Tolosaldeko trikitilari eta panderojoleen eguna da gaur

Jon Miranda Labaien 2022ko urriaren 15a

Hauspotuz elkarteak Tolosaldeko II. Trikitixa Eguna antolatu du. Tolosako kaleak izan dituzte elkargune eta bazkaritan 210 lagun inguru bildu dira eta arratsaldean kalejira erraldoia egingo dute Triangulotik abiatuta.

Jendetsua izaten ari da Tolosaldeko II. Trikitixa Eguna. 2019an, pandemiaren aurretik antolatu zuen Hauspotuz elkarteak lehenengo aldiz eguna, eta aurten, festa giroa berreskuratzeko asmoz bigarren edizioa egin dute. Tolosako kaleak trikitilari eta pandero jotzailez bete da. Lopez Mendizabal plazan elkartu eta hamaiketakoa egin ondoren, taldeka atera dira soinu jotzaileak kalejiran. 13:30 inguruan elkartu dira Plaza Berrian eta argazkia egin ondoren, bazkaltzera joan dira elkarrekin. 210 lagunek eman dute izena bazkarian.

Arratsaldeko kalejirarako jende gehiago espero dute antolatzaileek. 18:30erako egin dute hitzordua Triangulon eta Alde Zaharreko kaleetan barrena ibiliko dira trikitilari eta pandero jotzaileak kalejira erraldoian.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!