Bidesariak kamioientzat izango direla esan du aldundiak

Ataria 2022ko aza. 4a, 15:38

'Free flow' teknologia erabiliko dute bidesaria kobratzeko. Irudia: Bidegi

N-1 eta A-15 errepideetan jarritako arkuen bidez kobratuko den peajea kamioientzat izango da. Bidegik Free Flow teknologia erabiliko du bi errepideetako irteera-sarrera guztietan.  

Datorren urtarrilean N-1 errepidean eta A-15 autobidean martxan jarriko den bidesaria soilik kamioientzat izango dela esan du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bidesaria arautzeko Free flow teknologian oinarritutako AT sistema erabiliko du Bidegik, hau da, ibilgailuak gelditu gabe kobratzea ahalbidetzen duen sistema. Arkuek kezka sortu dute herritaren artean eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar bidez jakinarazi nahi izan du bi errepide horietan urtarrilean abian jarriko den kanona ibilgailu astunentzat izango dela. Ondorioz, 3,5 tonatik gorako kamioiek bakarrik ordaindu beharko dute bidesaria.

N-1 errepidean Tolosa, Andoain, Astigarraga, Ordizia eta Lasarte-Orian jarri dituzte arkupe nagusiak, eta A-15 autobidean Belabietan, eta bi errepideetako irteera-sarrera guztietan zehar 109 arku erdi edo banderola jarriko dituzte. Arkupeek ia 30 metro luzeko egitura eta guztira 16 tonatik gorako pisua dute. Horietako bakoitzak matrikulak irakurtzeko eta ibilgailuaren jarraipena egiteko argi infragorridun 12 kamera izango ditu, 6 noranzko bakoitzean, eta 12 antena, TAG gailuak irakurtzeko eta ibilgailuak kokatzeko, 6 noranzko bakoitzean. Era berean, 6 detektagailu izango dituzte ibilgailuak bolumenaren arabera sailkatzeko; horrelako 3 egongo dira noranzko bakoitzean.

Arkupeen egiturari esker, irakurketa ekipo guztiak mantendu ahal izango direla esan du aldundiak, trafikoari eragin gabe. Horretarako, alboetatik sartzeko sistema bat, tranpol eraisgarriak eta gailuetarako jasotze garabiak erabiliko dira. Beso bakarreko 109 arkuek TAG gailuetarako irakurgailu bat izango dute. Arkupe horietatik 20k A-15 autobideko udalerrien loturak, sarrerak eta irteerak kontrolatuko dituzte, eta beste 89k N-1 errepidearen trazatuan daudenen sarrerak eta irteerak. Arkupeak eta beso bakarreko arkuak 32 lekutan jarriko dituzte Gipuzkoan N-1 eta A-15 errepideetan zehar. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!