ELKARRIZKETA

«Ikerketak erreminta bezala funtzionatzea nahi genuke»

Jon Miranda Labaien 2022ko urr. 18a, 11:59

Mirene Begiristain EHUko ikerlaria eta Biolurreko kidea da. Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Elkarteak, Duina proiektuaren ondorioak eman zituen ezagutzera joan den astean Tolosako Zerkausian; baratze ekologikoen bideragarritasuna aztertu dute lan horretan

EHUko Ekonomia fakultateko irakasle eta ikerlaria da Mirene Begiristain Zubillaga (Andoain, 1972). Biolur elkarteko kide ere bada eta baratze ekologikoen bideragarritasunaren azterketan parte hartu du.

Zertara dator azterketa hau?

2016an Biolurreko baratzezainen taldeak ikerketa ildo bat abiatu zuen baratze ekologikoen bideragarritasuna aztertzeko, bai arlo ekonomikoan, baita sozialean ere; 2020an Duina proiektura iritsi ginen, bertan Gipuzkoako eta Bizkaiko 11 proiektutan zer nolako baldintza sozio-ekonomikoak ematen diren aztertu dugu.

Zein aldagai aztertu duzue ikerketan?

Asko. Jakin nahi genuen nondik datozen barazki ekologikoaren prezioak edota zer nolako lan baldintzak sortzen diren ekoizpen proiektuetan, adibidez. Labore ezberdinetan ekoizpen kostuak zeintzuk diren aztertu dugu eta banaketa kanal interesgarrienak ere begiratu ditugu. Azken batean gure asmoa datu guzti hauek jendarteari begira duten inplikazioa aztertzea da. Jakin nahi dugu zein erabaki hartu behar ditugun gure baserrietan eta ekologikoan aritzen diren baratzeetan baldintza duinak sortzeko.

Atera dituzuen ondorioen arabera, baldintza horiek duinak dira gaur egun?

Emaitzak ez dira sorpresa bat izan. Aurretik ikusten genuen, adibidez, lan ordu asko egin behar izaten dutela baratzezainek. Emaitzen arabera, lan orduen gain karga, batez beste, %10 eta %53 ordu artekoa izaten da. Soldata duin batera iristeko zailtasun handia dute nekazariek. Kalkulatu dugu laborarien soldata erreala ez dela urtean 15.000 eurora iristen, Eskubide Sozialen Kartak soldata duina 16.800 eurotan ezarria duenean. Bi urte hauetan milaka datu bildu eta gero, gure inpresioak berresteko aukera izan dugu.

Zeintzuk dira egoera horretara eramaten duten arrazoiak?

Oro har, diru laguntzak ez dira bideratzen ekologikoan dabiltzan eta erresilienteagoak diren proiektu txikiagoetara. Baratzezaintza ekologikoan sarrera guztien %5,42 baino ez dute suposatzen diru laguntzek. Alderantziz kanpo eragin positiboak asko dira: agroaniztasuna, ongarriketa ekologikoa, tokiko barietateak bermatzea, paisaia eta lurzoruaren zainketa, hondakinen murrizketa, gertuko banaketa eta harremana...

Zein neurri har daitezke baratzezaintza ekologikoa duintzeko eta bideragarri egiteko?

Lan hitzarmen berrikusketa, ordezkapen zerbitzu egokiak bermatzea, kanpo eragin positiboak konpentsatzea eta elikagai ekologikoen prezioen behatokia sortzea proposatzen dugu Biolurretik. Dena den, azterketarekin ez da ezer amaitu. Ikerketak erreminta bezala funtzionatzea nahi genuke. Aplikazio bat sortu dugu lan orduak jasotzeko eta excel orri bat analisi ekonomikorako. Eskuragarri dago sektorean aritzen diren guztientzat.

Ikerketaren ondorioak gizarteratzen ari zarete orain.

Bai. Ezinbestekoa iruditzen zaigu diagnosi hori gizarteratzea, guztion artean sektorearen etorkizuna bermatuko duen hitzarmen sozial bat garatzeko. Tolosan egon garen bezala, Zizurkilen saio tekniko bat egingo dugu azaroaren 8an.

Zein eragilek hartu dute parte egitasmoan?

Biolurretik bideratu dugu ikerketa eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren kontseiluak eta EHUk lagundu dute. Aspalditik genuen lan hau egiteko asmoa. Ikerketa Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu dute. Oso kontentu gaude ikusita noraino iritsi garen, ez bakarrik kuantitatiboki. Kualitatiboki elkarlan hau palanka bat izan da Biolurreko baratzezaintza taldearentzat. Indartuta atera da. Gardentasun handiarekin egin dugu lan eta hori garrantzitsua da. Proiektu bakoitzari analisi propioa egin eta ekoizpena nola hobetu zehaztu dugu. Hau lanketa kolektiboa izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!