ELKARRIZKETA

«Ematen ari diren aldaketak ez dira langile klasearen beharrak hobetzeko eginak»

Ataria 2022ko urr. 12a, 11:58

'Hezkuntza ofentsiba kapitalista gelditu' lelopean greba deitu du IAk urriaren 27rako; EAEko Hezkuntza Legearen eta erreformen kontra antolatzeko deia egin dute Tolosaldeko IAko kide diren Maddi Etxeberriak eta Oier Calegainek.

Ikasle Abertzaleek grebara deitu dituzte bigarren hezkuntzako ikasleak urriaren 27rako. Maddi Etxeberria eta Oier Calegain Tolosaldeko Ikasle Abertzaleek esan dutenez, hezkuntza sozialista aldarrikatu eta eraiki nahi dute.

Zer da eskatzen duzuena?

Maddi Etxeberria. Hezkuntza ofentsiba kapitalista gelditu lelopean deitu dugu greba. Bizi dugun krisi testuinguruan langile klasearen egoera geroz eta kaskarragoa eta lazgarriagoa da. Familia askoren bizi baldintzak okertu egin dira, eta, ondorioz, ezegonkortasuna areagotu da. Lan baldintza kaskarrak, soldata baxuak, langabezia tasa altuak, lan partzialak edo praktika kontratuak, oinarrizko prezioen gorakada... dauzkagu, eta hezkuntzaren egoera ere ez da hobea.

Oier Calegain: Hezkuntzak etorkizuneko lan mundura irteteko prestatzen gaituen heinean, miseria egoera honetara prestatzen gaitu. Hezkuntza eraldatzen ari da, ekoizpen eredu kapitalistaren beharretara moldatzeko. Prozesu horretan, hezkuntza erreformek, Lomloe eta EAEko Hezkuntza Legeak besteak beste, funtzio garrantzitsua betetzen dute: hezkuntzaren eraldaketa prozesua formalizatzea eta aurpegia garbitzea.

Etxeberria: Erreforma prozesuak ez dira hezkuntza gainbeheran dagoen testuinguru batean hezkuntza prozesua hobetzeko aplikatzen, gizarteko aldaketei egokitu eta etorkizuneko langile produktiboak heztera begira baizik. Era berean, hezkuntzaren egoera erreala ezkutatu eta bikaintasunerako bide faltsu bat saltzen dute. Baina hezkuntzaren egoera bestelakoa da: hezkuntzaren kalitatearen beherakada eta ikasketa baldintzen okertzea dakartza.

Tartean, EAEko hezkuntza lege berria aipatu duzue. Segregazioa bultzatzen duela uste duzue?

Calegain: Langile klasearen pobretzeak ondorio zuzenak ditu hezkuntza prozesuaren baldintza materialetan. Ikasle baten hezkuntza prozesuari loturiko gastuak handiak dira, eta familia txiroenek berebiziko ahalegina egin behar izaten dute. Ikasle baten batez besteko gastuak hezkuntza publikoan urtean 664 eurokoak izaten dira. Auzi hau ezin da auzi ekonomiko huts batera mugatu.

Etxeberria: Hezkuntza sistemak tresna ezberdinak ditu filtro sozialerako. Eta horrela, ikasleriaren posizio sozioekonomikoaren arabera aukera batzuk edo besteak eskaintzen zaizkio. Horretarako, ebaluazio sistema eta selektibitatea bezalako mekanismoak daude. Nota onak ateratzeko gaitasuna duten horiek aukera gehiago edukitzen dituzte; kontrara, ikasketetan arazoak dituen sektorea lan eta bizi baldintza kaskarragoetara kondenatua da.

Eta zer egin dezakezue horren aurrean?

Calegain: Ikasle Abertzaleok lege horri kritika bat egin nahi diogu. EAEko hezkuntza akordioak, beste askok bezala, pluraltasun faltsuaren ideia indartu du. Lau alderdi politikoen arteko akordioa izatearen eta izaera parte hartzailearen aitzakiapean egungo hezkuntzaren egoeraren gaineko desmobilizazio eta kritika ezerako baldintzak jarri dira.

Eta grebarekin zer aldarrikatu edo defendatu nahi duzue?

Etxeberria: Hezkuntzaren gaineko ofentsiba kapitalista salatzeko hartuko ditugu kaleak. Argi eta garbi adierazi nahi dugu ematen ari diren aldaketa guztiak ez direla langile klasearen beharretara eta ikas baldintzak hobetzeko eginak. Beraz, bestelako hezkuntza eredu baten beharra dugula aldarrikatuko dugu, hezkuntza sistema sozialistaren beharra: kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den hezkuntza eredua.

Arazo errealak gaindituko dituen hezkuntza sistema nahi duzue. Zein dira arazo horiek?

Calegain: Gaur egungo hezkuntzak funtzio argi bat betetzen du: sistema kapitalistaren beharrei erantzun eta ikasleak etorkizuneko lan mundurako heztea. Egungo hezkuntza sistema edukiz husten ari da, hau da, memorizatzeko gaitasunari ematen zaio zentralitatea eta ez edukia barneratzeari. Izaera baztertzailea eta inposatzailea ere baditu. Baztertzailea, geroz eta familia gehiagok ez dutelako gaitasunik gastuei aurre egiteko, eta inposatzailea, hezkuntzaren erabakimen gaitasuna gutxi batzuen eskuetan kokatzen delako, hau da, politikarien zein enpresa pribatuen eskuetan. Horrela, ikasleriak ez hezkuntza komunitateak ez du inolako erabakimen gaitasunik. Gure ustez, hezkuntzak pertsonalitatean garapen askea bultzatu behar du, ikasle kritikoagoak sortuz eta ikasgelan gaitasun eta interes ezberdinak sortuz, hauek intelektualki, moralki, teknikoki prestatuz ongizate unibertsala erdigunean edukiko duen gizarte eredurako.

Garrantzitsua da ikasleek grebarekin bat egitea?

Etxeberria:Erreforma hauek hezkuntzan aplikatzen diren momentutik ikasle ororen atxikipena ezinbestekoa zaigu. Aldaketa hauek ikasleria osoari eragiten diote. Era berean, denon artean antolatzea eta lan egitea dira hezkuntza sistema berri bat eraikitzeko eta erreforma hauei aurre egiteko giltza.

Tolosaldetik zein asmo duzue urriaren 27rako?

Calegain: Mobilizazioak hiriburuetan izango dira, eta gu Donostiara joango gara. Mobilizazioa 11:30ean hasiko da, Bulebarrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!