«Tolosaldeko 4.000 etxebizitza baino gehiagotan nolabaiteko pobrezia energetikoa jasaten dute»

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 30a, 19:59

Tolosaldea Garatzen ondorio horretara iritsi da pobrezia energetikoaren inguruko diagnosia egin ostean. Formakuntza Programa bat abiatu dute, gizarte zerbitzuetako langileak eta eragileak «gaiaren inguruan ahalduntzeko helburuarekin».

Tolosaldea Garatzenen arabera, eskualdeko 987 etxebizitzak pobrezia larria bizi dute, eta 3.160k erlatiboa: «Gero eta zailagoa da etxeko beharrak asetzeko oinarrizko energia zerbitzuak prezio duinean jasotzea, are gehiago prezioen gorakadarekin. Pobrezia energetikoa deitzen zaio horri». Argia, gasa, berokuntza, ur beroa edo sukaldatzeko argindarra ordaintzeko zailtasunak dituzten biztanleen kopurua altua dela azaldu dute: «Datuek ondorioztatzen dutenez, Tolosaldean 3.160 etxebizitzak (eskualdeko etxeen %16,4k, alegia) pobrezia erlatiboa pairatzen dute, eta beste 987 etxebizitzak (%5,3), berriz, pobrezia larria. Hau da, 4.000 etxebizitza baina gehiagotan, eskualdeko ia laurden batean, antzematen da, modu batera ala bestera, pobrezia energetikoa».

Datu hauek ondorengo iturrietatik atera dituztela esan dute eskualdeko garapen agentziako kideek: «Gipuzkoako Pobrezia eta Gizarte Bazterkeriaren 3. inkestako eskualdeko datuak ikertzeaz gain, eskualdeko eragileekin elkarrizketak ere egin dira, egoera honen kudeaketa maila ezagutzeko». Hortik atera dute, besteak beste, Tolosaldean 202 familia artatzen direla urtero pobrezia energetikoaren ondorioz.

Pobrezia energetikoan etxebizitzen egoerak ere eragina duela esan du Garbiñe Mendizabal Tolosaldea Garatzeneko kideak: «1979a baino lehen eraikitako etxebizitzetan bizi da gipuzkoarren %61,3, eta garai hartako eraikuntza arauek efizientzia eskakizun txikiagoak dituztenez, 2007an eraikitako etxebizitza batek baino 2,8 aldiz gehiago gastatu dezakete berogailuan, EEEren arabera».

Arrisku taldeak ere identifikatu ditu Tolosaldea Garatzenen ikerketak, eta bost profil azpimarratu dituzte: «Etxebizitzaren jabea ez direnak; etorkinak; guraso bakarreko familiak; emakumeak eta langabetuak».

«Arreta hobetzeko urratsak»

Tolosaldean pobrezia energetikoa pairatzen dutenei gizarte zerbitzuek emandako erantzunen analisia ere bildu du diagnosiak. Mendizabalek jakinarazi duenez, «zerbitzuaren mugak eta praktika onak ezagutzeko aukera eman du horrek, hobetzeko jarduera protokolo bat sortzeko».

Datu horien arabera, eskualdean 202 familia artatzen dira urtero pobrezia energetikoko arazoekin, eta horietako 66 baino ez dira iristen gizarte zerbitzuetara. «Oso baxua da artatutako familia kopuruaren datu hori, pobrezia arrisku egoeran daudenekin alderatuz gero; hori dela eta, arreta areagotzea da ezarri berri den helburu nagusienetako bat».

Gizarte zerbitzuetara jotzen dutenen kasu guztietan faktura ordaintzeko laguntza ematen dela ondorioztatu dute Garatzenetik, «besteak beste, bonu sozialaren eskaeran lagunduz». Hala ere, gizarte zerbitzuetako arduradunek azaldu dietenez, ez dutela pobrezia energetikoari lotutako inolako formaziorik jaso. Hori dela eta, Pobrezia Energetikoaren aurkako Formakuntza Programa abiatzea erabaki zuen Tolosaldea Garatzenek maiatzean, Goienerren laguntzarekin. Gizarte langileak ahaldunduz, erabiltzaileei eta herritarrei laguntza eta informazioa era integralago batean eman ahal izatea ahalbidetu nahi da horrela. Gizarte zerbitzuetako langileek ez ezik, Ertzaintzak, Osakidetzak, Udaltzaingoak, Gurutze Gorriak eta zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboekin lan egiten duten eskualdeko elkarte eta eragile sozialek ere parte hartu dute saioetan, «guztiek rol garrantzitsua izan baitezakete-eta, pobrezia energetikoaren prebentzioan eta irtenbidean», esan du Garbiñe Mendizabalek.

Aurrera begirako bestelako proposamenen bide-orri bat ere biltzen du diagnosiak: «Kasuak identifikatzeko eta bideratzeko jarraibide argi eta zehatzak biltzen dituen protokolo baten beharra; kasuak koordinatzeko sare edo mahai bat sortzea eta energiaren eta energia-pobreziaren sektorean okupazio planak sustatzea».

Diagnosiaren aurkezpen ekitaldian, ezkerretik eskuinera, Iker Urruzola Tolosaldea Garatzeneko presidentea, Garbiñe Mendizabal Udal saileko arduraduna, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua, Beatriz Unzue Villabonako alkatea eta Patxi Amantegi Tolosako zinegotzia egon dira, Lehiberrin.

Energia txostena osorik irakurtzeko, egin klik hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!