Oihana Zubillagak Basajaun Trail Race mendi lasterketa irabazi du

Ataria 2022ko urriaren 17a

Larunbatean izan zen lasterketa Galdion (Nafarroa) eta 23 kilometroko proba irabazi zuen anoetarrak. 43 kilometroko proban, Iñaki Olano altzotarra bigarren izan zen, eta Tolosan bizi den Sarah Ugarte donostiarra, hirugarren.

Oihana Zubillaga mendi lasterkari anoetarrak garaipenak pilatzen jarraitzen du. Larunbatean, txapeldun izan zen Galdion (Nafarroa) jokatu zen Basajaun Trail Race mendi lasterketan. Bi proba izan ziren, motza (23 kilometro) eta luzea (43 kilometro) , eta Aldin Kirol eta Kultur Elkarteko korrikalaria 23 kilometrokoan parte hartu zuen. Bera izan zen azkarrena emakumezkoetan, 2.17.31ko denborarekin helmugaratuz. Hiru Herri taldeko Ainara Alcuaz izan zen bigarren (2.18.30), eta Izaskun Bereau helmugaratu zen hirugarren postuan (2.37.08). Gizonezkoetan, Pablo Gonzalez izan zen azkarrena (1.59.10), Jose Luis Beraza sailkatu zen bigarren postuan (2.02.02), eta Alvaro Irurita izan zen hirugarren (2.03.27).

43 kilometroko proban ere izan ziren eskualdeko korrikalariak. Gizonezkoetan, Camp Base taldeko Iñaki Olano altzotarra bigarren sailkatu zen, 3.54.25eko denborarekin. Zanpatuz taldeko Jokin Lizeaga izan zen azkarrena, 3.51.56eko denborarekin helmugaratuta. Txurregi taldeko Xabier Zarranz izan zen hirugarren, 4.07.17ko denbora markatuta.

Emakumezkoetan, gaur egun Tolosan bizi den Asics taldeko Sarah Ugarte donostiarra hirugarren izan zen (4.59.30). A4xkm taldeko Naiara Irigoyen (4.44.36) eta Maria Irigoyen (4.56.02) korrikalari sailkatu ziren bere aurretik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!