Eskualdeko zazpi pilotarik Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala jokatuko dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko urr. 6a, 16:59

Larunbatean izango da finala Otxandion, 18:00etan, Gipuzkoa 2 eta Bizkaia taldeen artean. Jon eta Xabier Urbieta asteasuarrez gain, bost larrauldar daude talde gipuzkoarrean: Andoni eta Ibai Urbieta, Iñaki Esnal, eta Iraitz Irazu eta Xuban Irazu.

Gipuzkoa 2 taldeak, Bizkaia taldearen aurka jokatuko du Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala, larunbatean 18:00etan, Otxandion (Bizkaia). Zortzi pilotarik osatzen dute talde gipuzkoarra, eta horietatik zazpi eskualdekoak dira. Jon eta Xabier Urbieta asteasuarrez gain, bost larrauldar daude: Andoni eta Ibai Urbieta, Iñaki Esnal, eta Iraitz Irazu eta Xuban Irazu. Ugaitz Belaunzaran da taldeko zortzigarren pilotaria.

Gipuzkoa 2 taldeak Iparralde 1-Senpere taldeari irabazita lortu zuen finalerako txartela; Gipuzkoa 1 taldeak beste finalaurrekoa jokatu zuen, baina galdu egin zuen Bizkaia taldearen aurka. Iñaki Lizaso billabonatarrak Gipuzkoa 1 taldean jokatu du.

Historiako lehendabiziko txapela jantzi ahal izateko, edizio gehienetako txapeldun izan den Bizkaia mendean hartu beharko dute gipuzkoarrek. Bai Gipuzkoak bai Bizkaiak txapelketaren ia final guztiak jokatu dituzte: 7 finaletatik 6, hain zuzen ere; Gipuzkoa ez zen izan 2020ko finalean, eta Bizkaia ez zen egon 2016koan.

Euskal Herriko 8 talde lehiatu dira aurtengo txapelketan, bi multzotan banatuta: Araba, Bizkaia, Iparralde 1-Senpere 2 (Lapurdi) eta Iparralde 2-Amikuze (Nafarroa Beherea) A multzoan; eta Gipuzkoa 1, Gipuzkoa 2, Iparralde 3-Senpere 1 (Lapurdi) eta Iparralde 4-Itsasuarrak (Lapurdi) B multzoan.

Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago.

Bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. Talde bakoitza zortzi bat pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da. Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren webgunean, Euskalpilota.org, aurki daiteke Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketari buruzko informazio gehiago.

Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako edizio guztietako finalak bildu ditugu ondorengo taulan:

EDIZIOA

URTEA

TXAPELDUNA

TXAPELDUNORDEA

1

2016

Lapurdi 1

Gipuzkoa 2

2

2017

Bizkaia

Gipuzkoa 2

3

2018

Bizkaia

Gipuzkoa 1

4

2019

Bizkaia

Gipuzkoa 2

5

2020

Bizkaia 2

Bizkaia 1

6

2021

Bizkaia 1

Gipuzkoa



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!