Eskualdeko hiru pilotari Munduko Txapelketan

Ataria 2022ko urr. 20a, 19:59

Joxi Lopetegi xarelari irurarra, Eneko Maiz billabonatarra eta Eneko Labaka albizturtarra ariko dira lehian.

Munduko Pilota Txapelketa izango da jokoan ostiral honetan hasi eta hilaren 29ra arte, Miarritzen (Lapurdi), eta bertan Tolosaldeko hiru pilotari izango dira: Joxi Lopetegi irurarra, Eneko Maiz billabonatarra eta Eneko Labaka albizturtarra. Espainiako selekzioarekin parte hartuko dute hirurek.

Lopetegik xarean jokatzen du eta bere bosgarren Munduko Txapelketa izango da aurtengoa. Jokalaria izateaz gain, hautatzailea ere bada, eta Sebas Moncada eta Joseba Erro izango ditu berarekin txapelketan. Bost selekziok parte hartuko dute txapelketan eta hasieran ligaxka bat egingo da, denek elkarren aurka jokatuz. Lehenengo biek zuzenean finala jokatuko dute. «Akatsak izateko tartea oso txikia da», esan du Lopetegik. Frantziako selekzioaren aurka jokatuko dute ligaxkako lehen partida, eta horiek direnez faboritoak, lasaiago jokatzeko asmoa dute, gehiegi ez kargatzeko. «Beste hiru partidetan gogor aritu beharko gara finalera iristeko. Eta finalean dugun onena eman beharko dugu irabazi ahal izateko».

Eneko Maiz trinketean ariko da, eskuz. Binakakoan zein banakakoan parte hartuko du billabonatarrak. Bere bigarren parte hartzea izango da absolutu mailako Munduko Txapelketan, eta aurretik ere jokatu du 22 urtez azpikoa eta Munduko Kopa bat ere. Frantziako selekzioa izango da aurkari gogorrena, baina Mexikok ere «gerra» eman ohi duela dio Maizek. «Aurten partida asko jokatu ditugu Iparraldean, eta Frantziako selekzioan ariko direnen aurka maila ona eman dugu. Badakigu zaila izango dela, baina uste dut ondo prestatuta gaudela eta ea aurtengoan irabazteko aukera izaten dugun».

Eneko Labakarentzat lehen Munduko Txapelketa izango da. 36 metroko pilotalekuan jokatuko du, eskuz binaka. «Esperientzia berria izango da eta ea zer moduz ateratzen den», esan du Labakak. Ligaxka jokatuko dute parte hartzen duten selekzio guztiek elkarren aurka. Lehen bi sailkatuek finala jokatuko dute eta Labakak partida horretan izango dela espero du. «Egia esan ez ditut aurkariak asko ezagutzen», esan du albizturtarrak. «Modalitate honetan faboritoak gu izango garela esaten dute, baina horrek berdin dio. Azkenean jokatu egin behar da, eta besteak ezustekoa ematera joango direnez, dena eman beharko dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!