Sarek aldarrikapena eta festa batuko ditu urriaren 8an Donostian

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 29a, 07:58

Urriaren 8rako egun osoko egitaraua antolatu dute; jaialdia amaierara arte jarraitu nahi duten eskualdeko herritarrek autobusa izango dute Tolosaldera bueltatzeko

Adin tarte guztientzat aproposa den egun osoko egitaraua antolatu du Sarek urriaren 8rako Donostian. Etxera bidea gertu leloa eramango du mobilizazioak, eta hain zuzen, euskal presoen etxeratze bidean aktibo izan diren pertsona guztiei esker ona adierazteko balioko du. «Guztion artean aurrera urrats hori ospatzeko eguna izango da», esan dute Sareko kideek. «Euskal presoak etxetik gero eta gertuago daudela eta herritarrok etxeratze prozesu hori gauza dadin gertu edo prest gaudela adieraziko dugu».

Sare herritarrak orain arte lortutakoari garrantzia kendu gabe, gogorarazi du egiteke dagoela presoek bizi duten salbuespenezko egoerarekin guztiz amaitzeko bidea. «Bide hori egiten jarraituko dugu herritarrok», dio Sarek. Alde horretatik, Izan Bidea dinamikaren baitan 3.127.326 kilometro egiteko ezarritako erronkari amaiera emango diote urriaren 8an Donostian. Gipuzkoako hiriburuko kaleetan egingo dituzte azken kilometroak, eta ondoren Illunbera bideratuko den manifestazio koloretsu bat abiatuko dute, han bertan ospatuko den jaialdiari paso emateko.

«Aldarrikapena eta festa batu nahi ditugu Donostian, urrunketaren aurka urte luzeetan elkartzen joan garen herritar oro Donostian batuz. Hori dela eta, dei egiten diegu Tolosaldeko herritarrei urriaren 8an goizetik Donostiara gerturatzeko, azken kilometroa egin, manifestazioan parte hartu eta Illunbeko jaialdiaz gozatzeko», esan dute Sareko kideek.

BUELTARAKO AUTOBUSAK

Eguerdi aldiera iritsiko dira manifestariak Illunbera. Bertan txosnen gunea, bazkaltzeko zerbitzua eta haurrentzako gunea izango da. Porrotx eta lagunen ikuskizunarekin batera, oreka jolasak, tirolina eta aurpegi margotzeak izango dira, besteak beste. 15:30ak aldera hasiko da jaialdia.

Sarrerak Sare.eus webgunean izango dira salgai datozen egunotan. Jaialdia amaierara arte gozatu nahi duten eskualdeko herritarrentzat autobusa antolatu da. Ilunbetik 03:00etan aterako da eta Berastegirainoko bidea egingo du. Geldialdiak egingo ditu Amasa-Villabonan, Anoetan eta Tolosan. Urriaren 4ra bitarte ohiko lekuetan eskuratu ahal izango dira autobuserako txartelak.

HURBILKETAK EUSKAL HERRIRA

Hainbat euskal preso Euskal Herriko espetxeetara lekualdatu dituzte. Manex Castro Zabaleta eta Oskar Zelarain Ortiz preso politiko billabonatarrak El Duesoko espetxetik (170 km) eta Soriako espetxetik (260 km) Zaballako espetxera hurbildu dituzte. Jose Antonio Zurutuza Sarasola, Ibarrako presoa, Burgosko espetxetik (215 km) Basauriko espetxera hurbildu dute. Lizartzako presoa den Aitor Agirrebarrena Beldarrain, Villabonako espetxetik (385 km) Martuteneko espetxera eraman dute.

Bihar hileko azkeneko ostirala da eta Euskal preso eta iheslariak etxera leloarekin elkarretaratzeak egingo dira eskualdeko herrietan. Etxerat elkarteak bertan parte hartzeko gonbita luzatu die eskualdeko herritarrei.

ETXERA BIDEA GERTU!

Urriak 8, larunbata

  • 11:00. Azken kilometroa Bulebarretik..
  • 12:00. Manifestazio koloretxua Pio XIIetik.
  • Ondoren. Ekitaldia Illunben eta jaialdiaren hasiera.
  • 15:30. Jaialdiari hasiera emateko Maialen Lujanbio eta Ames Arzallus bertsolarien eta Eñaut Elorrieta musikariaren emanaldia.
  • Ondoren. Belako, Rotten XIII, Esne Beltza, Su Ta Gar, Zea Mays, Liher, Sua, Doctor Deseo, Josu eta Gari (Hertzainak), Dupla, Andoni Oilokiegi, Trikidantz…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!