ELKARRIZKETA

«Jendeak herrian saltzen duzun zenbakia erosi nahi izaten du»

Imanol Garcia Landa 2022ko aza. 4a, 07:59

Jesus Angel de Marcos Frias. I.G.L.

Herriz herri aritzen da ONCEko kupoia eta beste zozketa batzuk saltzen Jesus Angel de Marcos Frias. «Ibilbide bat egitearen gauza politenetarikoa jendearekin izaten duzun gertutasuna da», azaldu du De Marcos ONCEko saltzaileak.

ONCE erakundearen zozketen saltzailea da Jesus Anjel De Marcos Frias (Ordizia, 1974). Goierri eta Tolosaldeko hainbat herritan aritzen da saltzen. Tolosaldean Jesus bezala ezagutzen dute, eta bere jaioterrian eta inguruan Medu ezizenez. Euskaldun berria da eta euskaraz hitz egiteko moldatzen da, baina zozketei buruzko azalpenak ematen dituenean nahiago du gazteleraz aritu: «Lasaiago geratzen naiz, gai horietan ez zaidalako gustatzen gaizki-ulertuak egotea».

Noiz hasi zinen ONCEko saltzaile moduan?

2013an hasi nintzen. Beasainen zenbait astez ordezkapen bat egin nuen eta segituan hasi nintzen orain egiten dudan ibilbidea egiten.

Zer ibilbide egiten duzu?

Normalean goizetan Ordizian egoten naiz, eta gero arratsaldean egiten dut ibilbidea. Zaldibian tarte bat egoten naiz, eta gero hortik Larraitzera joaten naiz. Handik Abaltzisketara. Gero Amezketara eta handik, Alegiara joan aurretik, Route 33tik pasatzen naiz. Beti zenbaki bera jokatzen dute, 1933, Altuna familia Ogi Berri enpresarekin hasi zeneko urtea. Ondoren, Alegiatik Ikaztegietara joaten naiz eta hortik Itsasondo eta Legorretara. Jende askok bizikletan egiten duen ibilbide hori, nik kupoiekin egiten dut. Bost edo sei gauza zehatz egiten ditut herri bakoitzean, bezero finko batzuekin lotuta, adibidez taberna eta denda batzuekin. Ez naiz egoten denbora guztian leku berean, baina gutxi gorabehera ordu tarte berean pasatzen naiz herri bakoitzetik, eta horrela jendeak badaki noiz topatuko nauen. Batzuetan brometan esaten didate egunen batean berandu nabilela, baina saiatzen naiz ordutegi jakin bat betetzen. Bestalde, larunbat goizetan, 09:00etatik 12:00etara, Tolosako Maxi Eroskin izaten naiz. Sagardotegietara ere joan izan naiz, garaia denean, baina pandemiarekin asko jaitsi da azken bi urteotan.



Bezero asko ohikoak izango dira, ezta?

Hain justu, ibilbide bat egitearen gauza politenetakoa jendearekin izaten duzun gertutasuna da. Donostian edo Bilbon lana egitea tokatzen bazaizu, salmentari dagokionez merkatu zabalagoa izango duzu, baina herri txikietan jendea oso eskertua da. Herrira bertara joaten zarela eskertzen du. Gainera, jendeak herrian saltzen ari zaren zenbakia erosi nahi izaten du. Norbaiti tokatzen bazaio bere lagunari edo herritarrari ere tokatzea gustatzen zaio. Batzuetan ere broma moduan esaten didate: «Herrian tokatzen bada eta nik ez badut hartu, badakizu zer izango den besteak aguantatzea?».

 

«Ikusmen arazo handiak zituen haur baten gurasoek behin esan zidaten laguntza asko jasotzen ari zirela ONCEren aldetik eta nire lana eskertu zidaten»



Eta egunero erosten dute kupoia?

