Indarkeria Matxistaren Aurkako protokoloaren aurkezpena, pasa den astean, kalera ateratzea erabaki zuten Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean. «Jendea non dagoen begiratu, eta zein une izan zitekeen egokiena begiratu genuen», azaldu du Elena Rikondo gizarte langileak. Aldi berean, «gertutasuna» adierazi nahi izan zuten. «Gaia betiko bilera batean edo leku itxi batean aurkeztu beharrean, kalean egitea erabaki genuen». Eta fisikoki ere beste era batera, «ez mahai baten atzean, baizik eta, zutik». Rikondo «pozik» agertu da, «oso ondo» atera zelako Bidania-Goiazko aurkezpena.
Ia bi urteko lana izan da protokoloa bera osatzea. Lanketa egiten eta dinamizatzen Farapi elkarteak lagundu die. Ertzaintzaren bi zonaldeak, Osakidetzako lehen arretako medikuak, abokatuak, emakume elkarteak,... izan dituzte gonbidatu, eta horiez gain herritarrak animatzen zituzten saio ezberdinen parte hartzera.
Hasierako lana identifikatzea izan zela kontatu du: «Zertaz ari gara hizketan? Zer da indarkeria? Asko landu genuen mikromatxismoen gaia, eta herri mailan zer egin dezakegun». Sentsibilitate puntu bat izatea bilatu dute. Era berean, azpimarratu duenez, «askotan gaiak ez dira iritsiko Ertzaintzaraino, eta ertzainek beraiek ere esaten zuten nahiago izaten dutela beraienganaino ez iristea». Hori bai, argi du kasuak «oso-oso gogorrak» badira emakumeak babesteko neurriak jarri behar direla: «kasu batzuetan ebazpenak oso berandu ematen dira, eta denbora guzti horretan emakumeak ezer gabe geratzen dira, eta ezin aurrera egin».
Herri mailan ere landu daitezkeelakoan da: «Begiradak nola aldatu, laguntza eta babesa nola eman, haurra badu nola lagundu, gidatzen duen edo ez,... eta horrelako gauzek laguntzen dute pertsona horrek aurrera egitea». Gizonen inplikazioa ere bilatu dute gaian, eta hor ere «aldaketa batzuk» eman direla dio. «Batzuk jada inplikatu dira, eta etortzen dira galdezka edo kezkak dituzte, eta beraiek ere sartzen ari dira».
HERRI GUZTIRA
Aurkezpen ekitaldian, Agurtzane Zelaia alkateak ordezkari politiko moduan hartu zuen hitza, eta protokoloa herritarren laguntzarekin gauzatua izan denez, herritar batek ere bere esperientzia eman zuen ezagutzera. Rikondok teknikari lanak egin ditu eta tekniko moduan eman zituen azalpenak. «Aurkezpenera joandakoek interes handia zuten», azpimarratu du. «Herritar moduan gure taldeetan parte hartu zutenak zeuden, eta baita parte hartu ez zutenak ere». Rikondok nabarmendu duenez, «interesgarria eta «oso gertukoa» izan zen ekitaldia. Asmatu zutelakoan dago, batez ere, egin zuten moduagatik: «oso ezberdina da jendeak gu mahai baten atzean ikustea edota kalean zutik». Kalera gerturatzea erabaki zuten, eta pintxo batzuk ere tarteko izan zituzten.
Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea lau herritan aritzen da, eta jakitun dira herri bakoitzak bere ezaugarriak dituela. Esku orriak egin dituzte etxez etxe banatzeko, eta osatu duten protokoloa herritar guztiengana iristeko asmoarekin bideo labur bat ere zabalduko dute.
Albizturren ere horixe egingo dute urriaren 14an, ostiralean. Kalera aterako dira, eta 17:00etan, udaletxe azpiko arkupean egingo dute aurkezpena.
Hitz «potoloa» suertatu ohi da protokoloa, baina Saiazetik ez dute kaxoian geratzerik nahi, «erabilgarria eta praktikoa» izatea du helburu landu dutenak. Teknikariak onartu du, dena den, Indarkeria Matxistaren gaiak jendea atzera botatzen duela; «gaia oso sakona da, eta jendea ez da asko animatzen».
AURRERA, ITXAROPENTSU
«Lan handia dago atzean, baina emaitzak denbora askorekin ikusten dira, ikusten badira», zehaztu du teknikariak. «Noski, beti ari gara aurrera egiten, baina prebentzioa horrela da. Prebentzioa oso-oso mantso egin behar den lana da, eta emaitzak ere luzaroan ez dira ikusten».
Urteetako lanaren ostean, sentsibilitatea sumatzen du, «gerturatzeko, gauzak esateko, komentatzeko, nola errespetatzen diren gauza sinbolikoak... Onartzen ez direnean kendu edo puskatu egiten dira, eta jada ez dira horrelakoak gertatzen». Hain grabeak ez diren kasuak iristen dira, eta jendeak jada izena jartzen dio». Etorkizunera begira ere, gaztetxoekin lanketa handia egiten ari direla azpimarratu du Rikondok.
Epe laburrean, berriz, azaroaren 25era begira jarrita, datu errealak ezagutzera emateko asmoa dutela adierazi du.
Gaiarekin esperientzia asko ez dagoenez, guztia berria da, eta nolabait «asmatzen» ari dira, baina teknikariak azpimarratu duenez, egoera «aldatu» egin da; «badirudi argia ari garela ikusten eta itxaropen horrekin jarraituko dugu».
AURKEZPENA
Urriak 14, ostirala
Albiztur. Indarkeria Matxistaren Aurkako protokoloaren aurkezpena egingo dute herritarrentzat, udaletxe azpiko arkupean, 17:00etan.