'Nire frutak zuretzat', euskararen presentzia areagotzeko

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 20a, 20:00

Ibarrako, Tolosako eta Villabonako 27 fruta-dendak hartuko dute parte kanpainan. Horrez gain, urriaren 3tik 28ra fruta sortak zozketatuko dituzte.

'Nire frutak zuretzat' kanpaina aurkeztu dute ekimena sustatu eta zuzenean aurrera aterako duten protagonistek, fruta-dendariek. Ibarra, Tolosa eta Villabonako udalen eta merkatari elkarteen izenean, Amaya Doyague eta Garikoitz Goikoetxeak hitz egin dute, hain zuzen ere, Galtzaundi eta UEMAko kideek. Kanpainaren helburu nagusia fruta-dendetako karteldegietan euskara bermatzea dela azaldu dute: "Horretarako, eta bidea egiten laguntzeko, baliabideak eta bitartekoak eskaini zaizkie parte hartzaileei". Doyaguek zehaztu duenez, "Produktuen etiketak eta kartel informatiboak banatu zaizkie dendariei, elikagaien ondoan jar ditzaten. Kartel orokorrak, berriz, dendak eman beharreko informazioa euskaraz eman ahal izateko eskaini dira. Orain, gure fruta eta barazki askoren izenak euskaraz ere irakurri ditzakegu". 

Garikoitz Goikoetxeak azaldu duenez, hizkuntza paisaiari ere garrantzia eman nahi izan zaio kanpainarekin: "Saltoki bateko erakusleihoko hizkuntza paisaiak, bezeroak hizkuntza batean edo bestean komunikatzera gonbidatzen ditu. Gure eguneroko erosketak euskaraz egin ahal izateak, euskara paisaia linguistikoan ikusteak, balioan jartzen du euskara. Garrantzitsua da euskarak geroz eta espazio gehiago hartzea".

Herritarrei begirako kanpaina

Galtzaundiko eta UEMAko kideen esanetan, herritarrek ere kanpainan parte hartzeko aukera izango dute. Urriaren 3tik 28ra, kanpainan parte hartuko duten 27 saltokietan barazki eta fruta sortak zozketatuko dira. Spot bat ere egin dute ekimenaren sustatzaileek. Tolosako eta Villabonako zinema aretoetan eta sare sozialetan egongo da ikusgai, baita www.ataria.eus-en ere.

"Kanpainarekin, herriko saltokiek eta kasu honetan fruta-dendek gure herriaren garapenean duten eragina nabarmendu nahi da, euskararen erabileran ematen ari diren pausuak txalotzeko", esanaz amaitu dute aurkezpen ekitaldia sustatzaileek.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!