ELKARRIZKETA

«Hondakinei bizitza luzatzea da kontua, bizi berri bat ematea»

Jon Miranda Labaien 2022ko urr. 26a, 11:59

Mirari Errondosoro Sormenaren Kabia bekaren irabazleetako bat da eta biomaterialak sortzeko ahalegina egingo du bere egonaldian; Fagus Alkiza interpretazio zentroan prestatu du tailerra eta bertan ariko da egunotan

Artisautza munduan ibilbidea egin du Mirari Errondosorok (Amasa-Villabona, 1973) azkeneko urteetan. Kimuri izenarekin eskuz egindako haoriak landu izan ditu eta gyotako teknikarekin ere aritu izan da. Ikertzera eta gehiago ikastera dator.

Zein ibilbide egin duzu artisau modura?

Artisau bezala duela urte batzuk hasi nintzen eta pixkana geroz eta gehiago murgiltzen ari naiz mundu honetan. Oihalgintzarekin eta oinetakoak egiten hasi eta gyotakuak ere egiten ditut. Material ezberdinak probatzea gustatzen zait eta ikasten joatea ere bai, ikertzea alegia. Gaian sakontzeko ikastaroak ere egin izan ditut. Aurrena beste lan batzuekin tartekatzen nuen artisautza, baina buru-belarri honetan bi urte daramatzat. Ikastaro asko egin ditut gai hauetan sakontzeko.

Nola izan zenuen Sormenaren Kabia bekaren berri?

Duela urte pare batetik ezagutzen dut. Entzuna neukan zerbait, baina orain arte ez naiz ezer aurkeztera animatu. Aurten eman dut pausoa eta zortea izan dut.

Zer moduzko harrera egin dizute Alkizan lehen egun hauetan?

Oso ona. Gustura nabil. Hiru astez gustatzen zaidan horretan jarduteko izugarrizko aukera eman didate bekarekin. Gozamena da niretzat eta pribilegiatua sentitzen naiz horrelako espazio bat erabili ahal izateagatik. Fagus Alkiza interpretazio zentroan jarri dut nire tailerra. Leiho parean jarrita daukat mahaia eta paraje ederra da hau lanean aritzeko.

Zein proiektu aurkeztu duzu bekarako?

Biomaterialen inguruko lanketa proposatu dut. Azkeneko urtean ezagutu dudan mundu bat da. Donostian gaiaren inguruko hitzaldi bat zegoela jakin nuen eta gehiegi jakin gabe joan nintzen bertara; ni asko aritzen naiz intuizioz. Hitzalditik beste begirada batekin atera nintzen. Hemen inguruan ez dut ezagutzen inor biomaterialen inguruan lanean dabilenik, beraz nire asmoa da gai hau ezagutzera ematea.

Zein materialekin ari zara lanean?

Etxeko hondakinekin. Platano azalak, kafe hondarrak, arrautzen oskolak, laranja edo limoi azalak eta horrelako materiala erabiltzen dut. Tratamendu bat ematen diet eta hondakinekin material berri bat sortzeko saiakeran nabil. Emaitza izan daiteke bioplastikoa, biokonpostua edo biolarrua. Hondakinei beste bizi bat eman nahi diet, eta zakarrontzira, konpostagailura edo belatzera bota aurretik, beste aukera bat eman.

Tratamendua aipatu duzu. Naturala al da prozesu hori?

Bai. Batez ere Interneten ikertu dut horren inguruan, eta gero, esperimentatuz. Gauzak probatuz joan naiz ikasten. Sukaldean aritzea bezala da, sukaldari baten gisan, probak egiten aritzen naiz. Prozesua erabat naturala da. Asko jota azkartu egiten dut deshidratatzeko makina bat erabilita. Hondakin horiek lehortzeko leku aproposa izango banu modu naturalean egingo nuke, baina ez da kasua eta makinarekin azkarrago ematen da lehortzeko prozesua. Bekak hiru aste irauten ditu eta denbora ere mugatua daukat lanerako.

Sukalde batean topatu daitezkeen gauzak topatuko ditugu zure tailerrean?

Bai, neurri batean bai. Eztia, bikarbonatoa, ezkaia, arto-irina, ozpina eta gero gelatina eta glizerina erabili ditut. Azkeneko bi horiek dira, proiektu honetarako propio erosi ditudanak.

