Adrian Arellanok Worldskills2022 txapelketan parte hartu du, Hego Korean

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 3a, 11:48

Mundu mailako ikaslerik onenak biltzen dituen Worldskills txapelketan parte hartu du Tolosaldea LHII-ko ikasle ohiak.

Tolosaldea Lanbide Heziketan bi ziklo ikasitakoa da Arellano andoaindarra: Mikroinformatika sistemak eta sareen erdi-mailakoa, lehenik, eta Sareko Informatika Sistemen Administrazioko goi-mailakoa ondoren. Iazko ikasturtean, bigarren ziklo hau amaitzear zela, lortu zuen txapelketan parte hartzeko txartela, 2021ko urrian Irungo Ficoban ospatutako Euskoskills2021 eta aurtengo martxoan Madrilgo IFEMAn izandako SpainSkills2022 txapelketak irabazita.

Informatika alorreko mundu mailako txapelketa Hego Koreako Goyang hirian jokatu da urrian, zortzi modalitate edo skills delakoetan banatuta: hala nola, zibersegurtasuna, web garapena, App garapena edota 3D jokoetako artea.

‘Sareko Sistemen Administrazioa’ mailan parte hartu du ikasle euskaldunak, eta 22 herrialdetako beste horrenbeste gaztek osatu dute parte hartzaileen zerrenda.

Lau erronka osatu behar izan dituzte: lehena, Windows eta Linux sare heterogeneoetan bezeroak eta zerbitzariak konfiguratzea izan zen; hurrengoan, Cisco gailuekin sare konplexuen konfigurazioa landu zuten; Ansible erabiliz konfigurazio automatizatuak programatzea izan zen hirugarren erronka; eta, amaitzeko, bizitza errealean sareko sistemetan suertatu ahal diren arazoak bilatu eta zuzendu behar izan zituzten.

Betebehar horietako bakoitzean lortutako puntuak batu ostean, Wonyeong Park korearra izan da garaile, 748 puntu eskuratuta. Andoaindarra 16. postuan sailkatu da, 687 punturekin, bikaintasunaren garaikurretatik oso hurbil.

Bizitako esperientziarekin pozik itzuli da Arellano: «Oso aberasgarria izan da, asko ikasteko aukera izan dut». Txapelketa bat baino gehiago ere badela nabarmendu du: «Antzeko interes eta zaletasunak dituen jendea ezagutzeko aukera izan dut, elkar-trukerako aukera izan da».

Hego Korean ez da bakarrik izan: Tolosaldea LHII-ko irakasle Mikel Mendibe eta Euskoskills txapelketako modalitate honetako arduradun Ander Guerra ere izan ditu bidelagun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!