Bat egiteko garaia dela adierazi du Errigorak

Ataria 2022ko urr. 26a, 17:57

Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko produktuz osatutako saskiak eskatzeko aukera zabalik da; %25 euskalgintzari bideratuko zaio.

Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina abiatu du Errigorak. Azaroaren 10ra luzatuko den «auzolan-ariketa erraldoi» horretan Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuz osatutako hiru saski eskainiko dituzte eta horien balioaren %25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.

Bat egiteko garaia da da kanpainaren aurtengo leloa. Izan ere, Errigoratik azaldu dutenez, «bada garaia euskarak lurraldean mugarik izan ez dezan, zonifikazioa gainditu eta herritar guztiek eskubide berberak izan ditzaten». Era berean, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko sektore zabalak «euskararekin berradiskidetzeko eta euskararentzako aldekotasun berriak biltzeko» garaia dela diote, gogoratuz, Agerreko lurretan orain mende gutxira arte euskaraz hitz egin dela eta tradizio euskaltzale handia mantendu dela.

Era berean, Agerreko euskaltzaleek bat egiteko garaia badela diote Errigoratik; «indarrak batzeko egin behar dugu bat, eremu zabal horretan euskalgintzak izan beharreko lehentasunak adosteko eta norabidea bateratzeko». Eta, Euskal Herritarrek eta eragileek, orokorrean, Nafarroarekin bat egiteko garaia ere badela diote, «zonifikazioaren afera ez baita nafarren arazoa, euskararena baizik».

Bestalde, 2013. urtetik, Nafarroa hegoaldean eta erdialdean eginiko lana nabarmendu dute: «euskaldunak sortzeko herritik jaiotako egitasmoak sustengatzera 1.600.000 euro baino gehiago bideratu ditugu, milaka lagunen elkartasunari esker, diru ekarpen hori sortzeko bidea elikadura-burujabetzara pausuak emateko baliatu dugu».

Diru-ekarpen hori «ezinbestekoa» izan dela esan dute, bertako ikastolek eta AEK-k herritarrak euskalduntzen jarrai dezaten eta sare publikoan gero eta guraso gehiagok D ereduaren aldeko hautua egitea helburu duten Sortzenen kanpainak laguntzeko.

Azaroan eskuz esku banatuko dituzten milaka kutxa horiek osatzeko inoiz baino auzolangile gehiago elkartu direla esan dute, eta Euskal Herri guztira zabaldu dute kanpainarekin bat egiteko deia. Azaroaren 10a baino lehen izango da hiru saskietako bat (beltza, berdea eta zuria) eskatzeko aukera. Online eskatu beharko dira, Errigora.eus orrian, eta nahi adina saski aukeratu eta norbere datuak sartu ostean, saskiak jasotzeko gunea aukeratu beharko da, gune bakoitzak saskiak jasotzera joateko bere data eta ordutegia izango duelarik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!