Peña II.ak egin du bakarrik aurrera

Tolosaldeko Ataria 2022ko urr. 10a, 16:00

Lau eta Erdiko Txapelketaren final-zortzirenetan eskualdeko hiru pilotari zeuden lehian, eta tolosarrak bakarrik irabazi du bere partida. Iñaki Artola eta Erik Jaka txapelketatik kanpo geratu dira.

Martxan jarri da urteko azken txapelketa gizonezkoen pilota profesionalean, eta eskualdeko pilotarientzat ez da izan nahi bezalako asteburua. Hiru pilotarik parte hartu dute final-zortzirenetako kanporaketan: Jon Ander Peña tolosarrak, Iñaki Artola alegiarrak eta Erik Jaka lizartzarrak. Bakarrak egin du aurrera, Peña II.ak. Ez zuen aurkari erraza tolosarrak, Urrutikoetxearen kontra jokatu baitzuen. Partida oso ona egin zuen eta 18-22 irabazi. «Garaipen garrantzitsua da», esan zuen tolosarrak ETBko mikrofonoen aurrean. «Denbora neramakien banakako txapelketetan lehen partidan nirea eman gabe. Gaur askoz lasaiago egon naiz, alde horretatik entrenatuagoa etorri naiz, eta oso pozik garipenarekin». Presio handia eragin zion Urrutikoetxeari: «Aurkari guztien aurka ezin da horrela jokatu, baina Mikel piloteoan oso ondo aritzen da, lau eta erdikoa ondo menperatzen du. Irabazteko modu bakarra deseroso sentiaraztea da eta uste dut lortu dudala. Akats batzuk egin ditut egin behar ez nituenak, baina orokorrean partida oso ona egin dut, bizi jokatu dut, eta oso pozik nago».

Garaipenarekin final-laurdenetarako ligaxkara sailkatu da Peña II.a: «Ilusio ikaragarria egiten dit hori lortzea. Orain hiru partida ditut jokatzeko, eta ea zerbait polita egin eta finalerdietara pasatzeko aukera dudan». A multzoan parte hartuko du tolosarrak, eta bertan dago Jokin Altuna amezketarra. Hain justu, ligaxkako lehen partida elkarren artean jokatuko dute: urriak 16, igandea, 17:00etan hasiko den jaialdian, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Multzoko beste bi pilotariak Peio Etxeberria eta Dario dira, eta horiek elkarren aurka asteazken honetan jokatuko dute.

Lehen partidatik ez dira pasa

Erik Jaka eta Iñaki Artola lehen kanporaketan geratu dira txapelketatik kanpo. Jakak 16-22 galdu zuen Elordiren aurka. «Nire mailatik oso behera egon naiz», adierazi zuen lizartzarrak ETBn. «Ez da gaurko kontua bakarrik, azkenaldian ez naiz ari gustura sentitzen kantxan, nire mailatik behera jokatzen ari naiz. Gaur ere segituan bete egin naiz, gorputzari ez nion bueltarik ematen, eta buruz oso ahul ikusi naiz, itzalita sentitu naiz. Tristura handiena horrek ematen dit. Zurea jokatzen baduzu eta kantxan duzun dena ematen baduzu, gero galduz gero, bestea hobea izan delako izan da. Baina berari meriturik kendu gabe, bere lana oso ondo egin duelako, ni nire mailatik behera, itzalita, jokatu dut, eta pena handiena horrek ematen dit».

Bere jokoa ekarri nahian dabilela gaineratu zuen Jakak: «Nire aldetik ahal dudan guztia egiten dut, ez daukat nagitasunik lana egiteko, baina bihotzeko arazoa pasa nuenetik ez ditut aurreko sentsazio horiek izan berriz. Ez dut esaten berriz ere txapela jantzi edo final batera iritsi behar dudanik; nire helburua da berriro ere nire maila berreskuratzea, kantxan disfrutatzea, eta uste dut hori ez naizela ari lortzen. Lanean segituko dugu hori gertatzeko».

Artolak Elezkano II.aren aurka 22-19 galdu zuen Villabonako udal pilotalekuan. Lehen aldiz jokatu da bertan pilota profesionaleko partida bat. Partida amaituta, Artolak ETBri izandako jokoaren balorazioa eskaini zion: «Partida detailetan erabaki da; tanto gogor gutxiko partida izan da, frontoiaren ezaugarriengatik izan liteke. Frontoi oso azkarra da; orduan, sakea zeukanak pilota eskuan ondo sartzen bazuen, mina egiteko aukera zuen. Oso partida taktikoa izan da, tanto motzekoak, eta oso sartuta egotea eskatzen duena. Elezkanok erabaki onak hartu ditu. Nik saketan bi falta egin ditut eta hortxe erabaki da».

Lau eta Erdiko Txapelketatik kanpo geratzeaz ere mintzatu zen alegiarra: «Dudarik gabe, nahi baino lehenago amaitu da. Txapelketa ofizialak prestatzen denbora pasatzen dugu eta galdutakoan pena halakoa ere hartzen da. Orain burua altxa, hurrengo partida preparatu eta ez dago besterik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!