Eukene Larrartek Bartzelona Hiria Nazioarteko Saria irabazi du omniumean

Ataria 2022ko irailaren 22a

Valentina Scandalora, Eukene Larrarte eta Tania Calvo. NATASCHA V. CHEKANNIKOVA

Txirrindulari tolosarrak Tempo Race proba irabazi zuen, eta beste hiru probetan bigarren egin zuen.

Asteburuan izan zen jokoan Hortako Belodromoan 18. Bartzelona Hiria Nazioarteko Saria - IX. Miquel Poblet Oroimenezkoa, eta Eukene Larrarte tolosarra podiumaren lehen postura igo zen omniumean, 142 puntu lortuz. Scratch proban bigarren postua lortu zuen, ondoren Tempo Race proba irabazi zuen, eta gero bigarren egin zuen kanporaketa eta puntuazio probetan. Bigarren Italia Team taldeko Valentina Scandolara (121 puntu) izan zen eta hirugarren Laboral Kutxako Tania Calvo (119). Naia Amondarain ibartarrak ere parte hartu zuen, eta 17. postuan bukatu zuen, 26 puntu eskuratuz.

Munduko Txapelketara begira

Urriaren 12tik 16ra pistako Munduko Txapelketa izango da, Parisen. Aste honetan Espainiako selekzioa egonaldia egiten ari da Valentziako Lluis Puig belodromoan eta bertan daude Eukene Larrarte eta Naia Amondarain.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!