Pentsiodunek banku publikoak eta zerbitzu duinak eskatu dituzte

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko ira. 28a, 07:59

Tolosaldeko pentsiodunen mugimenduak banketxeetan ematen ari diren murrizketak salatu eta egoera birbideratzeko mozioak aurkeztu dituzte herriz herri.

Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak hasitako bideari jarraiki, Tolosaldeko mugimenduko kideek mozioak aurkeztu dituzte eskualdeko herrietan. Albiztur eta Belauntzan ez dute gaia jorratu, baina beste udaletan bai, eta Tolosan izan ezik guztietan onartu da mugimenduak aurkeztutako mozioa. Tolosan udal gobernuak gaiari buruz prestatutako beste mozio bat onartu zen. Funtsean mozio horietan bankuen jarrera gaitzesten dute eta herritarrei kalitatezko zerbitzua emateko eskatzen dute, era berean azken urteetan banketxeetan emandako lanpostu galera eta murrizketekin bukatzeko eskatzen dute eta horiek horrela, banku publikoen beharra aldarrikatzen dute.

Pentsiodunen mugimenduko kide den Iñaki Elduaienek azaldu du bankuen gehiegizko klausula eta praktikak «izugarriak» direla, eta horrek kalte handia eragiten diela herritar gehienei. Bankuek lortutako etekin handiak ekarri ditu gogora, eta kutxa publikoetatik 65.000 milioi euro jaso zituztela gaineratu du. Etekin handiak izanagatik eta digitalizazioa aitzaki hartuta, zuzeneko arreta pixkana ezabatzen ari direla esan du ere; «ordutegiak murriztu dituzte eta ondorioz, langileak gutxitu dituzte». Herri txiki askotan bankuetako leihatilak kendu dituzte eta herri handiagoetan zuzeneko arreta ordutegia murriztu, eta horrek adinekoengan ondorio nabarmenak izan ditu.

Banku publikoak aldarrikatzen dituzte, hain zuzen, «banku pribatuen monopolioari, gizarteari, sektore behartsuenei barne, ezartzen dizkion kostuei, eta herritar guztien diruarekin jarduten duen finantza-espekulazioaren indargabetzeari aurre egin ahal izateko».

Era berean, Tolosaldeko pentsiodunen mugimenduak bere aldarriekin jarraituko duela gogoratu dute. Oporraldiaren ostean hasiak dira jada astelehenetako elkarretaratzeak egiten. Iazko ikasturtean bezala, Tolosako eta Villabonako udalen aurrean egingo dituzte elkarretaratzeak astero, txandaka. Eta Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduarekin bat eginez urriaren 15ean Madrilgo Diputatuen Kongresura joango dira Espainiako beste elkarte batzuekin batera besteak beste, urteko KPIaren igoerari dagokionez pentsioen balioa handitzea eskatzeko.

Azaroan aterako dira Euskal Herrian kalera, ordurako pentsiodunen eguneratzearen gaia pil-pilean egotea espero dutelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!