Pako Etxeberria, Eneko Agirre eta Uxue Lasa ezkutatu ezin daitekeen errealitateaz ariko dira hizketan

Ataria 2022ko aza. 10a, 10:59

'Kobazuloak eta zaborra' dokumental laburra azaroaren 15ean eskainiko dute Tolosako Leidorren, 19:30ean. Ondoren, mahai inguru irekia egongo da. Sarrera doakoa da eta eskualdeko herritarrak bertara gonbidatuta daude.

Bidaniko errekatxo bateko urak Alkizan ateratzen dira, 10 egun lur azpitik ibili ondoren. Gazteluko leize batean, zaborra dago nonahi. Hernialdeko kobazulo batean pistolen ehunka bala-zorro daude. Tolosa gainaldean ikusteak ere lotsa ematen duen lur azpiko zabortegia; euria egitean erreka bilakatzen dena. Ur horiek nora doaz? Nork erabiltzen du ur hori herrigunean? Edateko erabiltzen al da?

Galdera hauei eta gehiagori erantzuna ematen saiatuko dira hurrengo asteartean Pako Etxeberria Aranzadiko kidea, Eneko Agirre biologoa eta Uxue Lasa espeleologoa, Martin Mantxo ekologistaren gidaritzapean. Mahai ingurua irekia izango da.

Aurrez, Oargi espeleologia taldeak 'Tolosaldeko Ataria'ren laguntzaz egin duen dokumental laburra jarriko dute; goran aipatu adibideak erakusten dituena. «Hau ez da eskualde honen arazoa, Gipuzkoa eta Euskal Herri osoan baitaude horrelako adibideak» dio Pako Etxeberriak dokumentalean. Azaroaren 15ean, ordea, eskualdeko adibide batzuk ikusteko aukera egongo da. Irtenbidea ere planteatzen da, Alkizako Udalak egin zuena adibide hartuta.

Azaroak 15, Leidorren 19:30ean

Oargiko espeleologia taldeak Atariaren eta Tolosako Udalaren laguntzarekin antolatu duen ekimenean, hizlariez gain, beste hainbat gonbidatu egongo dira. Izan ere, eskualdeko eta Gipuzkoako hainbat erakundetako ordezkariak ere bertan egotea espero da. Tolosaldeko herritarrak ere gonbidatu dituzte antolatzaileek, «ezkutatu ezin daitekeen errealitateaz elkarrekin hausnartzera, eta irtenbidea bilatzera». Hitz egiteko ardura nagusia Pako Etxeberriak, Eneko Agirrek, Uxue Lasak eta Martin Mantxok izango badute ere, denen ekarpenak entzuteko aukera egongo da asteartean, Leidorren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!