Aizkolari Txapelketa Nagusiko finaletik kanpo geratu dira Irazu eta Mujika

Nerea Uranga / Urola Kostako Hitza 2022ko urriaren 24a

Argazkia: Nerea Uranga.

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finalaurreko kanporaketa jokatu dute Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Sei aizkolarik lortu zuten finalerako txartela, eta Jexux Mari Mujika ibartarra eta Jon Irazu zizurkildarra zortzigarren eta bederatzigarren izan ziren, hurrenez hurren.

III. Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finalaurreko kanporaketa jokatu zuten 11 aizkolarik, larunbatean, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Sei onenek lortu zuten azaroaren 13an Bilbon jokatuko den finalerako txartela: Mikel Larrañagak, Julen Alberdi Txikia IV.ak, Eneko Otañok, Ugaitz Mugertzak, Txomin Amundarainek eta Ibai Soroak.

Bina kanaerdiko, 60 ontzako eta oinbikoa moztu behar izan zituzten finalaurrekoan. Larrañagak egin zituen lanak azkarren, 18 minutu eta 46 segundoan lanak bukatuta. Haren atzetik, bigarren denbora onena, Txikia IV.ak egin zuen, 20 minutu eta hiru segundoan egurrak ebakita, eta hirugarrena Otaño izan zen, 21 minutu eta lau segundoan egurrak moztuta. Jexux Mari Mujika ibartarra zortzigarren izan zen (24.27), eta Ion Irazu zizurkildarra bederatzigarren (25.31)

Hamahiru aizkolarik parte hartu behar zuten larunbateko finalaurrekoan, baina Aitzol Atutxak eta Jon Rekondok ezin izan zuten jokatu, osasun arazoak tarteko.

Sailkapena eta denborak:
  1. Mikel Larrañaga (18:46)
  2. Julen Alberdi Txikia IV.a (20:03)
  3. Eneko Otaño (21:04)
  4. Ugaitz Mugertza (21:46)
  5. Txomin Amundarain (23:11)
  6. Ibai Soroa (23:37)
  7. Julen Larrea (23:57)
  8. Jexux Mari Mujika (24:27)
  9. Ion Irazu (25:31)
  10. Iñaki Azurmendi (26:01)
  11. Arkaitz Jauregi (27:15)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!