ELKARRIZKETA

«Bi gauza batera egiten ditut, kirola eta lana»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urr. 21a, 07:59

Ondo ezagutzen ditu etxeetako atariak eta buzoiak Maria Jesus Olarra hernialdetarrak; duela hogei urtetik buzoietako banatzaile lanak egiten ditu, eta besteak beste, Tolosan, Tolosaldeko Ataria banatzen du.

Maria Jesus Olarra Urkola (Hernialde, 1960) Tolosan bizi da, eta ia 20 urte daramatza banatzaile lanetan. Giltzak, etxeetako atariak eta buzoiak ondo ezagutzen ditu, eta besteak beste, Tolosaldeko Ataria Tolosako harpidedunen buzoietaraino eramaten du.

Noiz hasi zinen banatzaile lanetan?

Orain dela 20 urte hasi nintzen. Nire Tolosako lagun batek pegatina urdin batzuk ikusi zituen buzoietan. Orduan Hernialden bizi nintzen. Gero jabetu zen egunkari bat banatzen zela. Andoaingo banaketarako telefono zenbakia lortu genuen, eta deitu egin genuen. Horrela lortu nuen lanean hastea. Momentu hartan jendea bazutela esan ziguten, baina geroago ordezkapenak-eta egiteko deitzen ziguten.

Eta zer banatzen hasi zinen lehenengo aldi hartan?

Egunero egunkaria zen. Gero Hitza izan zen eta orain Ataria. Hasieran asteartetik igandera banatzen genuen. Egia esan pena izan nuen asteburuak kentzea; horrela dirua ere gutxiago irabazten baita. Orain asteartetik ostirala bitartekoa da.

Baina tarteka arratsaldeetan ere izaten duzu lana.

Enpresari udaletxeetatik lana ematen diote, kultur etxeetatik edo komertzioetatik banaketa lanak egiteko. Banaketa bereziak dira horiek, eta bolada honetan lan askorekin gabiltza. Oporren bueltatik gelditu ere egin gabe nabil. Bateko Ordizian, Lazkaon edo besteko Andoainen... Estropadetan Donostiara, Tolosan ere hizkuntza eskolako banaketa egin nuen; kasu horretan, Tolosa guztian egin nuen, eta Ibarran ere bai. Eta lan horiekin soldata handitzen zait.

Lana ez zaizu falta, beraz.

Ez. Orain bolada honetan, ez. Tarteka izaten da. Bi-hiru astean agian ezer ez, edo hilabetean; eta gero denak segidan. Bolada fuertea dugu orain, eta gero abendua iristen denean Durangoko Azokara ere joaten naiz jendeari eskuz esku banatzera.

 

«Harpidedunen zerrenda dut, eta giltza mordo bat ere bai atariak ireki ahal izateko. Giltzarekin errazagoa da; atea zabaldu eta barruan zaude»



Egun jakinak ere badituzue orduan.

Bai, San Tomas egunean ere bai, zerbait jartzen badute.

Nolako lana da zurea?

Jada hain ohituta nago, niretzat lan erraza da. Tolosaldeko Ataria-ko erredakzioan uzten dizkidate egunkari edo astekari guztiak, eta bertara joaten naiz eta bertatik hartzen ditut aleak karroan. Behin karroa beteta atera eta buzoneatzea da lana. Harpidedunen zerrenda dut, eta giltza mordo bat ere bai atariak ireki ahal izateko. Giltzarekin errazagoa da; atea zabaldu eta barruan zaude. Giltzarik ez dudan lekuetan, berriz, txirrina jo eta irekitzen badute buzoian sartzen ditut, eta ez badute irekitzen atearen azpitik sartzen ditut.

Jendeak errespetatzen du zuen lana?

Nik baietz uste dut. Jende asko dago Ataria zalea edo egunkari zalea dena.

Ateak irekitzen dizkizute?

Bai, uzten didate. Batzuk nahiz eta Atarikide ez izan «niri deitu lasai» esaten didate; hau da, txirrina jotzeko. Eta badira beste batzuk utzi behar diodan Atarikideri txirrina jotzeko esaten didatenak. Horrelakoak ere badira batzuk, eta horiek apuntatu egiten ditut zein diren, eta jada ez diet berriro txirrina gehiago jotzen.



Tolosa osoan banatzen duzu?

Ez. Tolosa hiru lagunen artean banatzen dugu. Lehen, orain dela 20 urte, bostek egiten genuen. Orain lan gehiago jarri digute; orain bost orduko ibilbidea daukat eta lehen lau ordukoa zen. Batzuk erretiratu ziren, besteek lana utzi zuten, eta guri jarri digute lan hori.

Zailena zer da banatu beharrekoen ibilbidea ikastea?

Guztia memoriaz ikasita daukat. Hainbeste urte nabilenez badakit, eta buru ona daukat, berriz, orain arte behintzat. Tarteka izaten dira baja ematen dutenak eta baita harpide berriak egiten direnak ere. Paperean jartzen dizkigute idatzita hasieran, eta hari begiratuz aritzen naiz ikasi arte. Baja ematean pegatina kendu egiten dugu, eta harpide egiten direnen kasuan berriz, jarri.

Zuen lana da pegatina jartzea?

