Gau ilunean, beldurra piztuko dute Tolosan

Jon Miranda Labaien 2022ko urr. 28a, 11:59

Galtzaundi euskara taldeak beldurrezko ibilbide bat prestatu du bihar hasi eta astelehenera arte, Tolosako Elosegi parkean. Izena ematen duten 13 urtetik gorako gazteek parte hartuko dute, taldeka.

Gau Beltza edo Arimen Gaua berreskuratzeko bidea abiatu eta jai horren zabalpenean akuilu izan nahi du Euskaltzaleen Topaguneak. Ohitura zaharrak berreskuratuz, jaia berrasmatzen ari dira herriz herri, eta Galtzaundi euskara taldeak Tolosan beldurrezko ibilbide bat prestatu du 13 urtetik gorako nerabeentzat, bihar hasi eta astelehenera arte. Elosegi parkean egingo dute, eta gaztetxoek taldeka parte hartu ahal izango dute. Txanda guztiak beteta daudela jakinarazi du euskara taldeak.

Oinarri partekatua du Euskaltzaleen Topagunetik Gau Beltzaren inguruan egindako lanketak; Itzalitako Kalabazen Berpiztea (Altuna eta Ozaita, 2018) lan etnografikoan jasotako erritualak eta esperientziak herriz herri berreskuratu eta berrasmatzeko gonbidapena egiten du. Idoia Lahidalga Galtzaundiko eragileak azaldu duenez, “bestelako bizipenak izateko aukera” eskaintzen dute jaiek. “Elkarrekin ospatuta, kohesio soziala indartzeko tresna dira, komunitatea sortzekoa. Euskaratik eta euskaraz horrelakoak antolatu eta bizitzearen garrantziaz jabetuta, guk gurera ekarri nahi izan dugu Gau Beltza”.

Tolosako Elosegi parkeak eskaintzen dituen aukerak baliatuko dituzte horretarako. Nagore Leonek, ekimenean parte hartuko duen aktoreak, aipatu duenez, “iluntasuna” du tokiak eta “egokia” da beldurrezko ibilbide bat prestatzeko. “Ihes gela baten modukoa izango da, baina, gela itxi baten ordez, espazio irekian egingo dugu. Ibilbidea egiteko aukera ere ematen du parkeak; sarrera ate bat du eta irteerako beste bat”. Bidean topatuko dituzten pistei jarraituz, irteera aurkitu beharko dute parte hartzaileek, eta “sorpresa” ugari topatuko dituzte ibilbidean: “Elosegi parkea oso toki magikoa da eta herritarrei zabaldu nahi diegu, beste erabilera bat emanez”. Gau Beltza “naturarekin berriz konektatzeko eta ospakizun eredu jasangarriak bultzatzeko” balia daitekeela uste dute ekimenaren bultzatzaileek.

Lankidetzan eta auzolanean

Leonek eta antolatzaile gisa ari diren beste hainbat lagunek ezaguna dute Tolosako parkea lehenagotik ere. Zumardia elkarteak sustatutako Olentzaroren Basoa ekimenean parte hartutakoak dira aktore bezala arituko direnak. Leonekin batera, Eli Trojaolak, Amaia Pagolak, Itziar Saez de Ojerrek eta Imanol Arabaolazak gidatuko dituzte gaztetxoak ibilbidean zehar. Lahidalgak berak ere, antolatzaile izateaz gain, aktore bezala ere jardungo du. “Parte hartuko duten nerabeek misio bat izango dute eta esperientzia bat biziko dute. Bidean gauzak gertatuko dira. Soinuak entzungo dira, zenbait pertsonaia agertuko zaizkie, eta batean eta bestean bildutakoekin irteerako bidea topatu beharko dute”, aurreratu du Arabaolazak.

Beldurra, gozokiak, gauez lagunekin ateratzea, mozorroak eta gaua bera. “Argiz inguratuta bizi garen garaiotan, iluntasunak beldurra sortzen du. Beldurrarekin jolas egiteko ibilbidea izango da”, aipatu du Lahidalgak. Gaineratu duenez, gazteentzako erakargarritasun handia duten elementuak bateratzen ditu jaiak: “Taldean joatearen babesak beldurrei aurre egin eta esperientziaren zirraraz gozatzeko ausardia emango die parte hartzaileei”.

Bost lagunez osatutako taldeetan parte hartuko dute gaztetxoek eta hamabost minutuz behin aterako da talde bakoitza. Aldi berean, talde bat baino gehiago ibiliko da Elosegi parkeko ibilbidean, 19:00etatik 22:30era. Galtzaundik eskerrak eman dizkie ekimena babestu duten erakundeei, bai Tolosako Udalari eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiari ere. Horrez gain, Euskaltzaleen Topagunea eta Zumardia elkarteak ere izan ditu gogoan Lahidalgak. “Tokian tokiko sinergiak bilatuz, herriko eragileen askotariko izaera kontuan hartuz eta modu parte hartzailean” egingo dute Gau Beltza. Antolatzaileen esanetan, emaitzak berak bezainbesteko garrantzia du prozesuak.

“Komunitatearentzat, auzolanean sortutako ospakizun ugari ditugu gurean, eta beldurrezko ibilbide honetan ere gaztetxoen parte hartzea eta ekarpena sustatu nahi ditugu”, nabarmendu du Galtzaundi euskara taldeko kideak. “Gisa honetako ospakizunek komunitatea bera harremanetan jartzeko funtzioa betetzen dute eta euskararen erabilerarako eremu natural bilakatzen dira. Beldurrezko ibilbide honek ere hizkuntzarekin lotutako bizipen positiboak sortuko ditu”.

Antzinakoak kontuan hartu eta beldurrezko ibilbideak ematen dituen aukerak baliatuta, Tolosan gaur egunera ekarriko dute Gau Beltza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!