Jada eman daiteke izena Enpleguneko lan-eskaintzetan

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko urr. 26a, 19:59

Azaroaren 8an ospatuko da Enplegunea Lehiberri Zentroan, 8:00etatik 17:00etara, eta egun horretan lan-elkarrizketa izan nahi duen orok aurrez eman behar du izena.

Hamar urte bete dira Tolosaldeko udal guztien apustu bateratuari esker eskualde mailako Enplegu Plana osatu zenetik. Plan horren ondorio da Enplegunea. Kalitatezko lanpostu berriak sortzeko ezinbesteko hitzordu bihurtu da hamarkada honetan. Lanbideren bidez, 1.900.000 euro bideratu dituzte eskualdeko enpresetara kontratazioak sustatzeko. Diru laguntza horiei esker, 359 kontratazio egin eta 600 baino gehiago kudeatu dituzte, Enplegunearen testuinguruan.

Bederatzigarren edizioa izango du aurten Enpleguneak. Azaroaren 8an ospatuko da Lehiberri Zentroan, 8:00etatik 17:00etara, eta kontratu mugagabeko 33 kontratazio lagunduko dituzte diruz. Horietatik erdiak gizonezkoentzat izatea nahi dute; beste erdiak, berriz, emakumezkoentzat. «Enpleguneko aurreko edizioetan baino lan-eskaintza gutxiago lagunduko ditugu diruz, baina kontratazio mugagabea izango dute, eta hori garrantzitsua izango da kalitatezko lanpostuak sortzeko eta enplegua egonkortzeko», azaldu du Iker Urruzola Tolosaldea Garatzen garapen agentziako lehendakariak.

Lan-eskaintzen zerrenda ikusgai

Orotariko lanpostuetarako eskaintzak jaso dituzte aurten: mantenurako, ibilgailuen konponketarako, industriarako, elikadura sektorerako, administrazio lanetarako, ehungintzarako, zaintza lanetarako, edota zerbitzuetarako, besteak beste. Zerrenda eguneratu osoa Tolosaldea Garatzenen webgunean dago ikusgai.

Lan-eskaintzaren batean izena eman nahi duten herritarrek dagoeneko aukera dute horretarako. Tolosaldea Garatzenen webgunean egin dezakete eskaera, baita 943 654 501 telefono zenbakira deituta, edo lan3@tolosaldea.eus helbidera idatzita. 

Enpresek beraien eskakizunetara hobekien egokitzen diren pertsonak aukeratuko dituzte, eta horiek aurrez aurreko lan-elkarrizketa egingo dute azaroaren 8an, Lehiberri Zentroan bertan. Aurrez, azaroaren 2an eta 3an, 10:00etan, informazio saioak egingo dituzte Lehiberrin, enpresentzat eta langabetuentzat.  Kontratazioa egiteko abenduaren 31ra bitarteko epea izango dute enpresek, eta ezinbestean, kontratatutakoek Lanbiden altan emanda egon beharko dute kontratazioa egiten den unean.

Langabezia, %7,9an

Enplegunearen aitzakian egiten diren kontratuek eskualdeko enplegu datuetan ere izan dute eragina. Azken urteotan, hobera egin eta asko errekuperatu da enplegua, eta aurten mundu mailan egoera nahasten ari bada ere, Tolosaldean oraingoz hobekuntza-joera hori egonkortzeko jarrera adierazten ari da.

Lanbidek emandako iraileko datuen arabera, langabezia tasak beherantz jarraitzen du Tolosaldean: %7,9an dago, Gipuzkoako (%8,3) eta EAEko (%10,4) datuen azpitik mantenduz. Une honetan, 1.885 langabe daude eskualdean, iaz garai honetan zeudenak baino 49 gutxiago. 

Lan-kontratuek eta afiliazioek ere gora egin dute. Lan-kontratuei dagokienean dinamismo handia sumatzen da. 1.590 kontratu egin dira, iaz baino %23 gehiago. Kontratu horien artean, igoera nabarmena izan dute kontratu mugagabeek. Zifra osoaren %28an kokatu dira mugagabeak, iazkoarekin alderatuta %17 gehiago. 17.463 afiliatu daude une honetan, gehienak erregimen orokorrean.

Txanponaren beste aldean, ordea, urteroko erronkak mantentzen dira: emakumeen eta 45 urtetik gorakoen laneratzea eta langabezian kronifikatutako kolektiboak dinamizatzea. Olatz Peon Tolosaldea Garatzeneko lehendakariordearen esanetan, «urteak daramatzagu kolektibo horiei begirako lanketa bereziak egiten; eta ahaleginei eutsiko diegu, egoera iraultzeko». Horretarako lehen urratsa enplegua egonkortzea dela adierazi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!