Eskualdeko korrikalariak, XXIV. Donostiako Salto 15K Klasikoa lasterketan

Ataria 2022ko urriaren 17a

Atzo jokatu zen Donostian 15 kilometroko lasterketa. Mugikortasun urrikoen kategorian, Ion Galarraga goiaztarra izan zen azkarrena, eta 5 kilometroko proban, Maria Navascues tolosarra txapeldun izan zen.

Ion Galarraga goiaztarrak lasterketa berri bat irabazi du asteburuan. Atzo txapeldun izan zen XXIV. Donostiako Salto 15K Klasikoa lasterketan, mugikortasun urrikoen mailan. 27 minutu eta 42 segundo behar izan zituen Galarragak. Eskualdeko beste korrikalari batek ere parte hartu zuen. Mikel Goikoetxea amezketarra laugarren izan zen (1.03.34).

Roller kategorian ere eskualdeko irristalari bat podiumera igo zen. Julen Urkizar tolosarra bigarren izan zen (25.44). Lehen hamar postuetan Tolosako beste bi irristalari sailkatu ziren: Iñaki Zubillaga zazpigarren izan zen (26.04)  eta Imanol Imaz hamargarren (27.09). Emakumezkoetan, Nere Karrera tolosarra laugarren izan zen (28.18).

15 kilometroko lasterketan, beteranoen kategorian (40 urtetik gora), bi tolosar podiumera igo ziren. Andoni Saldias (51.20) eta Maider Lasa (1.01.13) hirugarren helmugaratu ziren.

Azkenik, 5 kilometroko lasterketa ere izan zen, eta bertan, Maria Navascues tolosarra izan zen azkarrena emakumezkoetan. 18.57ko denborarekin helmugaratu zen. Irati Larrañaga tolosarra hirugarren izan zen (22.35) eta bere atzetik sailkatu zen laugarren postuan Gema Oreja zizurkildarra (22.46).

Esteka honetan begiratu daitezke sailkapenak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!