Aiztondo bailarako Irrika aisialdi taldea aurkeztuko dute bihar

Jon Miranda Labaien 2022ko urr. 11a, 07:59
Irrika taldean begirale bezala arituko diren gazteak Villabona eta Zubimusu arteko oinezkoen zubian

Villabonako Erreboteko plazan egingo dute aurkezpen ekitaldia; umeentzako jolasak, zozketak eta opariak izango dira eta taldean izan emateko aukera izango dute gaztetxoek.

Udatik hona mamitu den proiektuak bihar ikusiko du argia eta jendaurrean aurkeztuko da Aiztondo bailararako sortu duten aisialdi talde berria: Irrika. Orain arte egon den hutsunea bete eta giza baloreetan oinarritutako proiektu independentea da aurkeztuko dutena, bailarako 8 eta 16 urte arteko ume eta gaztetxoei eskaintza egingo diena.

Begirale izandako hainbat herritar bildu ziren uda hasieran gazteen aisialdirako eremuan zegoen hutsuneari irtenbide bat eman nahian. Talde horretan parte hartu zuen Nekane Aizpunek. «Guk bizi izan genuen esperientzia oso polita izan zen eta sinetsita gaude bailararentzat horrelako ekimen bat aberasgarria dela. Alde batetik, umeekin lehen kontaktua izan eta praktikak egiteko aukera ematen zaie begirale izan nahi duten gazteei. Beraien hezkuntza prozesuan lehen arduratxoak hartzea ere garrantzitsua da. Eta zer esanik ez ume eta nerabeentzat, ikastetxe eta adin ezberdinetako beste umeekin harremanak egiteko aukera ematen die horrelako proiektu batean parte hartzeak».

Ideia hori abiapuntutzat hartuta, koordinazio talde bat sortu eta begirale izan nahi zutenentzako deialdi ireki bat egin zuten irailaren 2an. «Izugarri ondo erantzun zuen jendeak, guk uste baino hobeto eta begirale bezala aritzeko prest dauden 20 gazte baino gehiago gerturatu zitzaizkigun. Ez genuen horrelako harrera espero, inondik inora», esan du Aizpunek. Irrika taldearekin lehen harremana Instagramen egin zuen Maddi Ormaetxea zizurkildarrak eta antolatutako bilera horietako batera gerturatu ondoren, taldeko kide izateko pausoa eman du. Aurretik Zizurkilgo Oporretan Euskaraz udaleku irekietan ere izan du esperientzia Ormaetxeak: «Nik udaleku horiek ume bezala ezagutu nituen eta gero begirale gisa. Izugarri gustuko dut umeekin aritzea eta horregatik eman dut izena Irrikan».

Begirale taldea osatuta, orain umeek izena emateko txanda dela aipatu dute Aizpunek eta Ormaetxeak. Bihartik aurrera egongo da horretarako aukera, aurkezpen ekitaldiarekin batera zabalduko baitituzte izen emateak. Azkeneko asteak jendaurreko ekitaldi hori prestatzen eman dituztela aipatu du Ormaetxeak.

10:30ean Besamotza konpartsakoekin egingo duten kalejirarekin abiatuko dute eguna. Erreboteko plazan bilduko dira ondoren eta begiraleek egunotan prestatutako dituzten jolasak izango dira umeentzat. Aurkezpen ekitaldian aurkeztuko dute Irrika taldeak izango duen logoa. Hiru aukera prestatu dituzte eta Zizurkilen irailaren 11n jarri zuten postuan bertaratutakoek gustuko aukeraren alde egin zuten. Bihar jakinaraziko dute zein den logo irabazlea eta bozketan parte hartu dutenen artean sorpresa kaxa bat zozkatuko dute.

Ez da opari bakarra izango. Irrika aisialdi taldeko kideek hainbat sari eskuratu dituzte eta tonbola baten bitartez jarriko dituzte zozketagai. Besteak beste, Iriarte jatetxean bi lagunentzako menua, Realeko Nerea Eizagirre kapitainak sinatutako baloi bat eta Irrikaren logo berria daraman telazko poltsa eskuratzeko aukera izango da.

UDALEKUAK OLLOGOIENEN

Tonbolan parte hartuta, herritarrek ekarpen txiki bat egin ahal izango diote aisialdi talde berriari, izan ere, ikasturtean zehar antolatutako ekimenak doakoak izatea nahiko lukete Irrika taldeko kideek. «Diru laguntza bidez funtzionatzea da gure asmoa eta hasi gara dagoeneko harremanetan bailarako udalekin. Eusko Jaurlaritzara ere joko dugu laguntza eske», aipatu du Aizpunek. Amasa-Villabonako Udalarekin egin dute lehen harremana eta arduradunek laguntza eskaintzeko prestutasuna agertu dute: «Kanpo espazioak erabili eta materiala gordetzeko tokiak eskaini zaizkigu eta oso eskertuta gaude».

Uda aurretik Amasa-Villabonako Udaleko Gazteria sailetik herriko ikastetxeetan ikasle eta haien gurasoen artean banatutako galdetegian erantzundakoetatik abiatuta egingo du eskaintza Irrika taldeak Aizpunek esan duenez. Hamabost egunean behin LH3tik DBH4ra bitarteko umeei aisialdi eskaintza egingo zaie ikasturtean zehar, ostegun, ostiral eta larunbatetan. Ormaetxeak zehaztu duenez hezkuntza formaletik aparteko orduetan errespetuan eta elkarkidetzan oinarritutako aisialdi eredua bultzatuko dute eta arreta berezia jarriko dute euskararen sustapenean.

Udaleku itxiak ere antolatu nahiko lituzke Irrika aisialdi taldeak udan eta bailarako herritarren artean erreferentzia izan den Ollogoien herrira bueltatu nahi lukete. «Han pasatu dugu gure haurtzaroa bailarako ume askok eta begirale gisa ere joan gara. Lasaitasuna eta askatasuna bizi dute hara joaten diren umeek eta luxurik gabe astebete pasatzeko aukera izaten dute. Esperientzia zoragarria izaten da», nabarmendu du Aizpunek. Ekaineko azkeneko astean eta uztaileko lehenengo hiru asteetan antolatu nahiko lituzkete udaleku itxiak, astebeteko lau txanda antolatuz.

Udalekuetarako izen emateak martxoa-apirila inguruan hasiko dituzte, baina bien bitartean bihartik aurrera Irrikan parte hartu nahi duten umeek bat egin dezakete aisialdi taldearekin, irrikagara@gmail.com helbidera idatzita. Bihar eguerdian, ekitaldia amaitzeko egingo duten argazki jendetsua izango da ibilbide baten hasiera adieraziko duena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!