Itxaso Erasunek ezin izan du bere lehen txapela jantzi

Imanol Garcia Landa 2022ko irailaren 27a

San Mateo torneoko finala jokatu zuen Aldairekin batera zizurkildarrak, Arrizabalaga-Capellanen aurka 20-22 galduz.

Oraingoan ere ez da posible izan Itxaso Erasun pilotari zizurkildarrarentzat txapela janztea. San Mateo torneoko finala jokatu zuen larunbatean, Amaia Aldai aurrelari zuela, baina azkenean bi tantorengatik Olatz Arrizabalaga eta Andrea Capellanen aurka galdu egin zuen. «Konfiantza gutxirekin hasi nintzen partidan, eta hasieran tarte pixka bat lortu zuten», esan du Erasunek. «Baina ez genuen etsi, lanean segi eta partidari buelta ematea lortu genuen. Gero, gutxigatik, bi tantora geratu ginen, eta pena bat izan da».

Capellan errioxarrak etxean jokatu zuen. «Oso denboraldi ona egiten ari da eta bagenekien oso aurkari gogorra izango zela. Etxean jokatzen ari zen, eta afizioa bere alde zegoen, baina uste dut bertaratu zen jendeak guztiak animatzeko tartea hartu zuela». Jende ugari izan zen Logroñoko Adarraga frontoian. «Giro oso polita sortu zen, eta harmailak beteta ikustea oso polita izan zen. Esan digutenez, mutilen jaialdian bezain betea izan zen, eta hori guretzako aberasgarria eta oso polita izan zen», esan du Erasunek, eta gaineratu: «Pixkana ikusten ari da emakumezkoen pilotak ere indarra duela, jokatzen dakigula, eta uste dut San Mateo torneo honetan jendea harrituta geratu dela emakumezkoek zenbat hobetu dugun eta zer maila emateko gai garen ikusita». Erasunek ia urtebete darama pilotan jokatzen, eta final batzuetan parte hartu arren, oraindik ez du lortu txapelik janztea.

Bestalde, Miren Larrarte bidaniarrak hirugarren postua lortu zuen, Uxue Oses atzelari zuela, 18-14 irabaziz Madalen Etxegarai eta Nora Mendizabali.

Argazkiak: EMAKUME MASTER CUP

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!