Jende askok esaten dit egunero ogia, egunkaria eta kupoia erosten dituela, baina azkenaldian prezioen igoerarekin ez dute horrenbeste erosten kupoia. Ni saltzailea naiz, baina ulertzen dut jendeak jokatzen duen diru kopurua gutxitzea. Hori bai, jende asko ere badago sariak lortzeko nahiaz aparte helburu sozial batengatik erosten dituela ONCEren zozketetako txartelak. Badago jendea tokatu zaiona familian ikusmenarekin arazoak dituen norbait izatea eta ONCEren bazkidea dena, eta zure lanean animatzen zaituena. Adibidez, ikusmen arazo handiak zituen haur baten gurasoek behin esan zidaten laguntza asko jasotzen ari zirela ONCEren aldetik eta nire lana eskertu zidaten. Eta horixe ere da politena, lan honek duen alderik atsegingarrienetakoa.

Nabaritzen da, beraz, gaur egun jendeak gutxiago jokatzen duela?

Jendeak agian zerbait gutxiago erosten du, baina behintzat zer edo zer eramatea gustatzen zaio. Jendeak esaten duen moduan, zerbait tokatzeko arriskua izateko. Gainera, erosten duenak oso adi jarraitzen du zein izaten diren zozketen emaitzak. Internetez begiratzen dute gazteenek, baina nik esaten diet ziurtasun gehien ematen duena, soinean eramaten dudan terminal edo makinatik txartela pasatzea dela. Gero, ez badago saririk, askotan brometan esaten didate ea makina hori ondo dagoen... Makinak ozen esaten du txartelak saria duela. 200 euro arte makinak ozen esaten du, baina kopuru handiagoa bada ez du ozen esaten, diskrezioa mantentzeagatik. Sari handiagoa tokatu bada, makinak hori azaltzen dit, eta orduan diskrezioz erakusten diot bezeroari.

Bederatzi urte hauetan sari nabarmenik ematea tokatu zaizu?

100.000 eta 20.000 euroko sariak eman ditut, baina niri gustatzen zaidana da kopuru txikiagoak banatu arren, saria jende askok jasotzea. Tolosako Eroskin gertatu izan zait zenbaki bat saltzea, guztira 55 kupoi, asteburuko soldatatzarra deitzen zaion zozketan. Bi eurorengatik 200 euro jasotzen dituzu. Gainera, horrelakoetan, ohiko bezero gehienei saltzen diozu. Eta ez da dirutza, guztira 11.000 euro inguru direlako, baina jende askori banatzen diozu eta hori gustagarria da.

Horregatik, zenbaki bera jendearen artean banatzea gustatzen zait. Horrela, zenbaki hori tokatzen bada, jende gehiagori tokatuko zaio. Eta lehen esan bezala, jende askok herri txikietan horregatik eskatzen dit herrian bertan banatzen ari naizen zenbakia emateko.

Jokoak ere arazoak sortu ditzake.

Gu joko arduratsuarekin konprometituta gaude. Txalekoan bertan jartzen du. Adibidez, ez diogu saltzen 18 urte baino gutxiago duenari. Bestalde, ikusten baduzu, intuizioz, norbaitek jokoarekin arazoak dituela, egoera hori zaintzen saiatzen gara. Kupoiarekin eta antzeko zozketekin ez da horrelako arazorik izaten. Errazagoa izan daiteke harraskatzeko diren jokoekin. Adibidez, ez dago arazorik lagun batzuk elkarrekin badaude, eta bakoitzak euro bat jartzen badu eta gero ateratzen dena denen artean banatzen badute. Arazoa izan daiteke norbait ikusten baduzu harraskatzeko txartelak ia modu konpultsiboan erosten. Horrelakoak ikustea ez zait gustatzen. Eta ni saltzailea naiz, baina gehiago saltzeagatik gero norbaiti arazoak sortzen bazaizkio, hori ez da egokiena. Adi egon behar zara, intuizioa erabili, horrelakoak ez gertatzeko. Ilusioa sortzeko gaude, ez arazoak.

Saltzeaz gain, zer beste lan egiten duzue?

