Kalabazak prestatuta Gau Beltza ospatuko dute eskualdean

Ataria 2022ko urr. 27a, 11:58

Beldurrezko eguna pasatzeko prestatuko dira Tolosaldeko hainbat herri urriaren 31n; mozorrotuta, gozokiak bilduz edo kalabazak apainduz pasako dute iluntzea.

Urriaren 31n izango da Gau Beltza, eta eskualdeko herri bat baino gehiagotan antolatu dute zerbait egun horretarako.

Belauntzan, esaterako, mozorro festa egingo dute. 17:00etarako jarri dute hitzordua, eta eskulanak egingo dituzte kalabazak dekoratuz. Ondoren, txokolate beroa hartuko dute denek elkarrekin. 

Amasa-Villabonan, arimen istorioak eta ipuin beldurgarriak kontatuko dituzte 4 eta 8 urte bitartekoentzat, 17:00etan, Gaztelekuan. 18:00etan kalejira herrikoia egingo dute, eta «sorpresaz beteriko» beldur ibilbidea izango da. Dantza, gaztainak eta suzko akerra izango dituzte plazan, Zunbeltz elkartearen eskutik. 

Elduainen ere Gau Beltzeko ipuinak kontatuko dituzte 17:00etan hasita, elizako atarian. Ondoren, beldurraren ibilbidea osatuko dute eta gaztaina jatea egingo dute gero. 

Baliarrainen 18:00etan jarri dute hitzordua eta 19:00etan puska biltzera aterako dira. Ondoren beldur erretzea egingo dute eta puska biltzean jasotakoarekin afaltzera eseriko dira. Gauean, berriz, beldur ibilbidea osatuko dute herrian zehar. 

Asteasuren kasuan, 18:00etatik 19:00etara aurpegiak eta maskarak margotzen, eta beldurrak idazten ariko dira. Eta Xanduli manduli, eman goxokik guri goxoki bilketa egingo dute.  Ondoren, Gau Beltzeko tarta eta sustoen bira egingo dute, eta gaua amaitzeko, trikitilariak ariko dira; gaztainak eta tortilla pintxoak izango dituzte dastatzeko, eta beldurrak uxatzeko dantza egingo dute. 

Berrobin 18:30ean ipuinak kontatuko dituzte eta gaztainak jateko tartea hartuko dute ondoren. 

Anoetan ere hartuko dute tartea ospatzeko, baina urriaren 29an, larunbatean egingo dute. 16:30ean, film proiekzioa antolatu du Gaztelekuak, LH5 eta LH6 mailakoentzat. Mikelasagasti auditorioan izango da. Joateko beharrezkoa izango da izena ematea: nahia@loiri.eus helbidera idatzi edo Gaztelekura joan beharko da.

Iruran beldurra, gozokiak, mozorroak, kalabazak, kandelak, gaztainak eta musika izango dituzte lagun gaueko iluntasunean. 17:30ean, gaztainak jateko elkartuko dira eta ordu berean photocall-a irekiko dute portikoan. 18:00etatik 19:00etara beldurrezko ibilbidea egingo dute apaiz etxetik abiatuta, 15 laguneko taldeetan. Eta 18:00etatik aurrera DJ Stepi airtuko da musika jartzen, Errekalde tabernak antolatuta.

Lizartzan berriz, aste honetan etxean eskulanak egiteko proposamena egin dute. Igandean plazan bilduko dituzte 19:30etik 20:00etara bitartean, hurrengo egunean herriko kaleak apaintzeko. Eta eskola atarian eta ostatu atarian astelehenean afaltzeko bokatak enkargatzeko zerrendak egongo dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!