Tolosaldeko ospitale publikoa

Sagarduik esan du ospitaleko Plan Funtzionala bukatu dutela

Rebeka Calvo Gonzalez 2022ko azaroaren 8a

Argazkia: Irekia

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak datorren urterako aurrekontua aurkeztu zuen pasa den ostegunean, eta bertan Tolosaldeko ospitale publiko berria izan zuen hizketagai.

Plan Funtzionala bukatu dutela esan zuen, baina aurrekontuan ez da ospitaleari buruzko diru kopururik ageri. «Osasun azpiegituretarako lanetan horien berrikuntza, egokitzapena edota eraikitzea aurreikusten da, baina lan horiek fase desberdinak izango dituzte, ez da urte batean egiten den zerbait, lehenengo ondo pentsatu behar da zer egin eta gero hori nola egin», esan zuen. Aipatu moduan Plan Funtzionala itxi berri dutela argitu zuen, «ospitalea nolakoa izango den biltzen du plan horrek, baina bistan denez, ez du kopururik aurrekontuan, baina izango du. Lehen zatia egin dugu eta ondoren, eraikuntza-proiektuaren lizitazioa idatzi beharko da. Ondorioz, obraren lizitazioa banatuko da eta horrek eramango gaitu eraikuntza-proiektura. Hiruzpalau urte eramango digu horrek, eta fase desberdinak izango ditu, eta izango ditu diru partidak».

Gotzone Sagarduik alderdietako ordezkarien galderak erantzun zituen, tartean EH Bilduko Rebeka Uberarenak. Uberak Asuncion Klinikarekin zein asmo duten galdetu zuen, izan ere, aurrekontuan ospitaleetako oheen inguruko zerrenda ageri da, baina Tolosaldeko ESIari dagokionez ez da oherik ageri. Horrek Tolosaldeko ospitaleratzeak Donostialdean egingo direla esan nahi ote duen galdetu zuen. «Kontzertazioetan begiratu behar da, hor dago dagokion aurrekontua», erantzun zion Sagarduik.

Sagardui, ospitale berriaren kokalekuan izan zen iazko ekainean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!