Tolosaldeko ospitale publikoa

«Tolosaldeko herritarrak bigarren mailako euskal herritar izateaz nekatuta daude»

Ataria 2022ko urriaren 28a

Eskualdeko PSE-EEko hautetsiek, «etorkizuneko Tolosako Ospitalerako kronograma serio eta egingarria zehazteko» eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Osasun sailari, «kezkaturik» baitaude Tolosaldean ematen den asistentzia zerbitzuarekin.

Tolosaldeko PSE-EEren ordezkarien esanetan, «etorkizuneko ospitalearen-ekipamendurako proiektuaren agiria urtebete baino gehiagoko atzerapenarekin doa», eta horregatik, egutegia zehazteko eta «zorrotz betetzeko» eskatu diote Osasun sailari. «Tolosaldeak oraindik ez du plan funtzionalik onartuta eta ez dakigu asistentzia-zerbitzuak zein izango diren», gaineratu dute.

Atzerapen horrek «ondorio larriak» izango dituelakoan daude eskualdeko PSE-EEren ordezkariak; izan ere, euren ustez, atzerapen horrek Tolosako Ospitalearen proiektuaren lizitazioa atzeratzea ekarriko du.

Hori guztia eskualdeko herritarren kalterako izango delakoan daude, «herritarrek gero eta urrunago ikusten baitute ospitalea abian jartzea eta Tolosako Asunción Klinikak ematen duen asistentzia-zerbitzuaren amaiera». 

Tolosaldeko PSE-EEko kideen esanetan, «Sagardui sailburuak eskualdeko alkate sozialistekin egindako bileran, ziurtatu zen Tolosako ospitale publikoaren plan funtzionala eta laguntza-zerbitzuen mapa prestatzen hasi zela, eta 2021eko udan amaitzea aurreikusten zela. Horren ostean, etorkizuneko ekipamenduaren proiektua idatziko zela jakinarazi zen».

PSE-EEko hautetsien esanetan, beti defendatu dute Tolosaldeak eta bertako bizilagunek gainontzeko euskal herritarren eskubide berak dituztela, osasun-laguntza jasotzerako orduan. Ondorioz, «kalitate, zerbitzu eta baliabide» berdinak eskatu dituzte. Gogoratu dute, «Tolosaldeko Erakunde Sanitarioa (ESI) dela Euskadi osoan ospitale publikorik ez duen bakarra». Gaur egun, zerbitzu hori Tolosako Asunción Klinikarekin egindako kontzertu baten bidez ematen da, eta 66.000 erabiltzaile ingururi eskaintze die arreta. Bitarteko egoera hori ezin da gehiago luzatu PSE-EEko kideen esanetan, «eta sozialistok uste dugu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ahalegin handiagoa egin behar duela egoera horren amaiera azkartzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!