Gaztelaniaz egiten dute gazteen ikus-entzunezkoek

Ataria 2022ko ira. 28a, 14:59

Uemako ordezkariak gaur, Legebiltzarrean. Iturria: Legebiltzarra

Uemak mankomunitateko kide diren herrietako ikastetxeetara jo du, LH, DBH eta Batxilergoko ikasleen ikus-entzunezkoen kontsumoa neurtzeko.

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak egindako azken ikerketa aurkeztu  du gaur, Eusko Legebiltzarrean. Udalerri euskaldunetako gazteen ikus-entzunezko kontsumoa ikertu du, erdarek gazteen eguneroko ohituretan duten garrantziaz jabetzeko. Eta horretarako ikerketa mardula egin dute: guztira, LH 4.mailatik Batxilergoko 2.maila arteko 11.571 gaztek erantzun dituzte inkestak. Tolosaldeari dagokionez, 2.893 inkesta jaso dituzte. Ikus-entzunezkoen panorama asko aldatu dela denbora gutxian adierazi du Uemak, eta ikerketako emaitzek argi uzten dutela gaztelania dela nagusi. Gazteek fikzioa bilatzen dute, eta apustu sendoago bat egitea eskatu du Uemak, bai eskaintzan, bai eta euskal sortzaileengan ere. Plataformetan, azken hilabeteetan pausoak eman badira ere, horiek areagotzea eta arautzeko beharra ikusten du. Finean, hizkuntza-politikan gaiari sendotasun handiagoz heltzea eskatu du, "ikus-entzunezkoek gaztetxoen hizkuntza-gaitasunean eta ohituretan duten eragina oso nabarmena baita". 

Uemak nabarmendu duen ondorioetako bat da gurasoen transmisioan gertatzen ari den aldaketa, areagotu egin baita lehen hizkuntza euskara eta gaztelania dutenen kopurua. Bost ikasletik hiruk dute euskara lehen hizkuntza, eta lautik batek euskara eta gaztelania. Gurasoen soslaia aldatzeak ekarri du hori, hau da, bikote mistoak edota euskara lehen hizkuntza ez duten guraso euskaldunak izatea.
Euskara lehen hizkuntza dutenen artean du irismen handiena ETB1-ek, eta azken telesaila edo marrazki biziduna zein hizkuntzatan ikusi duten galdetuta, lautik hiruk gaztelaniaz ikusi dute. Bestalde, sare sozialetako jardunean gaztelania da hizkuntza nagusia, alde oso handiarekin, eta musika entzutean ere erdiek gaztelaniazko musika entzuten dute, eta beste erdian paretsu euskarazkoa eta beste hizkuntzatakoa. Bideo-jokoen kasuan ere, gaztelania da nagusi. 


Tolosaldeko datuak
Bildutako datuen irismena ulertzeko eta ikus-entzunezkoen kontsumoa egoki aztertzeko, ikasleen hizkuntza-ezaugarriei buruzko datuak jaso dituzte. Horrek modua ematen baitu jakiteko zein den ikasleriaren hizkuntza profila. Azterketa orokorrean datu horiek erabili dituzte ikus- entzunezkoen kontsumoa sakonago aztertzeko; esate baterako, ikasleen lehen hizkuntzak eta etxeko erabilerak nolako lotura daukan kontsumoarekin. 

Horiek horrela, lehen hizkuntzari lotuta, eskualdeko ikasle gehienek (%59,4) euskara dute lehen hizkuntza eta euskara zein gaztelania %21,7k. Datuak interpretatzeko kontuan hartu beharreko beste aldagaietako bat da, erraztasun erlatiboarena, alegia, hiztunak zein hizkuntzatan egiten duen errazen. Inkesta bete duten Tolosaldeko gazteen gehiengoa euskaraz aritzen da erosoago, %55,5, eta euskaraz edo gaztelaniaz berdin moldatzen dira %25,6.

Ikasleen ohiko eremuetan ematen den euskararen erabilera aztertu dute bestalde, eta batez ere ikasgelan aritzen dira (%83,2), eskolaz kanpoko jardueratan (%76) eta ikaskideekin gelatik kanpo (%75). Etxean %70,2k dute euskara ohiko hizkuntza.

Kontsumoa
Datu horiek kontuan hartuta interpretatu ahal dira kontsumoari lotutako datuak. Ikus-entzunezkoen kontsumoa aztertu du Uemak, eta lehenik eta behin telebista kateei erreparatu dio. ETB1 da gehien ikusten dutena (%36,5), Telecinco gero (%21,3) eta atzetik du FDF (%19,1). Plataforma ikusiena Netflix da (%60,4), Amazon gero (%29) eta Movistar + ondoren (%22,3). Ikusi duten azken telesail edo marrazki bizidunetako hizkuntzari buruz galdetuta gaztelania erantzun dute gehienek (%73,8) eta euskara, berriz, %11,9k aukeratu dute. 
Gaztetxoen egunerokoan sare sozialek duten garrantzia ikusita gehien erabiltzen dituzten sareen inguruan galdegin diete. Emaitza izan da batez ere Youtube erabiltzen dutela (%85,1) eta Whatsapp gero (%75,4). Youtuben ikusitako eduki gehienak gaztelaniaz ikusten dituzte (%71,3). Euskarazko edukia, aldiz, %10,3 da, eta beste hizkuntzena, %11,4. 

Instagram hedapen handieneko sareen artean dago eta Uemak honako aldagaiari erreparatu dio: gaztetxoek eurek zein hizkuntzatan argitaratzen dituzten edukiak. %57k ez dute edukirik igotzen, igotzen dutenen artean gehienek %23,3k erdaraz egiten dute, eta euskaraz %2,3k.


Twitch sare soziala %23,1k erabiltzen dute, eta horien artean batez ere, gaztelaniazko edukiak jarraitzen dituzte. Gehienek (%74,2) ez dute edukirik igotzen, baina igotzen dutenen artean erdara da nagusi (%23,5), eta %2,3k egiten dute euskaraz. Tiktok da gazteen artean asko erabiltzen den beste sare sozialetako bat eta hor ere gaztelerazko edukiak jarraitzen eta igotzen dituzte gehien. 


Musika entzuteko batez ere, Youtube erabiltzen dute (%78,1) eta entzunaldietan aukeratutako hizkuntzari dagokionez %52,6 da gaztelaniaz, euskaraz %25,8 eta beste hizkuntzatan %21,6. Bideo-jokoen kasuan, bestalde, %64,3k erabiltzen dituzte, eta horietan ere nabarmen da erdara nagusi, euskara soilik %3,1 delarik.

 

Tolosaldeko ikus-entzunezkoen kontsumoa


Telebista kontsumoa

  • ETB1. %36,5
  • Telecinco. %21,3
  • FDF. %19,1
  • ETB2. %18
  • Clan. %17,5

Plataformak

  • Netflix. %60,4
  • Amazon. %29
  • Movistar+. % 22,3
  • Batere ez. %18,9
  • Disney+. %11,3


Sare sozialak

  • Youtube. %85,1
  • Whatsapp. %75,4
  • Tiktok. %66,7
  • Instagram. %57,1
  • Snapchat. %57,1

Musika

  • Youtube. %78,1
  • Spotify. %72,4
  • Kontzertuak. %13
  • Diskoak. %12,8
  • Internetetik jaitsi. %12,8

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!