Argi indarra itzuli da Altzora eta Alegiara

Ataria 2022ko irailaren 30a

Alegian eta Altzon argi indarrik gabe egon dira 05:40etatik 14:00etara. Larraitz auzoan arbola batek argi indar dorrea kolpatu du gaur goizaldean, kablea lurrera botaz eta dorrea bera kaltetuz.

Argi indarrik gabe geratzean, hainbat lantegi eta denda ez dituzte zabaldu Alegian. Enpresa handienek, Ederfil Becker KOP-ek adibidez, ez dute mozketarik sumatu, izan ere, euren sorgailuak dituzte. Larraitz auzoko Errotatxo okindegiko langileak Atariari esan dionez, "goizaldeko ordu horretan iritsi naiz lanera eta ez zegoen argi indarrik. Bizi lagunek gero esan didate txinparta batzuk ikusi dituztela dorrean. Gure kasuan denda irekitzea erabaki dugu baina ogia Tolosako Errotatxotik ekarri digute".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!