ELKARRIZKETA

«Emozioei dagokionez bidaia musikal bat eskaintzen saiatzen gara»

Jon Miranda Labaien 2022ko ira. 30a, 07:59
Ianire Aranzabe Garmendia Esanezin taldeko burua da. J.M.

Ostiral kulturalak ekimenaren barruan, Esanezin taldearen kontzertua izango da gaur 22:00etan Orexan. Ianire Aranzaberen proiektua da eta 'Aireratzen' diskoan bildutakoak eskainiko dituzte kontzertuan.

Eragin dio Altzagaratekoa izateak Ianire Aranzabe Garmendiari (Altzagarate, 1999), eta aitortu du auzo txiki batean bizitzeak asko eman diola. Bere kantu batean bere herria aipatzen du, baina toki fisikoari baino gehiago familiarekin sortutako toki imajinarioari egiten dio erreferentzia. Duela gutxira arte auzoko jatetxearen ardura izan du bere familiak. «Sukalde horretan sartuta urte asko eman ditugu eta niregan eragin handia izan du. Saiatzen naiz jasotako hori guztia nire kantuetan transmititzen».

Txikitatik izan duzu musika zaletasun?

Nire etxean musika presente egon da betidanik osabari esker, neurri handi batean. Altzagaratekoa naiz, gure etxea baserria zen garai batean eta gero jatetxe bihurtu genuen, duela pare bat urte itxi genuen arte. Garai batean baserritarrak han biltzen hasi ziren eta jai giro horretan trikitia asko entzuten nuen. Nire estilotik apartekoa da trikitia, baina musikarekiko grina ordutik datorkidala uste dut. Beranduago izan nintzen kontziente zein espazio inportantea okupatzen zuen musikak nire bizitzan. Momentu bat iritsi zen non konturatu nintzen musika beharrezkoa nuela entzule modura, baina baita sortzaile gisa ere.

Non du sorburua Esanezin proiektuak?

Ordizian musika eskolan urteak neramatzan solfeo ikasketak egiten eta gitarra eskolak jasotzen. Ikasturte bukaerako emanaldi horietako batean abesti bat kantatu behar izan nuen, eta nahiz eta kantu ikasketarik behin ere jaso ez, eroso sentitu nintzen. Hor hasi nintzen gustuko nituen kantuen bertsioak egiten. Musika eskolan Oriol Flores ezagutu nuen eta hark bultzatu ninduen nire kantuak sortzera, esaten zuen ikusten zuela zerbait berezia nigan. Ez nuen konposaketarako ikasketa teknikorik eta iradokizun horrekin etorri zitzaidanean ikaragarri harritu nintzen. Hala ere, asko eskertzen diot bultzada hori eman izana konturatu bainaiz nire gauzak eta ideiak transmititzeko modu hori izateak asko ematen didala musikalki baina baita pertsonalki ere.

Zuk sortzen dituzu kantuak. Nondik abiatzen zara?

Momentuaren arabera aldatzen da. Lehen diskoan jasotako kantuak nire bizitzako momentu konplikatu batean sortu nituen. Uste dut konturatu gabe ere lagundu zidala barruan neramana kanporatzen. Hortik dator diskoari jarri genion izenburua ere, Aireratzen. Topikoa izango da, baina niri behintzat musikak balio izan dit terapia gisa. Musika behar nuen erreminta bat izan zen momentu horretan gertatzen zitzaidana kontatzeko.

Hitzak ere zureak dira. Zer da bertan kontatu nahi duzuna?

Lehenengo kantu horietan nire barruan neraman hori kontatu nahi izan nuen. Hasieran banituen beldur horiek, sekula ezer idatzi gabekoa nintzelako. Egingo nuen hori kalitatezkoa izango ote zen zalantza egiten nuen. Askotan horrelakoak zeure buruari jartzen dizkiozun presioak baino ez dira izaten.



Lehenik bi kantu grabatu zenituzten proiektuaren aurkezpen gisara.

