Urriaren 22an egingo da Hernialdeko 21. Rolleski Igoera

Tolosaldeko Ataria 2022ko urr. 13a, 17:00

Rolleskian aritzen direnak beste aukera bat izango dute Alpino Uzturre elkarteak antolatzen duen proban lehiatzeko. Izena emateko azken eguna urriaren 20a izango da.

Helduek, 2008an eta aurretik jaiotakoek, ohi bezala bi modalitate izango dituzte aukeran: skating eta klasikoa. Skatingekoak Tolosako Belate auzotik abiatuko dira 16:00etan eta lehen 800 metroak lauak izango dituzte. Ondoren igoera egingo dute, 3,2 kilometro eta 225 metroko desnibelarekin. Klasiko modalitatean ariko direnak igoera bakarrik egingo dute, eta Hernialdeko Bentatik (trenbide azpitik) izango dute probaren irteera, 16:05ean. Infantilek (2009an eta ondoren jaiotakoek) ere parte hartzeko aukera izango dute. Klasiko eran ariko dira, eta Anoetako bidegurutzean abiatuko dira, 1,5 kilometroko bidea eginez. 16:10ean hasiko dira.

Sariak infantil mailan, eta helduen zein beteranoen mailan (1982an jaiotakoak eta aurretik) emango dira. Izen ematea doan da eta epea urriaren 20ean, osteguna, 20:00etan bukatuko da. Alpino Uzturre elkartean eman daiteke izena, Tolosako Gudari kaleko 5. zenbakian edo 685 776 504 zenbakian (arratsaldez), edo uzturre@hotmail.es helbidera idatzita. Izena ematerakoan izena eta bi abizenak, jaiotza urtea, telefonoa, eta zein elkartekoa den edo herrikoia den zehaztu beharko ditu parte hartzaileak. Lasterketan kasko eta betaurrekoak derrigorrezkoak direla azaldu dute antolatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!