ERREPORTAJEA

Ikasteari ez zaio behin ere uzten

Jon Miranda Labaien 2022ko urr. 9a, 07:59

Beti Ikasteneko programazioa aurkeztu zuten asteartean, Topic-en. J.M.

2010ean sortu zen Tolosaldean Beti Ikasten elkartea. Eskualdeko erretiratuentzat formazio saioak eskaintzen dituzte ikasturtero eta 150 lagun inguruk parte hartzen dute Topic-en astean bitan izaten diren hitzaldietan; ekimen gehiago ere baditu elkarteak ikasturte berrirako.

Pertsona helduen norbanako eta taldeko gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko helburua du Beti Ikasten elkarteak. Pello Ugalde elkarteko idazkariak aipatu duenez, gorputzari bezala, buruari ere eragin egin behar zaio, batez ere, adin batetik aurrera. «Behin erretiroa hartuta, pertsona batzuk jarduera fisikoa egitea erabakitzen dute, beste batzuk, aldiz, bidaiatzea edo deskantsua hartzea. Bagaude batzuk, ikasten jarraitzea erabaki dugunok eta hori gauzatzeko tresna da Beti Ikasten elkartea».

2010ean sortu zuten eta hasieratik hartu du parte Mari Jose Agirrezabalak. «Garai batean, Matia fundazioak Gipuzkoako hainbat herritan esperientziaren eskolak jarri zituen martxan, Mugabe elkartearen bitartez. Nik 2009an hartu nuen parte lehen aldiz. Momentu bat iritsi zen non jende gutxik ematen zuen izena. Mugabek ez zigun bermatzen eskolarekin jarraitu ahal izatea eta bertan genbiltzanak eutsi egin nahi genion ekimenari. Pentsatu genuen elkarte bat sortuta errazagoa izango zela». Denbora laburrean jarraitu zuten Matia Fundazioaren babespean baina elkartea sortuta, eskola propioari ekin zioten Tolosaldean.

 

Karmen Sanz: «Bataz beste, saio bakoitzeko 90 lagun inguru gerturatzen dira Topic-era»



Ordutik hona geroz eta jende gehiago animatu da izena ematera eta arrakastaren aparretan dator 2022-2023 ikasturtea ere, 40 lagun berrik eman dute izena. «Aurrena musika eskolan antolatzen ziren saioak eta hura txiki geratu zenean kultur etxera aldatu ginen. Izen-emateetan muga jartzera iritsi ginen denak kabitzen ez ginelako», dio Agirrezabalak. 2021-2022 ikasturtean, lehen aldiz, Topic-en antolatu zituzten hitzaldiak. Karmen Sanz egungo lehendakariak azaldu du: «Pandemia etorri zenean, eskolak eten egin genituen. Hurrengo ikasturtean telematikoki izan ziren hitzaldiak eta iaz bazkideei galdetu genien zer nahiago zuten, eskolak aurrez aurre edota online jaso; gehien-gehienek hitzaldiak bertatik bertara jarraitzearen alde agertu ziren».



Erosoa da Topic-eko aretoa bai parte hartzaileentzat eta baita hizlarientzat ere, Sanzen ustetan. «Hizlariek euren proiekzioak egin ditzakete bertan eta soinu aldetik ere primerakoa da Topic». Erronka bat ere suposatzen die aretoak: «250 lagunentzako tokia dago bertan... ederra litzateke guztia betetzea». Ikasturte osorako matrikulazioak 150 euroko kostua du eta urriaren 31era arte egin daiteke ordainketa. «Hornitzaileen prezioak %5 igoko zaizkigula aurreikusten dugu aurten. Topic-eko aretoaren kostua merkatzen saiatu gara eta negoziazioetan prezioa mantentzea lortu dugu. Aretoaren alokairua da elkarteak duen kostu handiena. Dena den, aurreko maiatzean hitz eman bezala, bazkideek ordaindu beharreko matrikula bere horretan mantentzea erabaki dugu», esan du diru kontuak daramatzan elkarteko idazkariak.

