Belarriprest eta Ahobiziekin batera, ariguneak izango dira aurtengo Euskaraldiko protagonistak. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute ariketa sozialaren hirugarren aldia, eta 22. Korrikako Hitzekin leloari jarraipena emanez, Hitzez ekiteko garaia izango da aurtengo leloa. Jada zabalik dago entitateen izen-emate epea; izan ere, 2020an bezala, entitateek parte hartu ahal izango dute ariguneak sortuz eta euskaraz «lasai» aritzeko guneak bermatuz.
Ariguneak identifikatzen, sortzen eta areagotzen jarraitzea da, hain zuzen ere, antolatzaileen helburua. Aurreko aldietako balorazioetan ikusi dute euskara erabiltzeko «gune babestuak» izateak erabilera errazten duela, eta, horrekin batera, hizkuntza ohiturak aldatzen eta euskarazko praktika linguistikoak areagotzen laguntzen dutela; horregatik, izena emateko proposamena egin diete enpresa, erakunde, elkarte, klub, talde eta era guztietako entitate antolatuei. Gaineratu dutenez, aurten izen-emate prozesua «erraztu» dute.
Antolatzaileen arabera, aurreko aldian entitateek izan zituzten esperientziak eta lorpenak beste batzuentzat baliagarri izan daitezke, eta, horregatik, esperientzia horiek zabaltzeko ahalegina egingo dutela azaldu dute. Izan ere, Euskaraldiarekin gizartean aldaketa bat eragin nahi dute; hizkuntza praktikatan eragin nahi dute, hain zuzen. Hori lortzeko, entitate eta herritarrei proposatu diete euren buruei «erronka konkretuak» jartzeko, euskararen erabilera areagotzeko eta hizkuntza ohituretan aldaketak egiteko.
Egitasmoan parte hartzen duten norbanako zein entitateei hizkuntza ohituretan eragiteko tresnak eskaintzea izango da «lehentasunetako bat». Aurten, kalea hartzeko, gizarte aktibazioa handitzeko eta euskararen erabilera zabaltzeko aukera izango dute herritarrek. Herritar norbanakoek jada eman dezakete izena Ahobizi edo Belarriprest modura, ondorengo estekan: Izenematea.euskaraldia.eus.