Euskal Eskola Publikoaz Harro-k manifestazio egingo du larunbatean

Jon Miranda Labaien 2022ko urr. 31a, 15:00

Eskualdeko ikastetxe publikoek bat egin dute, ‘Euskal eskola publikoaren alde, euskal hezkuntza lege honi ez’ lelopean Bilbon azaroaren 5ean egingo den manifestazioarekin 

Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak uste du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Legeak zerbitzu publikoak pribatizatzearen aldeko apustua egiten duela, sareen dualtasunari eusten diola, euskalduntzerako atzerapausoa dela eta ez duela laikotasuna bermatzen. Horregatik topagunea osatzen duten eragileek larunbatean 17:30ean Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzak abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diote gizarte osoari. Eskakizunarekin bat egin dute Tolosaldeko hainbat ikastetxe publikok eta Samaniego eta Orixeko hainbat irakasle eta gurasok, adibidez, autobusa antolatu dute Bilboko manifestaziora joateko.

2022-2023 ikasturtean onartu nahi du Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Lege berria. Aurreproiektua irailaren 14an eman zuten ezagutzera eta Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak uste du bertan jasotzen diren zenbait puntuk, sare publikoaren beharrei erantzun egokia eman gabe jarraitzen dutela: «Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa izeneko kontzeptu berri bat sortu eta zerbitzu hori ikastetxe publikoen eta pribatu-itunduen bidez emango dela aipatzen dute, ondorioztatuz, bi ikastetxe motei dagokiela finantzaketa bera. Honek argi eta garbi adierazten du ez dela erraztuko eskola publikoaren hazkundea eta ez zaiola lehentasun traturik emango».

Topagunea osatzen duten eragileek bestelako hezkuntza sistema bat nahi dutela esan dute, «eskola publikoa hezkuntza sistemaren benetako ardatz gisa hartuta, gizarte kohesiorako eta berdintasunezko hezkuntza euskaldun bat lortuko duena».

Fleming herri eskolaren eskaera

Amasa-Villabonako Fleming herri eskolak Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak Bilbon antolatu duen manifestazioarekin bat egiteko eskatu zion udalbatzari urriko osoko bilkuran. Atzera bota zuten eskakizuna zinegotziek, EAJ eta PSE-EEren kontrako botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.

Oposizioko alderdiek argudiatu zuten legea eztabaidatzen ari den unea ez dela aproposa gisa horretako mobilizazioetarako. Izan ere, Fleming herri eskolako arduradunek kontrara esan zuten orain dela mugitzeko, "behin legea onaruta euskal eskola publikoak jai izango baitu". Aldi berean gogorazi zuten, udalak bat egin izan duela osasun zerbitzu publikoaren aldeko manifestazioekin eta horietan parte hartzeko deia luzatu izan duela. «Hezkuntza publikoarekin berdina egiteko eskatzen dizuegu», aipatu zuen herri eskolako zuzendari Jesus Quesadak.

Amagoia Agirre, Hezkuntza arloko zinegotziaren ustez alderaketa hori egitea, «ez da oso egokia», momentu honetan, «osasun publikoaren eta hezkuntzaren egoera berdina ez delako». Amasa-Villabonako udal gobernuko kideak aipatu zuen eurak kalitatezko hezkuntza publikoaren alde daudela eta hori bermatzen saiatzen direla egunero.

Agirrek nabarmendu zuen akordio historiko baten ondorioz sortu dela aurreproiektua eta hori garrantzitsua dela. «Oraindik ere bidean dago eta hezkuntza komunitate osoaren inplikazioarekin eta parte hartzearekin bakarrik izango da posible». Quesadak nabarmendu zuen, lege aurreproiektuan ez direla euskal eskola publikoaren iritziak kontuan hartu: "Zuzendari askorekin dut harremana eta ez zait iruditzen inoren iritziak aintzat hartu direnik".

Euskal Eskola Publikoa Harro topaguneak egin dituen zenbait eskakizunekin bat dator EH Bildu eta dagoeneko emendakin batzuk aurkeztu ditu legebiltzarrean. «Euskalduntzea modu integralean ulertzen dugu eta euskararen eta euskal kulturaren transmisioa bermatzea eskatzen dugu». Hezkuntza arloko zinegotziak onartuko den legean udal hezkuntza kontseiluen funtzioak definitzea eskatu zuen, «besteak beste, udalak zein paper jokatuko duen jakiteko eta segregazioa bezalako egoeren aurka borrokatzeko». Elkarlanerako deiarekin amaitu zuen Agirrek eta erronka guzti horiei aurre egiteko, herrian hezkuntza mahaia dutela gogorarazi zuen, elkarlanean aritzeko. «Hainbat gauza bertan bideratu ditzakegu, bakoitzak duen onena ekarriz eta inor gutxietsi gabe».

Fleming herri eskolako zuzendariak hausnarketa egiteko gonbita luzatu zien zinegotziei eta ikastetxetik datorren larunbateko manifestazioarekin bat egiteko osatu duten bertsoa erakutsi zien.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!