Elkarrizketa

«Ariketa fisikoa egiteko programa izan beharko luke adineko bakoitzak»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urr. 19a, 19:59

Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak dituen bi eguneko zentroetara joaten da Aritz Gorostidi Basurto (Donostia, 1995) fisioterapeuta. Egunean eguneko ariketak jartzen dizkie erabiltzaileei, baina berak hamabostean behin egiten die bisita. Erabiltzaileek eta langileek dagoeneko ikusi dute emaitza, eta «asko mugitu daitezela» gomendatzen die adineko guztiei.

Zer da zehazki egiten duzuna adinekoen zentroetara joatean?

Eguneko zentroetan baino adinekoetan egiten den interbentzio bat da. Ariketa fisikoaren preskripzioa egiten dugu, hau da, pertsona bakoitzari egiten zaion plan edo programa da. Indibidualizatua egin behar da. Pertsona bakoitza baloratu egiten da; dituen beharrak, dituen gabeziak eta bere egunerokoan dituen helburuak kontuan hartzen dira, eta horren arabera programa bat diseinatzen zaio. Kasu honetan, fisioterapeutok ariketa fisikoaren gaineko programa zehatza egiten dugu. Nutrizionista batek dieta bat ezarriko lukeen moduan.

Beraz hasteko adineko bakoitza aztertu zenuen.

Hori da. Aurrekari medikoak begiratu, zein egoera pertsonal duten, zein laguntza sozial,... oso garrantzitsua da osotasun bat kontuan hartzea. Zeren ez da berdina familian laguntza duen adineko pertsona bat izatea edo ez duena; ariketa gehiago egin ditzake edo ez ditu egingo. Guzti horren arabera egiten da programa. Bilatzen den osotasun horrekin bideragarria izan daitekeen plana lortu nahi da. Agian ez da onena izango, baina bai bideragarriena.

Zu ez zaude astero gainean, ordea.

Beraien egunerokoan ariketa fisikoa nola sartu pentsatu genuen Elena —Rikondo— gizarte langileak eta biok. Bai Bidania-Goiatzen eta baita Errezilen dauden Eguneko Zentroetako laguntzaileen bitartez sartzea erabaki genuen. Orduan, lehenik eta behin formakuntza bat egitea pentsatu nuen. Bertan dauden laguntzaileak ondo formatzea zen helburua; ondo azaldu nien zertan oinarritzen den ariketa fisikoa egiteko programa, zein atal dituen, nola lantzen den atal bakoitza, zenbat egunetan, atsedenak nola txertatu,... eta gero hori era praktiko batean erakustea izan da.

Garrantzitsua izan da langileak prestatzea?

Hori da. Iaz, hasterako formakuntza bertako langileei egin zitzaien, bai teorikoa eta baita praktikoa ere. Behin hori egin eta gero zentroko pertsonekin hasi ginen lanean. Ni bi astetik behin joaten naiz beraiengana. Edozein zalantza baldin badago ariketa horiek argitzera edota pixkana-pixkana ariketa berriak sartzera, hau da, bakoitza nola eboluzionatzen ari den ikusita. Gero, beraiek edozein momentutan laguntza beharko balute, jarraipena email edo telefono bidez egiten diegu. Horretaz aparte, hilero, laguntzaileei eta Elenari ere egunero-egunero egin beharko lituzketen ariketa fisikoak egiteko saioak bidaltzen dizkiet.

Adineko bakoitzak bere berezitasunak izango ditu, baina orokorrean denek lantzen duten zerbait bada berdina?

Gaur egun ebidentzia handiena daukaten interbentzioak ariketa fisikoari dagokionez indarra eta erresistentzia dira. Bi gauza horiek lantzen dira, hau da, helburua pertsona horiek ahalik eta masa muskular gehien mantentzea da, eta daukaten indarra edo funtzionaltasun maila ahalik eta hoberena izatea. Eta bestetik, malgutasuna lantzea ere interesgarria da eta hori asko lantzen dugu. Adineko pertsonen beste arriskuetako bat erorketak izaten dira. Erorketak saihesteko oreka lantzea oso garrantzitsua da.

Oreka lantzea beharrezkoa da, beraz.

Ikusi da gutxi gorabehera oreka landuz gero, erorketen heren bat edo gehiago saihestu daitezkeela.

Hilabete batzuk daramatzazu jada Bidania-Goiazko eguneko zentroan, baina hasieran nola hartu zintuzten adinekoek?

Hasieran guztientzat zen egoera arraroa, baita langileentzat ere. Nik 85, 90 edo 94 urteko pertsonak pisua jasotzen jartzeko proposatzen nien, edo gomekin lan gogorrak egiten jartzeko edo eseri eta zutitu 10-12 aldiz jarraian egiteko... Neke hori eskatzen nien. Hasieran jarrera ezkorra somatu nuen, eta beldur pixka bat sentitu nuen. Baina ikusi zutenean mailakatuta ari ginela sartzen gauzak, hau da, lehen bi hilabeteetan adaptazio fase bat ematen da, gero mantentze fase bat dator eta gero hobekuntza fase bat datorrenez oso ondo hartu dute. Gainera oso natural. Erabiltzaileek eta langileek ere ikusi dute honek baduela bere emaitza.

Eta horregatik uda ostean jarraitzea erabaki da.

Hori da, eta egia esan oso ondo doa. Erabiltzaileak oso pozik daudela ematen du. Nik oso argi daukat, gaur egun, edozein adineko pertsonari egin beharko litzaiokeen esku-hartzea da. Bai beraiek ondo egoteko eta baita osasun mailan ere osasun sistema bideragarria izateko. Nik uste dut adineko bakoitzak x adinetik aurrera ariketa fisikoa egiteko programa bat eduki beharko lukeela. Nik hiru kontzeptu azpimarratzen ditut.

Zeintzuk dira hiru kontzeptu horiek?

Beharrezko dira bizi kalitatea mantentzeko, funtzionaltasuna mantentzeko eta azken batean ahalik eta autonomia gehien izan dezaten beraien egunerokoan. Gainerako pertsonengandik ahalik eta dependentzia gutxien izan dezaten.

Eta Saiazetik proposamena luzatu zizutenean ideia gustatu al zitzaizun?

Bai. Jada lan hori aplikatzen bost urte daramatzat. Egiten nuen zerbait zen, nahiz eta ingurunea ezberdina izan. Egoitza batean lantzen nuen, baina beste profil edo ezaugarri batzuk dituzten pertsonekin. Oraindik eguneko zentro askotan ez da lantzen, baina pixkana-pixkana, Gipuzkoa mailan, Adinberri proiektuarekin ere uste dut aldundia behartzen ari dela egoitza eta adinekoen zentroetan fisioterapeuten sarrera hori. Eta suposatzen da horrek ziurtatu beharko lukeela terapia mota horiek egiten direla.

Gizartea asko ari da zahartzen, eta adineko horien bizi kalitatean pentsatu beharra dago.

Gaur egun lortu duguna da bizitza asko luzatzea, baina ez duguna lortu da bizitzaren luzatze hori kalitatezkoa izatea. Puntu garrantzitsua da hori ere, bizi garena behintzat ondo-ondo bizitzeko.

Zein mezu duzu adinekoentzat?

Asko-asko mugitzea gomendatzen diet. Ahal duten guztia mugitzeko. Eta beraiek ariketa fisikoa egiteko programa bat izatea lortzen badute askoz hobe. Hori da ematen diedan gomendioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!