Eta emaitzarik lortu al duzu egun hauetan?

Ari naiz horretan. Inazio Urruzola txakolindegitik mahats azalak hartu, lehortu eta birrindu ditut. Bioplastiko bat lortu dut tratamendua eman ostean.

Funtzionatzen al du?

Bai. Plastiko itxura du eta testura ere plastiko baten antzekoa da, ehun gogorra da. Gero ikusi beharko da zenbat irauten duen. Nik baditut lau hilabete dituzten bioplastikoak eta momentuz ondo daude. Tratamendu naturala jaso dute, elementu naturalak ere badaude tartean, eta orduan galdera da noiz arte iraungo duen bioplastiko horrek. Nik ere ez dakit erantzuten. Baina dena den, pentsatu behar dugu gauza guztiak ez direla betirako izaten. Hondakin hauei bizitza luzatzea da kontua, materialari bizi berri bat ematea.

Ingurugiroarekiko kontzientziak bultzatu zintuen gai hau lantzera?

Bai. Hondakin pila bat sortzen dugu, nahiz eta kontzientziatuta egon, zaila da kopuru hori murriztea. Gure arbasoek baserrietan ez zuten apenas hondakinik sortzen eta ideia hori erakargarria egiten zait, horrekin lotu nahi dut proiektua. Garai batean dena berrerabili egiten zuten eta behar zutena beraien eskuekin sortzen zuten. Aurrekoak zer egiten zuten ondo? Bada hori kopiatzea da proposatzen dudana. Eskuekin lan egin eta aurrekoek zuten gauzak egiteko modu hori gaur egunera ekarri nahi dut. Ondorengoek ere begirada ireki eta ikus dezatela gauzak egin egin daitezkeela.

Bertako hondakinak erabili dituzu proiekturako.

Bai. Bekarekin ariko naizen tarte honetan txakolindegiko mahats azalak erabili ditudan bezala, ostatuko kafe hondarrak, arrautzen oskolak eta tipularen azalak erabiliko ditut lanerako. Lete landa etxekoek esan didate sagarren azalak ekarriko dizkidatela. Hori da planteatu nahi dudan kontua: hondakin horiek guztiak hartu eta gure buruari galdetzea zer egin dezakegun haiekin.

Behin materiala lortuta, zuk zein erabilpen irudikatzen duzu?

Buruan dabilkidana ontziak sortzea da kafe hondarrak eta arrautzen oskolak erabilita. Egin ditut saiakeratxo batzuk. Orain arte oihalgintzan aritu naizenez, bioplastikoarekin zerbait probatu nahi nuke, erabilgarria den zerbait. Ez dut gehiegi aurreratu nahi. Abenduaren 22ko aurkezpen egunerako zerbait sortua edukitzea espero dut.

Bertako jendearekin egoteko asmoa duzu?

Bai. Eskolako haur eta irakasleei aurkeztu diet proiektua eta materiala biltzeko eskaera egin nien. Jaso dut dagoeneko material dezente. Eskolako umeek badute gaitasuna irudikatzeko. Egin nien lehen bisitan ikasle batek galdetu zidan biomaterial hauekin etxebizitzak eraiki ote daitezkeen. Galdera oso pertinentea da. Ez justu nik lantzen dudan materialarekin, baina arrainen ezkatekin azulejoak egiten dira eta erabilitako arroparekin blokeak sortu eta isolamendurako erabiltzen dituzte eraikuntzan. Mundu oso bat dago biomaterialen atzean.

Gai honetan sakondu nahi duenak nora jo dezake?

Interneten asko dago. Badaude errezeta modukoak. Hemen inguruan Gueñesen (Bizkaia) duela pare bat urte sortu zuten Basque BioDesign Center enpresa. Horrelako gauzak lantzen dituzte bertan eta materioteka izugarria daukate. Hor ezagutu nituen nik material asko eta ukitu ahal izan nituen lehenengo aldiz. Modarekin loturiko graduondoko bat ere badute. Sormenaren Bekarekin egiten dudan lanketarekin nik mundu hau ezagutzera eman nahi dut, kultura hau zabaldu, eta asmoa bada ideia guzti horiekin web gune bat sortzea, errezeta eta aukera ezberdinen berri emateko. Ea gauzatzeko moduan naizen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!