Aurreko ikasturtean 145 lagunek eman zuten izena astean bitan, astearte eta asteazkenetan, 10:00etatik 12:00etara izaten diren hitzaldietan parte hartzeko. «Egia da, hitzaldi guztietara ez dela jende guztia joaten. Bateko bilobak direla, besteko bidaiak direla, edo ezustekoren bat gertatzen dela, bataz beste, saio bakoitzeko 90 lagun inguru gerturatzen dira», aipatu du Sanzek. Antolatzaileen esanetan kopurua dezente aldatzen da garaiaren eta gaiaren arabera: «Imsersoko bidaiak hasten direnean jende gutxiagok hartzen du parte eta gaiaren arabera edo hizlariaren arabera gehiago edo gutxiago animatzen da jendea». Sanzen hitzetan, tiradizo handia dute, Juanjo Alvarezek, edota Jose Luis Rebordinosek, esate baterako.

 

Mari Jose Agirrezabala: «Maila handiko hizlariak dira, jakinduria handia dutenak eta gozamena da»



Urrian hasi eta ia astero maiatzera bitartean izaten dira hitzaldiak Topic-en. «Maila handiko hizlariak dira, jakinduria handia dutenak eta gozamena da haiek entzutea; guretzako oso aberasgarria da», esan du Agirrezabalak. «Luxu bat da astea joan eta astea etorri horrelako jendearen hitzaldiak entzutea», gaineratu du Sanzek. Unibertsitateko irakasleak, irakasle izandakoak edo gai jakin batzuetan oso adituak direnak gonbidatzen dituzte saioak ematera. Zuzendaritza batzordean dabiltzanak arduratzen dira hizlariak lotzeaz: «Saiatzen gara aurreko maiatzerako hurrengo ikasturte guztia gutxi gorabehera lotuta edukitzen. Hizlariekin hitzorduak ikasturte batetik bestera adosten ditugu gehienetan eta gurea bezalako eskolak ere badaudenez beste herri batzuetan, haiekin harremanetan jarrita lortzen ditugu hizlari berriak. Dena den, ez da erraza urte batetik bestera datak zehaztea, hizlarietako batzuk ez baitakite hurrengo urtean nondik nora ibiliko diren», aipatu du Sanzek. Berak hartuko du, lehendakari gisa, datorren ikasturtea antolatzen joateko ardura.



Literatura, zinema, musika, klima aldaketa, historia, politika, filosofia, osasuna edota psikologia bezalako gaiak jorratzen dituzte eskoletan. «Bazkideek proposatuta ere jotzen dugu jende berriarengana eta horretarako hiru hilez behin galdetegi bat pasatzen diegu parte hartzaileei. Etengabe balorazio bat egitea garrantzitsua iruditzen zaigu», esan du elkarteko lehendakariak. «Dena den ez dadila jendea beldurtu ikasturte bukaeran ez dugu azterketarik egiten», aipatu dute umorez zuzendaritza batzordeko kideek.

Ikasturte bakoitzean saio bat gizarte boluntariotza bati eskaintzen diotela aipatu du Ugaldek: «Aurten, adibidez, Zehar Errefuxiatuekin elkartekoak etorriko dira maiatzean eta beraiek egiten duten lana gertuagotik ezagutzen saiatuko gara». Beti Ikasten elkartearen helburua gizartean adineko pertsonen parte hartzea bultzatzea ere badela dio Ugaldek. Tolosako Udalak bultzatutako Tolosatzen egitasmoan ere parte hartu izan dute elkarteko kideek eta udaleko Gobernantza eta Parte Hartze departamenduarekin elkarlanean ere jardun zuten iazko ikasturtean: «Hiru saio diruz lagundu zituen udalak interesgarriak iruditu zitzaizkiolako eta saio horiek herritar guztientzako irekiak izan ziren. Udalak saio horiek baliatzen ditu hitzaldia gerturatzera etortzen direnei hainbat azalpen emateko». Aurten ere lankidetza hori egiteko asmotan direla aipatu dute elkarteko zuzendaritza batzordeko kideek.