Oriol Floresek nire kantuak sortzeko proposamena luzatu zidanean, denbora dezente behar izan nuen baiezkoa emateko. Urtebeteko epea izan zen, gutxi gorabehera. Tarte horretan nahikoa argi nuen proiektu musikal bat abiatzen banuen Esanezin izena jarriko niola. Esan ezin nituen gauzak helarazteko bidea musika zela argi xamar ikusten nuen. 2019 inguru horretan sortu nituen nire lehenengo bi kantuak: Esanezin eta Altzagarate. Modu sekretuan eraman nuen. Nik ikusi arte proiektuak forma hartzen zuela eta benetan gertatzera zihoala, ia isilpean gorde nituen kantuak. Azkenean animatu nintzen kantuak grabatzera. Ahotsak Eñaut Gaztañagarekin grabatu nituen Zestoako bere estudioan eta gero Oriolen ezagun den Claudi Arimanyk grabatu eta nahastu zituen musikak, Bartzelonako Turonet estudioan. Garazi Esnaolak etxetik grabatu zuen pianoa eta Leire Berasaluze aritu zen nirekin batera Esanezin kantuan ahotsa jartzen. Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko konexioarekin grabatu ziren lehenengo kantuak eta oso gustura geratu nintzen emaitzarekin. Lehen aldia zen estudio batera nindoala eta oso mundu ezezaguna zen niretzat. Lehenengo esperientziak beti markatzen zaitu.

Behin esperientzia horretatik pasa ondoren argi zenuen diskoa grabatu nahi zenuela?

Bai. Lehenengo grabazio horietara urduri nindoan, baina eraso sentitu nintzen eta emaitzarekin pozik atera nintzen. Nire lekua zela sentitu nuen. Esperientzia positiboak gogoa piztu zidan disko bat osorik grabatzeko; izan ere, bi kantu horiek jorratzen zuten gaiari dagokionez iraganeko etapa horri erreferentzia egiten zioten eta argi nuen beste kantu batzuekin osatu behar zirela, bilduma bat sortuz. Gero egia da disko bat ateratzea ez dela lan erraza, kantuak irratietara bidali behar dituzu, YouTuben material batekin batera aurkeztu behar dituzu, bideoklipak grabatu, masterizatu behar dituzu... Gero badago kostu ekonomikoa ere; eta orduan erabaki nuen crowdfunding bat egitea. Bere lana badakar horrelako ekimen bat martxan jartzeak, are gehiago zure kantuak ia inork ezagutzen ez baditu. Ziurgabetasun handiarekin egin nuen baina sorpresaz oso ongi atera zen. Erantzun azkarra jaso nuen, gutxieneko kopurua astebetean lortu nuen.

Eskertuta zaude jasotako babesarekin?

Bai, oso eskertuta nago. Gehienbat gertuko jendeak babestu zuen crowdfunding-a, baina hori ere polita da, gertukoen babesa daukazula sentitzea.

Nolakoa izan zen 'Aireratzen' diskoaren grabazioa?

Bost kantu behar genituen eta musikari guztiak elkarrekin egotea garrantzitsua iruditu zitzaigun. Bartzelonara joan ginen horretarako. Ez nuen sinesten lehenengo diskoa grabatu nuenik. Oso momentu magikoa izan zen eta niretzako izugarrizko esperientzia bitala. Askotan estudiora kantuaren ideia batekin sartzen zara eta ateratzen zarenean erabat ezberdina da. Askotan hasieran zeneukan ideia baino gehiago gustatzen zaizu bukaerako emaitza. Gainera, zure ingurukoen laguntzarekin ateratzea eta zuk zeure kabuz egiteak satisfazio handia ematen du. Lan asko, zalantza asko dakar zuk zeuk dena eramateak, baina oso pozik nago emaitzarekin.

Eta ahots hori?

Kantu ikasketarik ez dut inoiz jaso. Kantuak sortzen dituzun heinean ikusten duzu zeintzuk diren zure ahuleziak eta indarguneak. Modu intuitibo batean egin dut lan ahotsarekin. Eta bestela ere bai. Intuizioari ere asko jarraitzen diot musika munduan.

Zer da zure kantuetan kontatzen duzuna?

