Enplegunean kontratazioak egin nahi dituzten enpresentzat izen-emate epea zabaldu dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 30a, 07:57

Azaroaren 8an ospatuko da Enplegunea, Lehiberri Zentroan, eta kontratu mugagabeko 33 kontratazio lagunduko dituzte diruz. Enpresek urriaren 21a baino lehen eman beharko dute izena.

Tolosaldeko Enplegunearen 2022ko edizioak badu data: azaroaren 8an ospatuko da, asteartez. Lehiberri Zentroa lanpostu berrien sorrerarako epizentro bihurtuko da egun horretan, enpresak eta lan bila dabiltzanak aurrez aurre jarriz.

Aurten 33 kontratazio lagunduko dituzte diruz, beti ere kontratu mugagabeak badira eta enplegu-sorrera garbia ekartzen badute, kontratatutako pertsona lanean hasi aurreko sei hilabeteetan enpresan dagoen batez besteko lantalde osoaren gainean.

Kontratazio horiek, 2022ko maiatzaren 21etik abenduaren 31ra bitarte egindakoak izan beharko dute. Nahitaez Tolosaldean erroldatutako pertsonak izan beharko dira, langabezia egoeran daudenak eta Lanbiden alta emandakoak. Enpresek ere eskualdean izan behar dute egoitza eta lan eremua.

Gehienez kontratazio-kostuaren %75a lagunduko da, 8.800 euroko mugarekin. Hori izango da enpresa batek jaso lezakeen diru-laguntzaren kopururik altuena.

Izen-ematea eta elkarrizketak

Kontratazioak egin nahi dituzten enpresek urriaren 21ean, 15:00ak baino lehen eman beharko dute izena. Behin lanpostu guztiak argitaratuta, herritarren izen-ematea zabalduko da, eta enpresek hautatzen dituzten eskatzaileekin aurrez aurreko elkarrizketak egin ahal izango dituzte, azaroaren 8an, Lehiberri Zentroan.

Baldintza guztiak ikusgai daude Tolosaldeagaratzen.eus webgunean, eta informazio gehiagorako edota izena emateko, lan3@tolosaldea.eus helbidera mezua idatzi edo 943 654 501 telefonora deitu behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!