Antolakuntza

Beti Ikasten elkarteko zuzendaritza batzordea urtero aldatzen da. «Sei lagunek osatzen dugu eta erdiak berriak izaten gara urtero. Era horretan transmisioa ziurtatzen dugu», esan du Ugaldek. «Oso garrantzitsua da elkarteko jende guztia zuzendaritzatik pasatzea, guk geuk erabaki dezagun zer egin nahi dugun elkartearekin». Ikasturte hasieran hamabostean behin elkartzen dira dena antolatzen joateko eta gero urtean zehar, beharren arabera egiten dituzte bilerak. Tolosako Udalak Emeterio Arreseko eraikinean herriko eragileei utzitako geletako bat erabiltzen dute elkarrekin biltzeko.

 

Pello Ugalde: «Dena den, bultzada eman nahi genioke euskarari elkarte barruan»



Beti Ikasten elkarteak Tolosako Udalaren laguntza jasotzeaz gain, Gipuzkoako Foru Aldunditik ere jasotzen du ekarpena. Dena den, Ugaldek dio elkartearen autonomia mantentzen saiatu nahi dutela aurrerantzean. «Ikasturtearen matrikulazioarekin sostengatu nahi genuke ekimena, inoren laguntzarik gabe, guk geuk erabaki dezagun nola antolatu ikasturtea eta independentzia moduko hori mantendu dezagun. Zorrik ez egitea da gure bigarren helburua eta hitzaldien kategoria eta kalitateari eustea hirugarrena», aipatu du elkarteko idazkariak. Gasturik handiena Topic-eko aretoaren alokairua dakarkie eta 170 matrikula inguru lortuz bideragarritasuna bermatu daitekeela uste dute zuzendaritzako kideek. «Bide onean goaz, jendea animatzen ari da eta jende berria gerturatzen ere bai, poza ematen du aurkezpenera gerturatu den jendea ikustea eta parte hartzaileak hain motibatuta ikustea. Oso pozik gaude ekimenak Tolosaldean duen harrerarekin», aipatu du Sanzek.



Badira Beti Ikasten elkartetik antolatzen diren bestelako ekimenak ere, urteroko eskola edo hitzaldi zikloaz gainera. Autofinantzatu egiten dira eta parte hartzaileek egindako ekarpenekin ateratzen dira aurrera. Alde batetik, irakurle talde bat daukate martxan eta hilean behin elkartzen dira Tolosako liburutegian. Jose Domingo adituak koordinatzen du taldea eta hizketagai izaten dituzten liburuak eskuragai izaten dituzte parte hartzaileek liburutegian. Bigarren irakurle talde bat sortzeko aukera ere aztertzen ari dira antolatzaileak.

Bestetik, bidaia kulturalak ere egiten dituzte tarteka. Donibane Garazi aldera joateko asmotan dira hemendik gutxira. «Gure helburua ez da bakarrik ikastea, elkar ezagutzea, elkarrekin egotea eta elkarren arteko harremanak estutzea ere bada gure intentzioa. Bidaia kulturalak direla esaten dugu, baina sozialak ere badira», nabarmendu du Sanzek. Baieztapenarekin bat dator Agirrezabala ere eta aipatu du hasieratik bakardade eta bazterketaren aurka egiteko sortu zutela elkartea.

Parte hartzaileen profila

Beti Ikasten elkarteko estatutuetan aipatzen denez 55 urtetik gorako lagunek har dezakete parte elkartean. Praktikan, erretiroa hartuta 60 urteren bueltan dabilen jendea da gerturatzen dena. «60ko hamarkadan ume asko jaio ginen eta orain asko gara adin horretakoak erretiroa hartuta gaudenak. Hortik ulertu daiteke baita ere parte hartzaile kopurua igotzea».

Tolosaldekoak dira Beti Ikasten elkartearen ekimenetara gerturatzen direnak. «Ez Tolosakoak bakarrik, eskualdeko beste herrietatik ere etortzen da jendea, baita Andoain eta Goierri ingurukoren bat ere». Agirrezabalak azpimarratu du gizonezkoak baino emakume dezente gehiago gerturatzen dela hitzaldietara: «%80 emakumezkoak izango dira eta %20 gizonezkoak. Aurten, uste dut gizonezko gehiago ari direla animatzen».



Parte hartzaileen ikasketa mailari buruz hitz egin du Ugaldek: «Badira unibertsitate ikasketak dituzten parte hartzaileak, baina ikasketa berezirik gabekoak ere gerturatzen dira. Parte hartzaileen profila askotarikoa dela uste dut».

