Danok Danena ez da Espainiako Taldekako Txapelketarako sailkatu

Ataria 2022ko urr. 28a, 16:00

Eki Lizaso pultsularia.

Iruñean jokatutako playoffean, sailkatzetik bi puntutara geratu zen.

Urriaren 15ean, goizez, parte hartu zuen Danok Danenako mutilen A taldeak playoffean. Nafarroako Anaitasuna taldeak lehen postua lortu zuen, 1.788 punturekin. Bigarren Zaragozako Helios taldea izan zen, 1.752 punturekin. Danok Danena taldekoek 1.750 puntu eskuratu zituzten.  Danok Danena taldeko pultsulariak Ekaitz Kortajarena, Igor Sasiain, Mikel Alvarez, Eki Lizaso, Xabier Amonarriz eta David Rubio izan ziren. Taldetik Eki Lizasoren lana nabarmendu dute: "Izugarrizko txapelketa egin zuen, zeukan guztia emanez, eta maila altuan lehiatuz. 120 kilo abiadan eta 150 kilo bi denboratan altxatu zituen eta oso gutxira gelditu zen Espainian ezarritako marketatik". Gainontzeko pultsulariek ez zutela "bere konpromisoa bete" zehaztu dute taldetik: "Batzuk lesioa tarteko, Xabierren kasuan adibidez, eta beste batzuk utzikeriaz. Ondo etorriko zaigu beste baterako espabilatzeko eta norberak bere buruarekin hausnarketa egiteko".

Egun berean, arratsaldez, Zarautzen Liga Nazionaleko 4. Jardunaldian izan ziren mutilen B taldea eta nesken A eta B taldeak. B taldetik Jon Rodriguez, Jon Kepa Kortajarena, Pablo Ucero, Andres Rubiños, Urtzi Lusarreta eta Jon Ander Iriarte izan ziren, eta 1.544,32 puntu lortu zituzten. Nesken A taldean Susana Davila, Elena Mangas, Allison Rivera eta Daniela Perez  lehiatu ziren eta 768,41 puntu lortu zituzten. B taldean Amaia Blanco, Naiara Madrid, Izarne Marko eta Zaloa Iturbe izan ziren, 615,95 puntu lortuz.

Bestalde, urriaren 1ean, Villabonako Olaederra kiroldegian, Gipuzkoako Teknika Txapelketa, eta 15 eta 17 urtez azpiko txapelketak izan ziren jokoan. Teknikan, Benjamin mailan Nazar Kazakov (Larraul) izan zen txapelduna. Alebin mailan, Kisbel Lopez (Pedro Mari Otaño Ikastetxea, Zizurkil) bigarrena izan zen eta Hiba Eissa (Pedro Mari Otaño Ikastetxea, Zizurkil) hirugarren. Infantil mailan zein 15 urtez azpiko txapelketan Mirari Maqueda (Erniobea ikastetxea, Villabona) izan zen txapelduna. 17 urtez azpikoan Eki Lizaso izan zen txapelduna, eta berak egin zuen txapelketako markarik onena.

Hurrengo konpromisoa azaroaren 5ean izango dute, Bizkaian. Euskadiko 15 urtez azpiko eta 17 urtez azpiko txapelketa izango da bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!