Turismo Bulegoen Euskal Sareak Tolosaldeko turismo baliabideak ezagutu ditu

Ataria 2022ko urriaren 21a

Tolosaldea Garatzeneko turismo sailarekin elkarlanean egin zuen txangoa, atzo, Itourbask sareak, Tolosaldea ezagutu, sarea indartu, eta elkarlana, elkar ezagutza eta sinergiak sustatzeko.

Tolosaldeko turismo bulegoa Itourbask, Turismo Bulegoen Euskal Sareko kidea da. Eusko Jaurlaritzako Turismo Zuzendaritzak koordinatzen duen sare honek, urtero, Famtrip edo familiarizazio bidai bat antolatzen du Euskadiko eskualde batetara. 

Hain zuzen, turismo bulegoetako informatzaileak formatzeko helburua du txango horrek, beren jatorrizko herri edo eskualdeaz gain, Euskadiko beste helmugen inguruko informazioa emateko ere gai izan daitezen. Eta, noski, lehen eskutik ezagutzen den horri buruz, hobeto informatzen da.

Famtrip-ak edo familiarizazio bidaiak artatzea, Tolosaldea Garatzeneko Turismo Sailaren Marketin eta Merkaturatze lan ildoetako bat da. Euskadiko beste erakundeekin elkarlanean bidai agentziak artatu ohi dira, beraien eskaintzetan Tolosaldeko turismo baliabide eta enpresak ere sar ditzaten.

Zehazki, 39 pertsonako taldea izan zen bisitan, eta Tolosaldeko turismo bulegoan ez ezik, Topic museoan, Bide-bide hotelean eta jatetxean, Rafa Gorrotxategiren Txokolatearen Museoan, Altzoko Handia erakusketan, Txindokiko Itzala informazio puntuan eta abentura parkean, San Bartolome elizan eta Pello Zabala gunean ere egon ziren. Altzoko Ostatuan bazkaldu zuten.

Euskadiko 30 turismo bulegoetako langileek osatu zuten taldea: 4 Arabatik, 12 Bizkaitik eta 14 Gipuzkoako beste eskualdeetako bulegoetatik. Tolosatik hasi dute txangoa, eta Altzo, Abaltzisketa eta Amezketa ere ezagutzeko aukera izan dute.

Argazkiak: Mikel Iraola (Tolosaldea Garatzen).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!