ELKARRIZKETA

«Irakurketarako ohitura ereiten laguntzen dute irakurle taldeek»

Jon Miranda Labaien 2022ko aza. 3a, 08:17

Alaine Agirre Garmendiak Anoetako irakurketa feministen taldea dinamizatzeko ardura hartu du eta Irurako irakurle taldean ere ari da langintza berean; norberaren irakurketak osatzen laguntzen du talde hauetan parte hartzeak.

Literaturaz hizketan erraz endredatzen dela dio Alaine Agirre Garmendiak (Bermeo, 1990) eta euren bizipenetatik aritzera bultzatzen ditu irakurle taldeetako parte hartzaileak, besteak beste, Iruran eta Anoetan.

Nondik nora jaso duzu Iruran irakurle taldea dinamizatzeko ardura?

Itsaslore Yarza aspalditik dabil lan eder bat egiten, ingurukoak motibatzen. Teknikariek ere egin dute lana eta ardura esango nuke ez dela nirea bakarrik, partekatua baizik. Niri taldea dinamizatzea dagokit. Iaz Karena nire eleberria aztertu zuten taldean eta gonbidatu egin ninduten idazle gisa parte hartzera. Orduko hartan amua bota nien, beste herrietan aritzen nintzela taldeak dinamizatzen eta behar bazuten ni prest nengokeela lan hori egiteko. Nik amua bota eta kosk egin diote, beraz, oso pozik nago.

Zein esperientzia izan duzu orain arte irakurle taldeekin?

Urteak daramatzat literaturaren inguruko saioak egiten, batez ere lehen eta bigarren hezkuntzan. Irakurle talde askotara joan izan naiz idazle gonbidatu gisa nire liburuen inguruan hitz egitera. Bermeoko irakurle taldea ere eraman nuen urtebetez eta iaz hasi nintzen irakurle taldeen dinamizazioa modu intentsiboagoan egiten. Iaz Antzuolan taldea sortu genuen; Ormaiztegin liburuzain saltsera bat badute, haren eskutik gazteentzako irakurle talde bat sortu genuen eta esperientzia ederra izaten ari da; Lasarten egingo dugu gazteentzako beste taldetxo bat sortzeko ahalegina eta Hernanin eta Anoetan irakurketa feministen taldeak ere dinamizatzen ditut.

Zein da sekretua irakurle talde bat dinamizatzeko?

Sekreturik ez dago. Bakoitzak du talde bat dinamizatzeko bere modua. Literatura nola ikusten duen, jendeari nola begiratzen dion, literatura eta jendearen arteko zubia nola eraiki nahi duen, horren arabera dago askotan. Konturatu naiz irakurle taldeen espazioa eta denbora tarte hau plazerezkoa behar duela izan. Ez hori bakarrik, barruarekin, besteekin eta liburuekin konektatzeko toki bat izan behar du irakurketa taldeak.

Zein helburu bilatzen dituzu gisa honetako taldeetan?

Ez dut bilatzen literaturaren teoria egitea. Konturatzen naiz literaturak baduela halako aura moduko bat, exijentziarena. Irakurleek uste dute zerbait intelektuala esan behar dutela eta askotan ez dira ezer esatera ausartzen. Lehenengo egunetik esaten diet ni ez noala hortik. Ez dugula zertan liburu bat aditu bat bezala aztertu behar. Esaten diet literatura sentitu egin behar dugula. Badirudi gauza erraza dela, baina ikus-entzunezkoek horrenbeste botere duten garai honetan ez da erraza irakurtzeko patxada hartzea. Liburua zabaldu, isiltasunean egon, pentsamenduak itzaltzen saiatu eta istorio horretan sartzeak eskatzen du jarrera bat.

Irakurle taldeek irakurtzeko ohitura hori indartzen laguntzen dute?

