Talde giroa sortzea da helburu nagusia

Tolosaldeko Ataria 2022ko urr. 27a, 19:59
Aiztondo Neskide Kirol Taldearen futboleko senior taldea. MIKEL RODRIGUEZ

Aiztondo NKT-k futbolean senior taldea atera du, eta dagoeneko bost partida jokatu ditu denboraldi honetan.

Aiztondo Neskide Kirol Taldea abian jarri dute denboraldi honetan, bailara horretan emakumeei hainbat kirol egiteko klub bat sortuz. Futbolean senior taldea ere osatu dute eta Gipuzkoako Gorengo Mailan ari dira lehiatzen. Aiztondok bost partida jokatu ditu oraingoz ligan eta horietatik bat irabazi eta lau galdu ditu. «Bagenekien maila berri honetan denboraldi zaila izango zela», esan du Eider Zaldua jokalariak. «Aurretik gure adin bereko taldeen aurka jokatzen genuen, eta orain hori aldatu egin da. Halere, hasi ginenetik asko hobetu dugu, ez baita bakarrik nola jokatzen dugun, talde giroa sortzen ari gara, gure artean hobeto ezagutzen, eta hor sakondu ahala hobeto jokatuko dugula ikusten dugu».

Talde ezberdinetatik iritsitako futbolariak daude Aiztondon, eta hori hasieran nabaritu egin zela esan du Naroa Alonso jokalariak: «Orain hobeto ari gara elkarrekin jokatzen. Talde bat sortzeko prozesuan ari gara eta horren ondorioz etorriko dira beste emaitza batzuk». Zalduak gaineratu duenez, «denok komunean dugu futbola gustatzen zaigula, eta futbolean ibili nahi dugula. Hori sentimendu nahiko sakona da, eta horrek motibatzen gaitu talde giroa sortzera. Futbola, zentzu horretan, kirol bat baino zerbait gehiago bihurtzen dela esan daiteke».

Ez diote, beraz, sailkapenari begiratzen, lehen denboraldi honetan talde sentimendu hori sortzeari garrantzi gehiago ematen baitiote. Hori bai, Alonsok zehaztu duenez, denboraldia bukatzerakoan «ondo legoke sailkapenaren erdi aldean egotea, baina batez ere balio diguna ahal dugun ondoen jokatzea da».

ARLO GUZTIETAN

Guztira futbolean bederatzi talde jarri ditu martxan Aiztondok lehen denboraldian: bina talde benjamin eta alebin mailetan, lehen mailakoa eta ohorezko mailakoa infantil zein kadeteetan, eta senior mailako taldea. Kirol ibilbide guztia Aiztondon egin dezakete, beraz. Horrez gain, senior eta kadete batzuk entrenatzaile titulazioa ateratzera animatu dira, eta txikien entrenatzaile dira. Epaile lana egitera ere animatu dira, zehazki senior taldeko bost kide. Arlo guztietan emakumearen presentzia edukitzea lortu dutela nabarmendu dute klubetik.

Boleibol atala ere martxan jartzea lortu dute, eta guztira hiru talde osatu dituzte, infantiletan bat eta beste biak kadeteetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!