, eta Azpeitian abenduaren 23an.
GENERORANTZ
- Zuzendaritza artistikoa: Kepa Errasti Gorroño.
- Testua: Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena
- Koreografiak: Kimua dantza kolektiboa eta Eneko Balerdi Eizmendi.
- Dantzariak: Ander Errasti Arruti, Eneko Galdoz Etxaniz, Garazi Egiguren Urkola, Itziar Uzkudun Sarasola, Izarraitz Larreta Segurola, Jon Alkain Urdangarin, Larraitz Balerdi Guerrero, Oier Laborde Etxabe eta Uxue Urruzola Rezabal.
- Kartela: Jon Ander Artola Oyarzabal eta Ione Iriarte Arruabarrena.
- Promozio bideoa: Aitor Arruti Agirreurreta.
- Kanpo begirada: Axier Iriarte Arruabarrena eta Kristina Ropero.
- Iturriak eta laguntzaileak: Kimua Group, Josebe Iturrioz Lopez eta Agurtza Zubero Agirregomezkorta.
- Eskerrak (musika): Aitor Etxebarria, Oreka TX, We Are Standard, Kherau, Huntza, Neomak, Alos Quartet & Amaia Elizaran eta Apollo Chamber Players.