Gure beste lana kupoiek eta txartelek saria ote duten begiratzea da. Jende askok ohitura du, oporretan beste leku batera doanean, kupoia han erosteko, edo Donostian, egun-pasa bertara joanez gero. Eta gero edozein lekutan begiratu dezakezu zure txartela sarituta dagoen, edozein saltzaileren makinarekin. Lehen, garai batean, ezberdina zen gure lana, adibidez Ordizian bulego bat zegoelako eta Tolosan ere bai. Orduan eguneko kupoia bakarrik saldu ohi zen, eta ez zena saltzen bueltan eramaten zen bulegora. Orain guk geuk egiten dugu itzulketa. Kupoiak izaten ditugu saltzeko, baina gero makina ere hor daukag  u, behar izanez gero txartelen bat ateratzeko.

 

«Orain hogei urte esan izan balidate ONCEn egongo nintzela lanean, ez nuke sinistuko»



Nolatan sartu zinen ONCEn lanean?

Nire aurreko lana forjako behargin bezala izan zen, Legazpin. 11 urtez aritu nintzen bertan. Automozioarentzako segurtasun piezak egiten genituen, batzuetan postura behartuetan, eta urteetan joan nintzen arazoak garatzen, bizkarrezurreko diskoetan eta sorbaldetan. Errehabilitaziora joaten nintzenean, esaten zidaten dagoeneko nekrosia zegoela. Baja luze bat izan nuen, eta garai horretan enpresa lantaldea murrizten ari zen, lan asko automatizatzen ari zelako. Epaitegian laneko baja bezala onartu zidaten, eta garaipen moral bat bezala izan zen. Azkenean enpresatik irteera nahiko lagunartekoa izan zen: nik osasun arazoak nituen, enpresatik bajak ematen ari ziren, eta gero nik desgaitasunagatik lan merkatu jakin batean aritzeko aukera izango nuke. Nik ez dut pentsiorik jasotzen. Gaur egun gutxienez %33ko desgaitasuna behar duzu ONCEn lan egiteko, eta maila hori onartu zidaten Gipuzkoako Foru Aldunditik. Orain dela 20 urte esan izan balidate ONCEn egongo nintzela lanean, ez nuke sinistuko. Lehen ONCEn denak ikusmen desgaitasuna zuten. Eta orain ere hainbat kidek badute, asko kabinetan kupoia saltzen daude.



Orain lan babestua deitzen zaio Gureak, ONCE eta horrelako erakundeen bitartez egiten den lanari. Nolabait zuretzako egokituagoa dagoen lana da. Aurreko lanean sorbalda mugitzen nuen modu mekanikoan. Gaur egun oinez dezente ibiltzen naiz, baina ibiltzea da, ez nago kolpeak ematen pieza batzuei.

Eta orain nola ikusten duzu zure lana?

Nik positiboki baloratzen dut. Lan guztietan bezala, hasten zarenean ziurgabetasuna duzu; eta ni berez nahiko urduria naiz, baina pixkana egokitzen joaten zara lanera. Bederatzi urte daramatzat hemen, eta ez dakit beti ibilbide bat egiten lan egingo dudan. ONCEk erabakitzen du nola banatzen diren lanpostuak. Bestalde, nik ez dut jasotzen saltzen dudan kupoi bakoitzetik portzentaje bat. Soldata bat dugu eta gero orokorrean saltzen denaren arabera komisio batzuk izaten dira, baremo batzuen arabera.

Lanak jendearekiko sortzen duen gertutasuna gustatzen zaizula aipatu duzu.

Hori da alderdi positiboenetako bat. Jendearekin denbora elkarbanatzean, konfiantza loturak sortzen dira, eta tarteka jendearen poza ikusten duzu sari bat tokatzen zaionean. Bezeroekin brometan aritzen naiz eta beraiek nirekin ere bai, bakoitzaren nortasunaren arabera. Gustatuko litzaidake sari asko eta garrantzitsuak banatzea, baina hori ez dago nire esku, nik ezin dut bonboan eskurik sartu. Jende bakoitza mundu bat da, eta ez zaienean tokatzen batzuk asko dezepzionatzen dira. Baina beste batzuk, ez bazaie tokatzen ere, esaten dute bi euro direla eta uste dutela ondo erabili dituztela. Azkenean, edalontzia erdi beteta edo erdi hutsik ikustea da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!