Urrezko domina jantzi du Eneko Labakak

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko aza. 1a, 07:59

Munduko Pilota Txapelketa jokatu da, eta David Merinorekin batera lortu du domina Eneko Labaka albizturtarrak; Joxi Lopetegi irurarrak eta Eneko Maiz billabonatarrak zilarrezkoa eskuratu dute.

Munduko Pilota Txapelketa jokatu da Miarritzen (Lapurdi), eta Eneko Labaka izan da urrezko dominarekin itzuli den eskualdeko ordezkaria. Tolosaldeko hiru pilotari aritu dira, eta Labakaz gain, Joxi Lopetegi irurarra eta Eneko Maiz billabonatarra lehiatu dira Espainiako selekzioarekin. Azken biek zilarrezko domina lortu dute.

Plaza Berri Miarritzeko 36 metroko pilotalekuan jokatu zuen Eneko Labaka albizturtar pilotariak. Esku huskako binakakoan, David Merino lagun zuela, Mexikoko ordezkariei irabazi zieten: 2-0 (10-3 eta 10-4). Banakakoan, berriz, Julen Retegik galdu egin zuen finala David Alvarez mexikarraren kontra: 2-0 (10-8 eta 10-5). «Faboritoak gu ginen hasieratik, eta espero genuen irabaztea, baina presioa ere gainean guk edukitzen dugu eta zaila izaten da», kontatu du Labakak.

Pozik agertu da lortutako emaitzarekin, baina arantza txiki bat ere izan du: «Buruz burukoan Julen Retegik ez zuen lortu urrea eskuratzea, eta pena horixe izan da». Baina, «beste modalitate askotan ere urrea lortu dugu, eta oso pozik nago», gaineratu du albizturtarrak.

Ligaxkan herrialde guztien kontra jokatu behar izan zuten, eta «egia esan bagenekien aurkaririk zailena Mexiko izango genuela», dio. Ligaxkako partidan Mexikori irabaztea lortu zuten, eta aitortu du: «Peru, Txile... ez zegoen maila oso alturik, eta emaitzen aldetik nahikoa erraz aritu ginen».

Baina beste behin presioa aipatu du: «Faborito gu ateratzen gara, eta pisua da hori. Jakin egin behar duzu hori eramaten».

Finaleko partida gogoratzean «tentsio handia» nabarmendu du. «Jende pila bat zegoen», dio. Baina, «partida oso ondo hasi zen, Davidek izugarrizko partida egin zuen. Pilota oso gutxi galduz aritu zen, eta aurkariak mendean hartuz, eta partida irabaztea lortu genuen».

Lehen aldiz parte hartu du Eneko Labakak Munduko Pilota Txapelketan, eta esperientziaz galdetuta: «Ikaragarria izan da. Ahaztezina». Gogora ekarri du, orain dela lau urte, hautatzaileak parte hartu nahi ote zuen galdetuz deitu zionean uko egin ziola parte hartzeari: «Bartzelonan izan zen, eta txapelketa dezente nituela eta ezetz esan nion. Aurten probatu dudanean zer den, damutu eta dena egin naiz orduan ezetz esan izanaz».

Batez ere «taldeko giroak» bete du Labaka. «Pilotari pila bat ginen, bai neska eta bai mutil, eta dena batera egin dugu: bazkaldu, afaldu, jokatu... Tertulia asko konpartitu ditugu eta talde bat izango bagina bezala ibili gara». «Giro oso ona izan dugu taldean, eta bizitako esperientzia ahaztezina da», azpimarratu du.

MAIZEK ZORTE TXARRA

Ikusminik handiena piztu zuen finaletako bat trinketeko esku huskako buruz burukoa izan zen. Battitta Ducassou lapurtarrak eta Luis Sanchez nafarrak jokatu zuten, baina zoritxarrez, Sanchezek min hartu zuen sorbaldan eta partida bertan behera utzi behar izan zuen.

Gauzak horrela, ezbehar horrek eragina izan zuen binakako finalean. Eneko Maiz billabonatarrak beste nafar bat izan zuen atzelari, Javier Luquin, hain zuzen ere. Peio Larralde eta Battitta Ducassouren aurka jokatu zuten Munduko Txapelketako finala. Maiz eta Luquin pilotariek lehen jokoan ondo eutsi bazieten ere (15-11) aurkariei, bigarrenean, ezin izan zieten eutsi (15-4), eta zilarrezko dominarekin konformatu behar izan zuten.

LOPETEGIK XAREAN ZILARRA

Xareko gizonezkoen finalean Frantziak jantzi zuen urrea. Eskualdeko ordezkaria Joxi Lopetegi irurarra zen, eta zilarrezko dominarekin konformatu behar izan du. Bruno Driolet, Eneko De Paredes eta Oihan Borteyr euskaldunak aritu ziren finalean, nahiz eta Drioletek Oliver Laberdesque izan zuen lagun. Hauek, Lopetegi irurarrari eta Moncadari 15-11 eta 15-7 gailenduta lortu zuten podiumeko lehen koskara igotzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!