Euskararen areagotzea

Elkarteko zuzendaritza batzordetik aurrera begira dituzten asmoen berri hitz egin dute Ugaldek, Sanzek eta Agirrezabalak. «Irakurketa taldea eta bidaiak antolatzen diren bezala, gustatuko litzaiguke zine klub talde bat sortzea. Leidorren jartzen dituzten pelikulak ikusi eta horien inguruko tertuliak egin nahi genituzke. Elkarteko kideen borondatearen arabera egongo da egitasmo hau gauzatzea, ea aurrera ateratzen den».



Salto bat eman nahi lukete Beti Ikasten elkartean euskararen alde. Antolatzen dituzten hitzaldietako ia gehienak gaztelaniaz izan dira orain arte. Lehenengo urratsak aurreko ikasturtean eman zituzten, eta besteak beste, Kike Amonarrizek emandako saio bat aipatu du Agirrezabalak: «Entzule asko gerturatu zen eta oso ondo erantzun zuen jendeak. Aurreko ikasturteko saio jendetsuenetako bat izan zen».Beti Ikastenen zuzendaritza talde berriak, aurtengo ikasleen artean euskara maila zenbatekoa den aztertu nahiko luke, urrats gehiago eman eta euskarazko hitzaldi gehiago antolatzeko. «Askotan hizlariak beraiek dira atzeratzen direnak. Euskara jakin bai, baina ez dute hiztegi teknikoa menperatzen eta nahiago izaten dute hitzaldia gaztelaniaz eman. Dena den bultzada eman nahi genioke euskarari elkarte barruan». Aurten izena ematen dutenen artean euskararen ezagutza zenbatekoa den neurtuko dute, beraz. Hitzaldi zikloaren barruan, Kike Amonarrizek eta Iker Usonek emango dituzte euskarazko saioak aurtengo ikasturtean.

 