Lehenengo bi kantu horiek grabatu baino lehen, hasita nengoen kantu berriak konposatzen. Beharra nuen bilduma osatzeko eta nahiz eta ez jakin gero diskoa etorriko ote zen, abestiak sortzeari ekin nion. Gainerako bost kantuak ere lotuta daude hasierako ideia horri eta puzzle bat osatzen dute elkarrekin. Esango nuke ukitu errebeldea ere badutela. Modu batera edo bestera niri gertatu zaidan hori bizitzea tokatu zaio beste jende askori ere eta iruditzen zait kolektibotasuna garrantzitsua dela horri aurre egiteko. Noizbait bizitzan pauso hori ere eman behar izaten da eta akaso, musikak ere badu balio hori.

Erabat biluzi zara diskoan?

Bai, erabat. Nire iraganeko Ianireri bizitzea tokatu zitzaion esperientzia bat kontatzen dut. Egia da, kantuak entzun eta agian ez duzula imajinatuko zer den zehatz-mehatz, baina nik oso argi daukat. Dena den, hori ere gauza polita da, behin kantuak kaleratuta jendearenak bihurtzen dira eta norberak eramaten ditzake bere terrenora.



Diskoa zuzenean aurkezteko gogoa bazenuen?

Pandemia bete-betean kaleratu genuen diskoa. Horrek bazuen alde txarra, modurik ez zegoelako entseatzeko. Baina akaso, jendea geldi etxean egoteak lagundu du zerbaitetan, batez ere kantuek izan zuten feedback ikusita. Uste dut proiektu ezezagun bat izateko jende dezenterengana iritsi dela. Banda formatuan grabatu nuen diskoa eta gogoa nuen horrela jendaurrean aurkezteko. Baina pandemia tarteko, bakarrik nenbilen eta hasieran bakarrik aurkeztu nituen kantu horiek. Ahal zen lekuetan aritzen nintzen, lagunen tabernetan, herriko gaztetxean eta horrelakoetan. Oso eskertuta nago aukera eman zidatenekin. Pauso horri esker etorri da ondorengo ibilbide guztia.

Gerora osatu zenuen banda. Zein lagun gonbidatu dituzu Esanezin proiektura?

Arri Iraeta baterian, Yeray Gascon gitarran eta Iñigo Asensio teklatuetan ditut bidelagun. Yerayren Habi taldeak entseatzen duen lokalean entseatzen dugu laurok, Villabonan.

Emanaldi asko eskaini dituzue orain arte?

Ez gara kontzertu eskaera asko jasotzen duen talde horietako bat, gehienak guk bilatu behar izaten ditugu. Asko edo gutxi diren neurtzea ere ez da erraza. 2021eko irailean osatu genuen banda iazko Durangoko Azokan diskoa aurkezteko. Han eman genuen lehen emanaldia. Aurtengo udaberrian hasi gara banda formatuak emanaldiak eskaintzen eta egon gara Lemoan, Azpeitian, Ormaiztegin, Zumarragan... Atzo Bilboko Kafe Antzokian izan ginen eta gaur iluntzean Orexan izango gara. Hemendik aurrera joango gara emanaldi gehiago lotzen; dena den, ez gabiltza itsututa kontzertuak lortzeko.

Zer-nolako aretoak nahiago dituzue jotzeko?

Toki diferenteetan jotzea tokatu izan zaigu, baina behin ere ez, toki ikaragarri handian. Publikoarekiko intimotasun hori bermatzea lortu dugu. Esanezinek behar du giro hori bere emanaldietarako, kontatzen dugunagatik alde batetik eta gure musika egiteko moduagatik bestetik.

Leku txikiak eta goxoak aproposak dira guretzako. Saiatzen gara gure kontzertuak ez musika emanaldi soil bat izaten, suposatu dezatela emozioei dagokionez bidaia musikal bat. Uste dut lortzen dugula. Horrek ez du esan nahi kantu geldoak direnik denak. Diskoan hasieran dantza lasaiago daude eta gero «aireratu» egiten da eta erritmo biziagoak daude kantuetan.

Kantu berriak prestatu dituzue? Bigarren diskorik izango al da?

Bai. Egunotan ematen ditugun kontzertuetan ere ari gara jendaurrean kantu berriak aurkezten. Buruan dugu bigarren disko baten ideia, gauzak lasai hartzen ari gara, kontzertu asko emango bagenitu ez genuke denbora gehiegi izango kantu berriak lantzen joateko. Bi gauzak egin nahian gabiltza, ea nola bateratzen ditugun biak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!