Bai. Irakurketarako ohitura hori ereiten laguntzen dute. Motibazioa asko hazten da. Gozamena da. Gainera, liburu bat behin idazten du idazleak eta irakurleak berridatzi egiten du irakurketa bakoitzarekin. Oso ederra da ikustea bakoitzak liburu horren zein irakurketa egiten duen. Literatura testu bat, ez da kazetaritza testu bat edo testu zientifiko bat. Tarte handia ematen du literaturak interpretaziorako. Polita da ikustea irakurle bakoitzak testu literario hori nola bizi izan duen, nola sentitu duen, zer eragin dion... Irakurketa guzti horiek elkarrekin, halako katedral handi bat sortzen dute. Denon artean beste irakurketa bat eraikitzen da saioaren bukaeran eta patrikan etxera daramagun irakurketa osatuagoa da. Ikusten dut jendeak horrela bizi duela eta niretzat hori magikoa da.

Zuri idazle gisa gertatu zaizu horrelakorik?

Bai, erabat. Nik idazten dudanean oso modu intuitiboan idazten dut. Ez dut esan nahi pentsatzen ez dudanik, baina ez naiz jabetzen egiten ditudan gauza asko aztertu daitezkeela gerora. Nahiz eta nik nire arrazionalitatetik ulertu nahi izan idatzi dudana, beste batek beste modura irakurriko du eta konturatuko da ni jabetu ez naizen mekanismo batez, engranaje batez, detaile batez... arraroa egiten da baina oso aberasgarria da.

Liburu baten irakurketa oso diferenteak atera daitezke bi irakurle talde ezberdinetan?

Bai, noski. Irakurle talde batean liburu bat modu batera hartzen da eta beste batean beste modu batera. Saio bakoitzetik titular ezberdin bat atera genezake.

Zein jende klase gerturatzen da irakurle taldeetara?

Gehiengoa 50 urteren bueltakoa izaten da, batez ere emakumea. Oso deigarria da hori, emakumeak gehiago gara hitzaldietan, antzerkietan edota musika klasikoko kontzertuetan eta baita irakurle taldeetan ere. Irakasleak ere asko gerturatzen dira eta gero gazteren bat edo beste ere bai.

Irakurketa feministen taldeak ere koordinatzen dituzu.

Bai. Aurreko batean Anoetako irakurketa feministen taldean parte hartu zuen emakume batek esan zidan: 'hau da niretzako momentua'. Ezin ederragoa da kontzeptu hori, irakurketa taldeko une hori norberari oparitzeko momentu bat izatea. Zaintza bat, alegia. Horregatik iruditzen zait garrantzitsua taldekideen martxaren arabera moldatzea dinamika. Aztertzeko lehen, eta asko jota, bigarren liburua proposatu dezaket, baina hortik aurrera taldeko kideen interesen arabera erabakitzen ditugu hurrengoak. Anoetan, Miren Agur Meaberen Hezurren erretura proposatu nien bigarren saiorako.

Genero guztietako liburuak dira aztertzen dituzuenak?

Nik nahi izaten dut genero aniztasuna sartu. Kontziente naiz, ordea, poesia sartzea ez dela erraza. Apurka joango gara ikusten. Zentzumenak oso adi edukitzen ditut eta irakurleei zein liburu gustatzen zaien galdetzen diet; horrek pista batzuk ematen dizkit.

Zein gomendio luzatzen diezu parte hartzaileei?

Beti esaten diet nahikoa presio dugula guztiok lanean eta gure eguneroko bizitzan. Ez dut irakurketa taldea hortik bizitzea nahi. Literaturak duen magia handienetako bat da konektatu egiten gaituela bizi izan ez ditugun gauzekin edo bizi izan ditugun gauza batzuekin, baina hitzak jartzen jakin ez ditugun horiekin. Beste dimentsio bat da literatura. Oso azalean bizi gara egunerokotasunean, eta arteak ur azaletik barrurantz eramateko aukera ematen digu. Ederra da.

Ikasteko bide ere ematen du horrelako talde batek?

Bai. Norberak ikasten du gehien ondo sentitzen denean eta egiten duen horrekin konektatuta sentitzen denean. Ni saiatzen naiz literatur gako batzuk ematen eta oso gustura jasotzen dituzte, baina literatura ez da hor bukatzen, oso lotuta dago bizipenekin. Eta sumatzen dut jendeak baduela beharra bizipen horien inguruan hitz egiteko. Elkarrizketa ederra izaten da eta bukatu ezinik egoten gara askotan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!