Iñaki Olano bigarren, Gorbeia Suzien probako Skyrace lasterketan

Ataria 2022ko urriaren 10a

Argazkia: Gorbeia Suzien.

Atzo izan zen lasterketa Zeanurin (Bizkaia), eta altzotarrak 3 ordu 15 minutu eta 41 segundo behar izan zituen 31,2 kilometroko ibilbidea osatzeko. Irene Iturria bidaniarra ere bigarren izan da; kasu honetan, Euskal Herriko Gazte Txapelketan.

Atzoko Gorbeia Suzien Merrell 2022 proban, International Skyrunning Federationek (ISF) antolatzen duen Skyrunner World Series sarietako munduko kopako finala (SkyMasters) jokatu dute aurten. Nicolas Molina eta Vachon Noemie izan dira irabazleak.Goar Lopetegi ibartarra izan da finalean parte hartu duen eskualdeko lasterkari bakarra. Lopetegik 3.36.02ko denbora egin zuen, irabazlearengandik 27 minutu eta 36 segundora helmugaratuz; hemezortzigarren izan zen ibartarra.

Final horretaz gain, Gorbeia Suzien Merrell 2022 proban, beste hiru modalitatetan ere izan dira lasterketak: SkyRace, 21K eta Euskal Herriko Gazteen Txapelketa.Bada, SkyRace modalitatean, Iñaki Olano altzotarra bigarren izan zen, 3.15.41ko markarekin. Ezcarayko (Errioxa) Alain Santamaria izan zen azkarrena, 3.08.54ko denborarekin. Hirugarren postuan, berriz, Igualadako (Herrialde Katalanak) Marc Olle izan zen, Olanorengandik minutu eta 17 segundora.

Bestetik, Euskal Herriko Gazteen Txapelketan, Irene Iturria bidaniarra bigarren izan da. Iturriak 2.50.15eko marka egin du 21 kilometroko lasterketan. Jone Fuente galdakaoztarra izan zen azkarrena, 2.36.44ko denborarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!