Atzerriko ikasleak etxean hartzeko familiak lortu nahi dituzte

Ataria 2022ko urr. 12a, 07:57

Egonaldi labur baterako ikasle bat etxean hartu nahi duten familia anfitrioiak bilatzen ari dira Tolosa eta inguruetan.

Travel 4 Learning familia agentziak Tolosaldean familia anfitrioiak bilatu nahi ditu, 2023tik aurrera ikasle atzerritarrentzako murgiltze programa baten helmuga izateko. 

Ikasle atzerritarrak egonaldi labur baterako etxean hartzeko programa bat da. Egun batzuetako egonaldiak dira, irakasleekin ikasturtean zehar egiten dituzten eskola bidaien barruan daudelako kokatuta. Astegunetan izaten dira egonaldiak, eta ikasleen adina 13 eta 17 urte bitartekoa da. Anfitrioia izango den familiaren etxera iluntzean iritsiko da ikaslea, afaltzera, eta hurrengo goizera arte partekatuko dute etxebizitza. Hurrengo goizean berriro ere irteera izango du ikasleak, eta hamaiketakoa eta bazkaltzeko ogitartekoa prestatu beharko zaizkio. Familiari ordaindu egingo zaio. 

Interesa duten familien bila dabiltza, proiektua azaldu eta programa aurrera atera ahal izateko. Informazio gehiagorako 696 395 211 telefonora deitu edo familias@travel4learning.com helbidera idatzi daiteke. 

Esperientzia bakarra

Travel 4 Learning familia agentziak 80ko hamarkadan ekin zion bere ibilbideari, eskolan ikasten zuten gaztelania praktikatzeko esperientzia baten bila zebiltzan ikasle atzerritarrak jasoz. «Bertako familia batekin bizitzeak aukera ematen zien bertako kultura ulertzeko eta ikasitakoarekin lotzeko, eta, aldi berean, hizkuntza zuzenean entzun eta praktikatzeko», esan dute antolatzaileek. 

«Oso garrantzitsua da familia eroso egotea; izan ere, ikasle askorentzat etxetik kanpoko lehen esperientzia da, betirako gogoratuko dutena». Horretarako, bi oheko gela bat eta tratu atsegina emateko gogoa besterik ez da behar. «Gauzak maitasunez egingo dituzten pertsonen etxebizitzak bilatzen ari gara». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!