Gaur arratsaldean, Beotibarren pilota jaialdia eta Peña II.aren mediku emaitzak

Ataria 2022ko urriaren 17a

Lau eta erdiko ligaxkako lehen jardunaldia jokatu zen asteburuan. Jokin Altunak 22-16 irabazi zion Jon Ander Peñari. Tolosarrak zaintiratu bat izan zuen 14-11 aurretik zela.

Pilotak ez du etenik izango. Asteburuko partiden ondoren, gaur, Tolosako Beotibarren profesionalen jaialdia hasiko da 16:30ean. Hiru partida jokatuko dira. Victor-Gaskue eta Salaberria-O. Etxeberria izango dira lehen lehiako protagonistak. Ondoren, Irribarria-Tolosak Egiguren V-Zabaletari egingo die aurre. Azken partida promozio mailako lau eta erdiko txapelketakoa izango da, Bakaikoa eta Expositoren artekoa.

Lau eta erdiko lehen jardunaldia

Asteazkenean hasi zen ligaxka, Peio Etxeberria eta Darioaren arteko partidarekin. Nafarrak azken txanpan aurrea hartu zion errioxarrari. 22-17 amaitu zen Sorian (Espainia) jokatu zen partida.

Multzo bereko beste bi pilotariek Gasteizen jokatu zuten euren partida igandean. Parekatua eta borrokatua izan zen. Jon Ander Peña handi bat ikusi genuen lesioa agertu zitzaion arte. Hortik aurrera, Altuna III.ak ez zuen barkatu. 54 minutu iraun zituen partidak, eta 235 pilotakada eman zituzten. Amezketarrak 13 tanto egin zituen, hiru kalerekin batera. Tolosarrak ere 13 tanto egin zituen, baina bederatzi pilota galdu zituen.

Hurrengo partida irabazleen eta galtzaileen artekoa izango da. Altuna III.ak, beraz, Peio Etxeberriaren aurka jokatuko du Donostiako Atano III.a pilotalekuan, igandean, 17:00etan. Jon Ander Peñak Dario izango du aurkaria, baina ikusi beharko da tolosarrak jokatzeko aukerarik duen. Baikotik azaldu dutenez, gaur arratsaldean esango dute lesioaren larritasuna norainokoa den. Gauzak ondo, bi galtzaileen partida ostiralean jokatuko da Tafallan, 21:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!