Euskara hutsean bizi nahi dutenentzako ikastaroa jarriko da martxan urrian

Ataria 2022ko ira. 22a, 11:59

Tolosan izango dira saioak, bederatzi guztira, urriaren 5ean hasi, eta abenduaren 14ra bitartean, asteazkenero, 18:00etan.

Galtzaundi Euskara Taldeak beste hainbat euskara elkarterekin, Topagunearekin eta Soziolinguistika Klusterrarekin euskaldunon ahalduntze eskola jarriko dute martxan aurtengo udazkenean. Euskaraldian Ahobizi izateko erronka hartzen duten askok ezin izaten dute nahi duten leku guztietan euskaraz egin, askotan, «besteak zer pentsatuko duen» beldurrez, edo «orain ere euskararen gaiarekin tematuta» dagoela pentsatuko dutelakoan.

Joera orokortua da hori, eta euskaldunak ahalduntzeko eskolan euskara hutsean bizitzeko erremintak eskainiko dizkiete bertan parte hartzen dutenei. Tolosaldeko kasuan Tolosan izango dira saioak, bederatzi saio guztira, urriaren 5ean hasi, eta abenduaren 14ra bitartean, asteazkenero, 18:00etan. Ordu eta erdiko saioak izango dira, eta bi parte izango ditu saio bakoitzak: batetik, norberak dituen hizkuntza-gatazkak partekatuko dira, horietan sakonduko da, eta merezi duten garrantzia emango zaie; bestetik, berriz, kontatzen diren pasadizo eta egoera horietan oinarrituz egoera horietan euskaldunoi gertatzen zaizkigun zenbait gauzen azalpenak emango dira, egoera horietan hobeto moldatzeko gakoak emango dira, eta bederatzi asteetan apurka-apurka urratsak ematen joango dira kideak.

«Euskaraldia dugu aurtengo udazkenean, eta bertan egiazko Ahobizi izateko baliabide gehiago izango ditu ikastaro honetan parte hartzen duenak. Ikastaroa ez dugu Euskaraldia dela-eta sortu, baina elkarri laguntzen diote», azaldu dute Galtzaunditik.

Bai iaz, baita aurtengo udaberrian ere, Galtzaundik bi talde dinamizatu ditu. «Talde horietan kideen bizipenetan jarri dugu arreta batez ere; urritik aurrera egingo den ikastaroan honetan, berriz, Soziolinguistika Klusterrarekin landutako edukiei esker, bizipen horiei azalpen zehatzagoak emango dizkiete, eta egoera deseroso horietatik ateratzeko gako gehiago eskainiko dituzte».

Ikastaro honen helburua da norbera lasaiago bizitzea, hizkuntzaren inguruko kezka gutxiagorekin bizitzea, eta leku guztietan lehen hitzak euskaraz egin eta kontzientziako kargarik ez izatea. «Euskaldunok egunerokoan bizitzen ditugu egoera deserosoak, ulertuko ote gaituzten zalantza egiten dugu, nahi ez dugun arren gazteleraz hasten gara askotan, eta horrek guztiak gure umorean eragina dauka», adierazi dute Galtzaunditik.

Ikastaroan izena emateko, formulario hau bete beharko da, eta informazio gehiago nahi duenak, deitu dezala 688 73 84 17 telefonora.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!