Bai. Gure lana da, eta pegatinak lana errazten digu. Batzuk kendu ere egin izan dute pegatina, baina nik berriz jartzen dut. Ikasita dauzkat, eta lista ere badut badaezpada.

Giltza sorta ederra ere ibiliko duzu soinean.

Bai. Kaleen eta atarien inizialak jarrita ditugu, eta ez da hain zaila ate bakoitzeko giltza aurkitzea.

 

«Nahiago dut banaketarako euririk ez aritzea. Hotza erraz eramaten dut, beroarekin gehiago sufritzen dut»



Banatzerakoan kilometro batzu-batzuk ere egiten dituzu oinez.

Kirola egiten dut, eta horrekin gustura nago. Bi gauza batera egiten ditut ibili eta lana. Batzuk esaten didate zenbat ibiltzen naizen, gero ez daukadala ibili beharrik. Bost ordu ibiltzen naizela esanda, batzuk ikaratuta geratzen dira. Haiek ez daude nonbait ibiltzen ohituta!

Nekatzen zara?

Orain pixka bat gehiago nekatzen naiz, urte gehiago ditut eta. Hasieran gutxiago nekatzen nintzen, orain dela 20 urte.

Karroa erabiltzen duzu egunkariak eramateko.

Ostirala izaten dut txarrena. Dena bete-bete egiten zait, eta pisu gehiago eraman behar izaten dut. Baina banatu ahala arintzen joaten da. Bi gauza banatzen dira, eta aldi batean denak ez zaizkit sartzen eta hustutakoan berriz aleen bila joan behar izaten dut. Beste egunetan meheagoa da egunkaria, eta dena batean sartzen zait.

Eguraldiak izango du eraginik zure lanean. Euria traba izango da, ezta?

Nahiago dut banaketarako euririk ez aritzea. Hotza erraz eramaten dut, niretzat bero handia izaten da txarragoa. Beroarekin gehiago sufritzen dut. Momentu batzuetan eguzkiak harrapatzen nau, baina itzala ere leku askotan daukat.

Zein kaleetatik ibiltzen zara?

Araba etorbidea, San Frantzisko kalea, Pedro de Tolosa, Gernikako Arbola, San Esteban, Gudari kalea, Nafarroa etorbidea, Zumalakarregi, Laskorain... Trianguloara iristean pareak egiten ditut. Alde Zaharrean beste banatzailea aritzen da.

Tarteka lan ezberdinak eta herri ezberdinetan aritu behar izaten duzu.

Ordizia, Lazkao, Beasain, Legorretan,... esaterako, banaketa masiboak izaten dira. Buzoi denetan banatzen dut kasu horietan. Jendeak ateak irekitzen dizkit. Lazkaon ibili naizenean eta Ordizian ibilitakoan ere, buzoietara noala esan eta atea irekiko ahal didaten galdetuta, zein naizen galdetu ere egin gabe irekitzen zizkidaten askok. Bakarren batzuk esaten didate publizitatea kanpoan, baina jende jatorra ikusten dut nik Lazkao, Ordizia eta Beasain alde horretan.

Eta Tolosaren kasuan, zer esango zenuke jende jatorra dagoela?

Tolosan ere bai. Tarteka jenio txarrekoren bat agian, baina...

'Ataria' banatzen duzu. Baduzu harpidedunekin harremanik?

Denak ezagutzen naute jada hogei urtean. Batzuk lehenagotik ere ezagunak nituen, eta orain ezagutu ditudanak ere badira. Bi lagun baditut Gabonak etortzen direnean bonboi batzuk-eta oparitzen dizkidatenak. Eta beste bi edo hiru lagunek, berriz, kafesne bat hartzera gonbidatu ere egiten naute. Eskertzen didate buzoiraino eramatea.

Jendeak alerik eskatzen dizu?

Tarteka izaten da. Eskatzen dutenen kasuan emateko esan ziguten, eta guk eman egiten diegu. Beste batzuk zer egin behar den harpidedun izateko galdetzen dute, eta orduan egunkaria ematen diet eta nora deitu behar duten esaten diet.



Inauterietan ere tokatu izan zaizu lan egitea. Agian ez dira egunik onenak banaketa bereziak egiteko?

Ni gustura ibiltzen naiz. Musika asko gustatzen zait eta hura entzunez gustura aritzen naiz. Eta hiru egun horietan bikoitza ordaintzen digutelako ere bai. Inauteri batzuetan txarra gertatu zitzaidan karroa lapurtu zidatela giltzak eta guzti. Lanaren erdia eginda neukan, eta beste erdia egin gabe gelditu behar izan zen. Giltzak Udaltzaingoan entregatu zituzten, baina karrorik ez zen agertu. Harrez gero, inauterietan beti adi ibiltzen naiz karroarekin, eta atari askotan barrura sartuz ibiltzen naiz.

Horrelako besterik gertatu zaizu?

Beste igande batean ere karroa lapurtu zidaten. Orduan ez ziren azaldu ez giltzak eta ezta karroa ere. Bi aldiz lapurtu didate 20 urte hauetan.

Bukatzeko, baduzu mezurik?

Gustura egiten dudala lana. Hankentzat eta gorputzarentzat mesede egiten dit gainera. Eta segi dezala lan honek; hau da, harpidedunik ez dadila faltatu eta segi dezatela harpidedun izaten, eta ez direnak harpidedun egitera animatuko nituzke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!