BETI IKASTEN Hitzaldien programazioa

  • 2022-10-11. Asteartea. Joxe Arregi. Budismo.
  • 2022-10-18. Asteartea. Carlos Rilova. La Edad Contemporánea empieza hoy. El temido Árbol de la Libertad en Tolosa (A. D. 1794).
  • 2022-10-19. Asteazkena. Carlos Rilova. Fuego sobre las cenizas del Árbol de la Libertad. Una Historia de Europa vista desde Tolosa (1808-1945).
  • 2022-10-25. Asteartea. Jose Domingo. La gran generación del «boom latinoamericano»: Julio Cortazar.
  • 2022-10-26. Asteazkena. Jose Domingo. La gran generación del «boom latinoamericano»: Gabriel García Márquez.
  • 2022-11-02. Asteazkena. José Domingo. La gran generación del «boom latinoamericano»: Carlos Fuentes.
  • 2022-11-08. Asteartea. José Domingo. La gran generación del «boom latinoamericano»: Mario Vargas Llosa.
  • 2022-11-09. Asteazkena. Txente Rekondo. Ucrania: un conflicto en el corazón de Europa.
  • 2022-11-14. Astelehena. Jose Luis Rebordinos. El nuevo cine español tiene nombre de mujer: la llegada con fuerza de las mujeres al cine español.
  • 2022-11-15. Asteartea. Txente Rekondo. África: el continente olvidado.
  • 2022-11-16. Asteazkena. Garbiñe Biurrun. El Jurado Popular: mitos y realidad.
  • 2022-11-29. Asteartea. Ibon de la Cruz. Salud mental: ¿Qué podemos hacer?
  • 2022-11-30. Asteazkena. Ibon de la Cruz. Conflictos entre generaciones: ¿Qué ha cambiado?
  • 2022-12-01. Osteguna. Garbiñe Biurrun. Vientres de alquiler.
  • 2022-12-13. Asteartea. Juan Aguirre Sorondo. Las reducciones jesuiticas del Paraguay: una utopia en la selva guarani (1610-1768).
  • 2022-12-14. Asteazkena. Juan Aguirre Sorondo. Inconformistas, rebeldes y rompedoras: vidas de mujer que conviene conocer.
  • 2022-12-20. Asteartea. Gurutz Linazasoro. El sueño y los sueños.
  • 2023-01-10. Asteartea. Esther Roso. Los Omeya en al Andalus.
  • 2023-01-11. Asteazkena. Esther Roso. Los Omeya en al Andalus.
  • 2023-01-17. Asteartea. Esther Roso. Los Omeya en al Andalus.
  • 2023-01-18. Asteazkena. Esther Roso. Los Omeya en al Andalus.
  • 2023-01-24. Asteartea. Jexux Mari Mujika. Tendencias hoy de la ignorancia deseada. Consecuencias.
  • 2023-01-25. Asteazkena. Jexux Mari Mujika. La reflexión ética ante la doble verdad imperante.
  • 2023-01-31. Asteartea. Juanjo Alvarez. La invasión de Ucrania y su incidencia geopolitica.
  • 2023-02-01. Asteazkena. Juanjo Alvarez. Empresa y Derechos Humanos: competitividad sostenible.
  • 2023-02-07. Asteartea. Unai Ugalde. Las ramificaciones de nuestra dieta, mas allá de nosotros mismos.
  • 2023-02-08. Asteazkena. Unai Ugalde. Los residuos y la futura transformación que va a tener lugar este aspecto en el futuro.
  • 2023-02-14. Asteartea. Asier Hilario. Geologiaren 100 izar munduan. EUSKARAZ.
  • 2023-02-15. Asteazkena. Kike Amonarriz. Aurrera ala atzera? Euskararen egoera eta erronkak Tolosaldean eta Euskal Herrian datu berrien argitan. EUSKARAZ.
  • 2023-02-28. Asteartea. Jose Maria Alegría. La mujer y la pintura: Frida Kalho.
  • 2022-03-01. Asteazkena. Juanjo Iruin. Los timos en torno al agua.
  • 2023-03-07. Asteartea. Luke Uribe-Etxeberria. El Concierto Económico Vasco y el Cupo Vasco.
  • 2022-03-08. Asteazkena. Fernando Cossio. La energia: Qué es y como determina los asuntos humanos (I).
  • 2023-03-14. Asteartea. Fernando Cossio. La energía: Qué es y cómo determina los asuntos humanos (II).
  • 2022-03-15. Asteazkena. Marina Lertxundi. Música sinfónica en el romanticismo.
  • 2023-03-21. Asteartea. Marina Lertxundi. Música sinfónica en el romanticismo.
  • 2023-03-22. Asteazkena. María José Noain. Pompeya: la ciudad sepultada por el Vesubio.
  • 2023-03-28. Asteartea. Marina Lertxundi. Música sinfónica en el romanticismo.
  • 2022-03-29. Asteazkena. Marina Lertxundi. Música sinfónica en el romanticismo.
  • 2023-04-18. Asteartea. José Domingo. Hannah Arendt: sobre el totalitarismo y la condición humana.
  • 2023-04-19. Asteazkena. José Domingo. Psicología y pensamiento.
  • 2023-04-25. Asteartea. José Domingo. Psicología y pensamiento.
  • 2023-04-26. Asteazkena. Esteban Esteban. Los astros determinan la medida del tiempo.
  • 2023-05-02. Asteartea. Julen Rekondo. La transición ecológica: una cuestión de justicia global y local y de supervivencia.
  • 2023-05-03. Asteazkena. Iker Uson. Euskadiko Haurren Babeserako Sistema. EUSKARAZ.
  • 2023-05-09. Asteartea. Begoña Artola. Procesos para aplazar el envejecimiento.
  • 2023-05-10. Asteazkena. ZEHAR Errefuxiatuekin. Realidad y retos de la acogida de las personas refugiadas en Euskadi.
  • 2023-05-16. Asteartea. Laura Pego. Represión de la mujer en la epoca franquista. La carcel de Saturraran.
  • 2023-05-17. Asteazkena. Rocío Redondo. Justicia Restaurativa y Delincuencia Medioambiental: abordaje interdisciplinar.
  • 2023-05-23. Asteartea. Zuzendaritza batzordea. Ikasturte amaiera: Ohiko Batzar Nagusia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!