'Kantu bat gara' ikuskizunerako sarrerak salgai, Galtzaundin

Ataria 2022ko urriaren 27a

Kantu bat gara emanaldia Iruñeko Gayarre antzokian.

Azaroaren 11n izango da saioa, Leidor aretoan, eta sarrerak presentzialki soilik eskuratu daitezke Galtzaundiren egoitzan, 10:00etatik 13:00etara edo 16:00etatik 18:00etara. Galtzaundikideek eta Atarikideek deskontua izango dute.

Jon Maia bertsolariaren Kantu bat gara ikuskizunak Tolosan egingo du geldialdia azaroaren 11n. Leidor aretoan izango da emanaldia, 19:00etan, eta Jon Maia ez da bakarrik arituko, berarekin batera izango dira eszenatoki gainean, Gorka Hermosa akordeoilaria, Pello Ramirez biolontxeloan edo eta Natxo Soto teklatuetan. Emanaldia Galtzaundi Euskara Taldearekin elkarlanean antolatu du ATARIA-k.

Emanaldirako sarrerak presentzialki soilik eskuratu ahalko dira, Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan. Goizez (10:00-13:00) nahiz arratsaldez (16:00-18:00) erosi daitezke. Emanaldiko sarrerek 15 euroko prezioa dute, eta Galtzaundikideek eta Atarikideek deskontua izango dute; 13 eurotan eskuratu ahalko dute sarrera. 

Izan ere, 30 urte dira Jon Maia bertsolariak bere aurreneko kantak idatzi zituenetik, Negu Gorriak taldearen Gure jarrera diskorako. Ordutik Euskal Herriko hainbat eta hainbat talde eta abeslarirentzat idatzi ditu kantuen hitzak: Negu gorriak, Gari, Mikel Urdangarin, Anari, Benito Lertxundi, Soziedad Alkoholika, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Gozategi, Ken Zazpi… Horietako kantu asko eta asko jendearen gogoan gelditu dira dagoeneko: Itsasoari begira, Gora Herria, Lehenbiziko bala, Nirekin, Non geratzen den denbora, Eskuetan, Itsasoa gara, Zaharra zara Bilbo eta abar…

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!